Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Hezkuntza: zerbitzu publikoa, kode publikoa

Covid-19aren krisiak hezkuntza ez-unibertsitarioan izan duen eragina ertz askotatik aztertu da dagoeneko. Hezkuntzak, zerbitzu publiko gisa, aukera berdintasuna bermatzeko funtzioa ere baduen neurrian, zentroak itxi zirenetik gaurdaino hezkuntza komunitateko kide gisa izan ditugun bizipenak oso norberarenak dira. Irakasle guztiek ez dute berdin bizi izan, ezta zentroetako zuzendaritza talde guztiek ere. Ikasle bakoitzak ere bere bizipen propioa du, eta bakoitza bere motxila propioarekin egongo da irailean. Eta zaintza ardurak izan dituztenek ere berdin, kasu batzuetan telelanarekin, beste batzuetan enplegu erregulazio edo galerekin nahastu baita eskola. Leku eta ordu berean. Baita espazio fisiko berean ere, telelanaren kasuan. Covid-19ak ezberdin eragin du pertsona bakoitzarengan. Eta bizipen horiek guztiak zaindu egin beharko dira, egungo ikasturtea itxi eta datorrena diseinatzerakoan.

Bizipen horietako batzuek teknologiaren halabeharrezko erabilerarekin lotura zuzena dute. Bizipen zailen kasuan, batez ere, baliabide, alfabetizazio edo koordinazio faltagatik, ziur aski. Baina baita enpresa teknologiko estatubatuar erraldoien zerbitzuen erabileran eman den jauzi kualitatiboagatik ere. Burujabetza teknologikoaren begiradatik software librearen aldeko apustu baten beharra are agerikoagoa eta presazkoagoa bilakatu da. Baina egin beharreko bidean malda handitu dela ere sentiarazten du.

Teknologia ez da neutrala. Eta teknologia bat edo bestea erabiltzea erabaki bat da. Konpetentzia digitala garatzeko estrategia ezberdinak egon daitezke. Eta hezkuntza, zerbitzu publikoa den heinean, teknologia libreetan oinarritu behar da. Aukera berdintasuna, teknologian, teknologia libreen eskutik etor daitekeelako soilik.

Bizipenei lekua eman eta burujabetza teknologikorako hezkuntza irudikatzeko helburuarekin, “Hezkuntzan librezale: zerbitzu publikoa, kode publikoa” topaketak (https:// labur.eus/hezkuntzan-librezale) antolatu ditu Hezkuntzan Librezale taldeak, ekainaren 11 eta 18an. Hartu tartea.