Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Muturreko jaitsiera arriskutsua Mont Blanc-eko Brenvan

Joan den maiatzaren 25ean, Edmond Joyeusaz-ek Gianni Comino eta Gian Carlo Grassik 1979. urtean zabaldutako «Poire» bidea egin zuen eskiekin. 1.500 metroko bidean, italiarrak 50º eta 65º arteko pendizei egin behar izan zien aurre. Denera, hiru rappel egin zituen.

Pandemiarekin batera, mendiko eskiko denboraldia ia amaitutzat eman genuen. Batez ere, ingurumari honetan. Alpeetan, berriz, mendi garaiek eskiak oinetan jarri eta jarduera azpimarragarriak egiteko aukera eman dute. Zalantzarik gabe, aukera hori ondo baino hobeto aprobetxatu duena Edmond Joyeusaz izan da.

Courmayeur-eko mendi gidari eta alpinista italiarrak Mont Blanceko Brenva izeneko isurian dagoen “Poire” bidea eskiekin jaitsi du. Duela 41 urte, bi alpinista italiar historikok zabaldutako marra da. Haien izenak Gianni Comino eta Gian Carlo Grassi dira. Garai hartan “Poire” bideak ospea zuen, eta orain Joyeusaz izan da eskiatu duena. Inolako zalantzarik gabe, jarduera azpimarragarri baten aurrean gaude. Izan ere, muturrekoa izateaz gain, oso-oso arriskutsua da. Eskiatzaile italiarra Poire eta Peuterey ertzen artean zintzilik dagoen serac-aren ezkerretik hasi zen. Ondoren, alpinista historiko horien bidean sartu eta 1.500 metroko desnibela duen ibilbidean 50 eta 65 gradu arteko aldatsak eskiatu zituen. Denera, hasieran, hiru rappel egin zituen. Jardun hori joan den maiatzaren 25ean egin zuen.

Jaitsiera honen inguruan luze eta zabal hitz egingo du baina, lehenik eta behin, bi lerroburu eman dizkigu: «Brevaren lepora helikopteroz iritsi nintzen. Itxialdia zela-eta ez nengoen behar bezain sasoiko, eta izaera honetako jardun bat egiteko batez ere burua bere tokian behar duzu izan. Lepo horretatik tontorrera eskalatu nuen. Hitz gutxitan esanda, jaitsiera hori beldurgarria da; egundoko hutsunea du! Brenva izeneko isuria ezagutzen dutenek jakin badakite zer esaten dudan. Nire etxetik Peuterey ertza ikusten dut, eta egin berri dudan jaitsiera hau aspaldiko amets bat zen. Berez, hurrengo urterako programatua nuen, baina ezin izan nion gogoari eutsi».

Protagonistak aipatu duenez, “Poire” bidea ez zuen aurten helburu; izan ere, Valais-en “Swiss4000SteepSki” izeneko proiektuan buru-belarri zebilen. Baina covid-19aren birusa iritsi eta asmo hori bertan behera utzi zuen. Konfinamenduaren garaian Suitza itxi zuten. Eta horrek “Poire”-ra joatera bultzatu zuen: «Bide hori Mont Blanc-eko gailurraren azpian dagoen arrokazko sekzio bat da. Behetik begiratzen baduzu, udare forma du. Zalantzarik gabe, Brenvako aurpegia Mont Blanc-eko basatiena eta malkartsuena da. Himalaiako makina bat paretak ez diote itzalik egiten. Horma horretan alpinista historiko indartsuenek goi mailako bideak zabaldu zituzten; hots, mendizaletasunaren historian berezko lekua dutenak».

Jardun hori egin aurretik, eskiatzaile italiarrak Comino eta Grassiren marra maiz aztertu du. Ibilbide egokiena eta “seguruena” hautatu behar zuen, eta lan horrek buruhauste handiak eman zizkion. Izan ere, oso tentea, teknikoa eta arriskutsua da. Horregatik guztiagatik, italiarra aurrekaririk ez duen jaitsiera bikain bat egiteko gai izan da. Hurrengo lerrootan, Joyeusazek “Poire” bidean izaniko esperientziaren berri emango digu.

«Poire»

«Joan den maiatzaren 25ean, Mont Blanceko gailurrean hotz handia egiten zuen: -15°. Haizeak mendebaldetik jotzen zuen; une jakin horretan, gainera, 30 kilometro orduko abiadurako haize-boladak zeuden. Elurra, berriz, ez zen gogorra. Lehen aldatsak ez dira pikoak, eta beldurra nuen tenteenekin nola moldatuko nintzen. Nire azken entrenamendu saioan ohartu nintzen ez nintzela oso sasoiko iritsi, eta zalantzak nituen sekzio bertikalenekin. Covid-19ak entrenamenduak ondo izorratu zizkidan. Courmayeur-eko Mont Blancetik aurrera aldatsak tente jartzen dira. Lehen serac-a saihestu, kanal piko bat eskiatu eta Poireren ezkerretan dagoen serac-era heldu nintzen.

Une jakin horretan aurrean duzun ikuspegia dotorea da. Batez ere, giroa: zirraragarria da! Serac-aren lodiera 300 metrokoa da, eta ohartzen zara izotz horien artean hutsaren hurrengoa zarela. Hamar solairu dituen izotzezko eraikin hori edozein unetan eror daiteke. Eta hori gertatzen bada...

Jarduerari ekin aurreko egunetan drone batekin serac horiek eta kanalak aztertzen aritu nintzen. Baldintzek egokiak ziruditen, baina jaitsieraren bezperan ipar-mendebaldeko haizeteek baldintza horiek kaskartu zituzten. Elur asko eraman zuen, eta, horren ondorioz, izotza nonahi agertzen zen. Egoera ez zen batere samurra, eta jaitsiera oso arriskutsua eta zaila bihurtu zen.

Lehen serac-a gainditu ondoren, ezin duzu bide horretatik ihes egin. Erabat harrapatuta zaude, eta irteera bakarra jaisten jarraitzea da. Edo berriro sekzio horiek eskalatzea. Serac-aren behealdea garbi zegoen; hots, apenas zegoen elurrik.

Eskiatzeko aukerarik ez zegoenez, soka atera eta rappel batzuk egin behar izan nituen. Denera, 120 metro. Ondoren, elurrezko ‘mihi’ estu bati egin nion aurre. Oso-oso estua zen, nire eskiak ia ez ziren sartzen eta eskiatzeko zailtasun ikaragarriak izan nituen.

Kanal hori jaitsi eta gero, Angle izeneko zutoinaren oinarrira heldu nintzen. 1.500 metroko desnibela duen jaitsiera izan zen. Nire ibilbidean inoiz egin dudan gogorrena. Aldats tente iraunkorrak ditu. Horietariko asko, 55 gradutik gorakoak, eta sekzio batzuk, 60 gradukoak.

Onartu behar dut jaitsiera hori egin ondoren, pozarren nengoela. Presio guztia, zama guztia, kendu nuen gainetik. Oso harro nago eginiko muturreko jaitsiera arriskutsu horrekin. Eta batez ere, Mont Blanceko isuri horretan ‘arrastoa’ uzteko aukera izan dudalako. Brenvako isurian jardun duten eskiatzaile guztiek jakin badakite hura jaisteak buruari asko eskatzen diola. Fisikoki eta teknikoki goi maila izan dezakezu baina, nire uste apalean, ‘Poire’ marran egin dudan jaitsieran buruak lehentasuna du.

Nik alpinista italiarren bide mitiko hori eskiekin jaitsi dut, eta uste dut nire lorpena nire aurretik Brenvan jardun dutenenen emaitza izan dela. 70eko hamarraldian egin ziren lehen jaitsiera azpimarragarriak. Muturreko jaitsieretako espezialistek abentura handiak bizi izan zituzten.

Adibidez, 1973. urtean, Heni Holzer tiroldarrak Brenvako ezproia jaitsi zuen. Handik lau urtera, Patrick Vallençant eta Anseme Baud frantziarrek Peutereyko ertza eskiatu zuten. 1978. urtean, berriz, helikoptero batek Toni Valeruz Mont Blanc-eko gailurrean utzi zuen. Helburua Brenvako couloir nagusia jaistea zen. Eta lortu zuen. Hain zuzen ere, ‘Major’ eta ‘Sentinella Rossa’ bideen artean ‘zirrikitua’ aurkitu eta jaitsi zen.

Ez dut ahantzi nahi 1979an Gianni Comino eta Stefano Benedetti italiarrek eginiko goi mailako jarduera. Alpinista eta eskiatzaile hauek ‘Major’ ezproitik jaitsi ziren.

Eta, azkenik, 80ko hamarkadara egingo dut salto. Edonork ezagutzen du Pierre Tardivel. Bada, frantziarrak, 1988an, Angleko zutoina jaitsi zuen. Helikoptero batek gailurrera eraman zuen. Nik horien bideari jarraitu diot».