Amalur ARTOLA

Identitateak, atakak eta mundu ero baten aurreko eldarnio logikoenak

Ihesaldi antzuak. Identitate finkagaitzak. Boomerang efektua duten ataka zaharrak. Errealitate aldrebesaren aurreko eldarnio logikoenak. Horiek guztiak eta beste hainbat dira Julen Belamunok «Hotz industriala» (Susa) ipuin bilduman proposatzen dituen bost ipuinetan jorratzen dituen gaiak. Irakurlea geruzaz geruza barneratzen du ipuinetan Belamunok, estilo pausatuz, egoeraren argazkia osatzeko piezak bereganatu eta bere ondorioak atera ditzan.

Itxura batean elkarren arteko loturarik ez duten bost ipuin bildu ditu Julen Belamunok “Hotz industriala”, Susa argitaletxearekin argitaratu duen ipuin bilduma berrian. Itxura batean, diogu, autore azpeitiarraren estiloak eta tematika aldetik konstante batzuk markatutako ipuinak baitira bostak.

«Ez dago gai orokor bat ipuinak biltzen dituena, baina badaude konstante batzuk: identitatearen arazoa, beste norbait izateko gogoa dago, eta pertsonaiak ataka estuetatik pasatzen dira, bukaeran tragediarik edo amaiera ilunik ez badago ere. Eldarnio edo haluzinazio giroa ere badago bi ipuinetan», aurreratu zuen Belamunok liburuaren aurkezpenean eta, banan-banan, ipuin bakoitzaren erradiografia eskaini zuen.

“Hotz industriala”, bildumari izena ematen dion ipuina da liburua irekitzen duena. Kamera frigorifikoak konpontzen lan egiten duen Lezeta da ipuineko protagonista: zorabioak agertu zaizkio, gero eta sarriagoak, eta ipuinean zehar protagonistak aurre egin beharko dion tentsio giroa marrazten dio irakurleari Belamunok. «Bera eta bere lankidearen artean dagoen tentsioa islatzen da ipuinean, eta pixkanaka beste arazo bat ere azaleratuko da: Lezetak etorkin batekin duen harremana eta horrek sortu dizkion problemak».

Bigarren ipuinean, “Desagertuaren oroi-grina” izenekoa, Alemaniako hiri «galdu xamar» batera eramango du irakurlea, 80ko hamarkadan hara ihes egin zuen Martinen istorioa kontatzeko. Desagertzeko bulkadaz joan zen Alemaniara Martin, arrastorik utzi gabe desagertu zelakoan, baina herrikide baten bisita jasoko du: «Mundutik eta iraganetik erabat aparte bizi da, baina euskaraz idatzitako gutuna jasotzean iraganaren buelta moduko bat biziko du. Gutuna neska gazte batena da, 30 urte ingurukoa, eta hor hasiko dira ateratzen Martin Alemaniara eraman zuten arrazoiak», bota zuen amua autoreak.

“Belarriko gaitza” da, proposamen aldetik bederen, ipuin aztoragarrienetakoa. Belarriko minez espaloian farmazia noiz ireki zain dagoen artista da protagonista. Zain dagoela, beste aldeko espaloian bere antz handia duen gizon bat ikusiko du. «Ispilu funtzioa beteko du pertsona horrek. Antz fisikoaz gainera, biak dira artistak, eta protagonistaren ibilbidea joango da azaleratzen, porrot handia jaso baitu, baita aurreko harreman bat ere», azaldu zuen Belamunok, eta ipuinak «haluzinazio puntu bat» ere baduela aurreratu zuen, protagonista hartzen ari den botikei lotuta.

Ataka moral baten erdira darama irakurlea laugarren ipuinean, “Amaren errautsak”, Belamunok. Bikote batek etxe bat erosi du Errioxan eta senarrak lursail bat aldatzeko proiektua du esku artean. Ekimen horrek talka egiten du aurreko jabeen semearen nahiarekin, bere amaren errautsak hantxe baitaude. Ipuinean, etxea erosi berri duen bikoteko emakumea mintzatuko zaio irakurleari, lehen pertsonan: «Ipuin honetan bi lerro edo ildo daude. Batetik emakume horrek bere senarrarekin duen harreman tirabiratsua dago eta, bestetik, hildako emakume horren semearekin konplizitatea», aurreratu zuen Belamunok.

Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen hitzetan, lehen lau hauek pertsonaien inguruan eraikitako ipuinak dira, «eta askotan pertsonaien pentsamenduaren inguruan. Pertsonaia nagusiak beste pertsonaia batekin duen harremanak mugitzen du kontakizuna, horren bidez azaleratzen da zama, edo mina».

Erromako margolaria

Azken “ipuina” da denetarik luzeena (65 orrialde ditu). Estilo zurrunagoz idatzia, suspensearen mailak gora egiten du Belamunok “Ahaztutako pintoreak” izendatu duen narrazio honetan. Hariak Euskal Herritik Italiara garamatza. Antso Jakituna Fundazioan lan egiten duen teknikariari kontsulta bitxi bat iritsi zaio Italiatik: XIX. mendeko margolan batzuk aurkitu dituzte pintore eskola izandako jauregi zahar batean eta informazioa eskatuko diote, eskola horretan ba omen zelako pintore euskaldun bat. «Protagonistak nahiko koadro bereziak egiten zituen garai horretarako, bere estiloa surrealista eta apurtzailea zen. Bi protagonistak dira artistak eta biografia nahiko antzekoak dituzte. Hemen ere, iragan urrunagoko kontuak joango dira ateratzen», aurreratu zuen Belamunok. Ipuin honek badu beste berezitasun bat: ipuinaren barruan beste ipuin bat dago, pertsonaia bat idazten ari dena.

Bost narrazio hauen bidez, pertsonaien kezka eta buruhausteetatik gidatzen gaitu idazle azpeitiarrak eta, amaiera zoriontsurik ez dagoela aurreratzen badu ere, egoera berrietarako ateak irekitzen direla azaldu du: «Aukera berriak irekitzen dira, bizimodu berrietara joateko. Bukaera itxaropentsuak daude, baina ez dira happy end-ak».