Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Action Directe» mitikoaren lehen igoera femeninoa

Melissa Le Neve eskalatzaile frantziarra bide hori igotzen hogeita zazpigarrena izan da. Denera, Frankenjuran (Alemania) dagoen marra horretara sei urtean zehar joan-etorriak egin ditu.

Egun, 9a zailtasuneko bide bat emakumezko batek egitea ohikoa da. Maila gorena 9b da, eta hori lortu duena Angela Eiter izan da, duela pare bat urte “La planta de Shiva”-rekin. 9a+ ere batzuek-batzuek igo dute. Eta, esan dugun bezala, 9a egin duen neska kopurua handitu da. Hain zuzen, 26 dira bederatzigarren esferan sartu direnak.

Baina “Action Directe” kateatzeak beste irakurketa bat du. Eta azalduko dugu. Berez, Wolfgang Gullich alemanak egin zuen marra horren lehen igoera. 1991. urtean izan zen hori. Gullich-en ibilbidea ezagutzen duenak jakin badaki, besteak beste, indar handia (erabateko potentzia) eskatzen duten bideetan espezialista handia zela. Eta “Action Directe”-k ezaugarri horiek ditu. Oso-oso laburra da, baina muturreko mugimenduak eta sekuentziak ditu. Ia denak hatz bateko edo biko heldulekuak dira.

Ordutik, bide historiko horrek 26 igoera izan ditu; guztiak gizonezkoek lortutakoak. Baina, maiatzaren amaieran Le Nevek historia egin zuen ikono hori lortuta. Hots, lehen igoera femeninoa erdietsi zuen. Beste modu batean esanda, frantziarrak tabu bat hautsi du. Erakutsi du emakumezkoak ere gai direla indar handia eskatzen duten marrak eskalatzeko.

“Action Directe” munduko lehen 9a gisa aurkeztu da, eta urte luzez eskalatzaileen kolektiboak horrela hartu du. Baina “Hubble”-ri + bat gehitu edo eman zitzaionetik, bi bide horiek ohore hori erdiesteko “borrokan” jardun dira.

Protagonista honek Frankenjurako bide horretan izan duen prozesuari dagokionez, esan beharra dago xede hori biribiltzea asko kostatu zaiola. Denera, sei urtetako joan-etorriak izan dira: «Gullich. Lehen 9a. Legenda. Egin ditudan bisita guztietan asko ikasi eta gozatu dut. Gullich-ek asko inspiratu nau, eta onartu behar dut kristoren borroka izan dela. Baina, era berean, amodiozko istorioa ere bai. Eta, hain zuzen ere, hori da eskaladan bilatzen dudana. Momentu jakin hori itxaroten urteak egin ditut. Soka katetik pasatu nuenean, erabat emozionatu nintzen. Prozesuarekin erabat maitemindu naiz: puzzlea askatu, saltoak zehaztu… Obsesioa pazientzia bihurtu zen. Erabateko konpromisoa izan da. Eta, jakina, gorabehera handiko prozesua».

Lehen 9a

Zalantzarik gabe, nahiz eta bere aurretik beste 26 gizonezkok “Action Directe” kateatzea lortu duten, 30 urteko frantziarrak historia egin du. Izaera horretako bide bat sinatu ondoren, bederatzigarren esferaren ate handitik sartu da. Eta, gainera, bide mitiko bat igo eta gero.

15 urterekin hasi zen eskalatzen, eta, arrokan baino, bere izena lehiaketetan asko entzun dugu. Titulu ofizial batzuk-batzuk irabazi ditu, baina duela lau urte zirkuitu horretatik kanpo geratu zen. Hau da, lehiaketak betiko utzi zituen.

Arrokan, berriz, maila ederra lortu du. Boulderrean, adibidez, gai izan da 8b+ zailtasunera iristeko: “Mecanique elementaire” (Fontainebleau). Eta sokarekin, “Action Directe” baino lehen 8c+ batzuk egin zituen.

Beraz, 9a-n egin duen debuta berezia izan da oso. Bide ikoniko hori probatzen ari zela, ondoan Fabian Buhl izan du. Batez ere, horma luzeetan espezialista den eskalatzaile hori frantziarraren bikotekide, entrenatzaile eta “babeslea” da.

Horregatik guztiagatik hitz onak izan ditu Buhlentzat: «Haren laguntzarik gabe ez nukeen inoiz arrakasta hau lortuko. Frankenjurako eskalatzaileek oso ondo hartu naute, eta eskertzen diet. Sei urte magiko izan dira. Eta, bide batez, onartu behar dut oso harro nagoela bederatzigarren mailako bide mitiko hau egiteagatik».