GARA
DONOSTIA

Gatibu: «Jo gabe egotea gogorra izan da eta oso polita izango da ostiralekoa»

Urte berezia da hau Gatiburentzat, 20 urte bete ditu oholtzetan eta hori ospatzea zen udaberri honetako asmoa. Koronabirusak, ordea, gainerako musika taldeen kasuan bezala, akorde eta baketa kolpe oro isildu du, «luzea egin zaigu, musikari batentzat hiru hilabete jo barik eta entseatu barik... oso gogorra izan da». Gaizka Salazar bateria jotzaileak NAIZ Irratian aurreratu du «kristoren gogoagaz» daudela ostiraleko NAIZ Kontzertuen emanaldirako, «berriz entseatzen hasteko balio izan digu ostiraleko kontzertuak, lagundu digu gure etxeko konfinamendutik atera eta berriro musikak ematen digun zirrara hori pizteko».

Martxoaren 28an zuen urteurreneko hitzordu nagusia Gatibuk. Haimar Arejita, gitarra: «Urteurreneko ekitaldi nagusia pikutara joan zaigu, egia esan, amorru handiz atzeratu behar izan genuen eta ea urriaren 31n lortzen dugun egitea».

Hatz, gerri eta bihotzak berriz ere astintzeko aitzakia eskainiko die, beraz, Gatibukoei eta zaleei ostiraleko kontzertuak; formatua ez da ohikoa eta emaitza ere berezia izango dela aurreratu du Salazarrek, «astelehenean egon ginen entseatzen eta set-lista adosten, inoiz ez da erraza eta ostiral honetakoa ez da ohiko kontzertua, saiatuko gara gure 'hit' ezagunenak jotzen eta kantu zaharren bat ere egongo da».

Zaleen aurpegia ikusi gabe

Ostiralean 22.00etatik aurrera ikusi ahalko da Gatiburen kontzertua NAIZen. Berezia izango da, besteak beste, ikusle gehienak etxean izango direlako. Giroa sortzeko arazoa izan daiteke hori? Ezetz uste du Gaizka Salazarrek. «Alexi utziko diogu hori, bere dantzekin ez da problemarik izango», dio umorez, «gainera gogo itzelak dauzkagu jotzeko, ni behintzat desiratzen nago ostirala iristeko eta ahalik eta gogorren jotzeko, denon artean sortuko dena oso polita izango da».

Sarrerak eta aurretiko saioa

Naiz.eus/Naizkontzertuak webgunean eskuratu daitezke Gatiburen ostiraleko kontzerturako sarrerak, baita hurrengo asteetan izango diren Nøgen (ekainak 12), Zetak (19), Huntza (28) eta ETS (uztailak 3) emanaldietarako ere (5na euro). Bonu bereziak daude (20 euro), baita elkartasun sarrerak ere eta harpidedunek erdi-prezioan eskuratu ahalko dituzte.

Kontzertua 22.00etan hasiko den arren, 21.30ean hasita NAIZ Irratiaren eskutik kontzertuaren aurretiko emanaldia jarraitu ahalko da, hau irekian, NAIZen sare sozialetan. Motorrak berotzeko emanaldia izango da, gau horretako taldearen ibilbideari errepasoa eginez.

Kontzertua, zuzenean ez ezik, sarrera erosi dutenentzat ikusgai izango da hurrengo 48 orduetan ere.