Maddi TXINTXURRETA

AMATASUNAREN «INSTITUZIOA» HAUTSI, AMA IZATEA ASKATZAILEA IZAN DADIN

Amatasunaren esanahi politikoa eztabaidagai da oraindik. Feminismoek ama ez izateko eskubidearen alde borroka egin dute historikoki, baina orain amatasuna politizatu eta praktika emantzipatzaile bat izan daitekeela defendatzen dute batzuek.

G ehiago dakigu arnasten dugun aireaz eta zeharkatzen ditugun itsasoez, amatasunaren esanahiaz baino». Hori zioen Adrienne Rich (Maryland, 1929-Kalifornia, 2012) idazle feministak. Amatasuna aski teorizatu gabeko «instituzioa» izaki idatzi zuen, 1976an, orain berrogei urte pasa jada, “Emakumeagandik jaioak. Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa” saiakera literarioa, eta Maialen Berasategi itzultzaileak euskarara ekarri du, Txalaparta argitaletxearen eskutik.

Lau urtez ikertzen aritu ostean, eta –ama ere bazenez gero– bere esperientziatik tiraka, testuinguru sozial baten eta instituzio politiko baten barruan kokatu zuen amatasuna; hots, bere hitzetan, «ikuspegi feminista batetik begiratuta» aztertu zuen. Eta, orain berrogei urte idatzitako lana izanagatik ere, gaur-gaurkoa suertatzen da amatasuna kontzeptuz gorpuzteko eta teoriaz puzteko beharra.

Pertsonala politikoa dela dioen printzipio feminista abiapuntutzat hartuta, amatasuna zentzu emantzipatzailean politizatzea erronka bat izan liteke, oroz gain kontuan hartzen badira instituzio patriarkalek historikoki egin dituzten saiakerak emakumeak amatasunaz desjabetzeko, dela amatasuna bera santutuz dela zalantzan jarriz. Horrela azaltzen du Txalapartak Richen liburuan areago lantzen den amatasunaren kontzeptuaren bide historikoa: «XIX. mendean sendotu egin zen emakumea etxeko aingerua delako ideia, publikoaren eta pribatuaren bereizketan sakonduz. Geroago, XX. mendearen hasieran, bi jarrera muturreko nagusitu ziren: batetik, emakumeak zeinahi proiekzio politikoz gabetzen zituen diskurtsoa, eta, bestetik, narratiba horrek emakumeei zekarkien patua gaitzesten eta amatasuna menderakuntza-estrategia gisa ikusten zutenak. Bi jarrera horien artean, 50eko eta 60ko feminista batzuek amatasunaren gaiari beste ertz batzuetatik begiratzeko eskatzen zuten, sumisio hutsetik eta uko erabatekotik landa».

Emakumeek ama ez izateko eskubidearen alde borroka egin zuten suharki, amatasuna patriarkatuak emakumeak kontrolpean izateko historikoki erabili duen tresna baita. Horregatik, feminismoaren baitan deserosoa suertatu izan da amatasunaren inguruko eztabaida. Alta, orain, amatasunaren esperientzia nola bizi nahi den erabakitzera ere bideratu dira helburuak. Ama sakrifikatuen iruditeria hautsiz, haurrak hazi eta heztea emakumearen xede bakar eta behinena dela dioen mantra alboratuz.

Maialen Berasategi itzultzaileak dio ama izatea «emakumeen loria goren zoragarria» edo emakumeen «esklabo-madarikazio latza» izatera sinplifikatzen duen dikotomiari «ihes» egin nahi dion liburua dela Adrienne Richen “Emakumeagandik jaioak. Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa”.

Hala, kontua ez da ama izatea idealizatzea, eta amatasuna ontzat hartzea emakumea haurren zaintza eta lan merkatua bateratzen saiatzen sakrifikatzen bada, baizik eta amatasunaren balio sozial, politiko eta ekonomikoa aitortzea, azken hau sistematikoki ukatu baita, estrategia desberdinak baliatuz. Kasurako, historikoki emaginak emakumeak izan diren arren, autoritate medikoek emakumeen fisiologiari buruzko ezagutza nola «bahitu» zuten azaltzen da Richen liburuan, eta nola emaginen jarduna gizonezko medikuen esku laga zen, «emakumeei erabakitzeko aukera beste behin ukatuz».

Helburuetako bat da, hortaz, demostratzea ama izatea ez dela iskin egin ezin zaion patua, baizik birpentsatu daitekeen instituzio bat, praktika emantzipatzailea izan daitekeena. Amatasuna, beraz, oraindik ere eztabaidan dago.

Ama izaerari politikotasuna aitortzeak, gainera, familia nuklearraren, emaginen rolaren edo emakumeen gorputzen despolitizazioaren eztabaidak azaleratzen ditu ezinbestean. Familia nuklearrari dagokionez, kristautasun fundamentalistak familia eredu bakarrari esleitzen dion santutasuna salatzen du Richek, indibiduoak baztertzen baitzituen familia entitate oso gisa aurkeztuta.

«Emakumeen historia ulertzeko, funtsezkoa da onartzea —mingarria suertatu arren— horixe dela gizadiaren gehiengoaren historia. (...) Historia, orain arte idatzi eta ulertu den bezala, gutxiengo baten historia da; beraz, azkenerako agian, gutxiengo hori izango da benetan ‘azpitaldea’», dio Gerda Lerner historialari, idazle eta ekintzaile feministak.

Auzi kolektiboa

Covid-19ak familiak etxeetan ixtera eraman dituen honetan, amatasunaren eztabaida feminista etxeetara sartzeak garrantzi berezia hartu du, baina ez arazo pribatu gisa, baizik auzi kolektiboa dela onartuta.

Berasategik horrela aurkezten du Adrianne Richen lana: «Oharturik amatasunarena auzi kolektiboa dela eta ez kontu indibidual bat, Richek galdera funtsezko hau planteatzen du izenburutik bertatik: zerk bereizten ditu amatasuna eta amatasunaren instituzioa? Zeren, den bezain behialakoa izanik ere, amatasuna bera deskubritzeko baitago oraindik, Richen ustez: instituzioaren arauen distortsioak, orain arte, apenas utzi digun asmatzen ama izateko bestelako modu zinezko, onuragarri eta askotariko batzuk. Horrexegatik, desegitekoak desegin eta bide berriak urratzeko zenbait arrasto aurkituko ditu irakurleak liburu honetan, lezio emateko inolako xederik gabeak betiere».