2020/06/10

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Otzanak
Hauteskunde deialdiaren aurkezpenean Zaldibarri buruzko galderei emandako erantzunek alarma piztu zuten: ez zegoen prest ustekaberik ametitzeko bere plangintza elektoralean

Ez da ohikoa larrialdi egoera baten kudeaketa gehiengo absoluturik ez daukan gobernu baten esku egotea, Legebiltzarraren kontrolik gabe. Egoera horretan zehar gobernuburuaren helbururik behinena Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak izateak, hala ere, onartezina izan behar luke. Baina onartu dugu, antza.

Eztabaidagarria da Urkulluren lehentasuna hori izan ote den, baina azkenaldian gertakariek ez diote bestelakorik erakusten lagundu. Kalkulu elektoralek aholkatuko zioten bozketa deitzeko erabakia hartzeko otsailean. Hori zilegi da. Baina deialdiaren aurkezpenean Zaldibarri buruzko galderei emandako erantzunek alarma piztu zuten: ez zegoen prest ustekaberik ametitzeko bere plangintza elektoralean.

Pandemia iristean hauteskundeak bertan behera utzi behar izan zituen. Tematuta segitzen zuen, ordea. Osasun-egoera larrienaren aurrean ere itxialdia malgutzeko erakutsi zuen interesak Madrilgo agintearen mende seguruago zegoela pentsatzera eraman zuen herritar ugari. 0,5 fasea etorri zen gero. Madrilen bertan jeltzaleek bultzatutako zuzenketak larrialdi egoeran bozketa-deialdia ahalbidetu zuen. Zer beste esplikazio, igande gauez berandu eta gaizki zehaztu zen erdipurdiko fase harentzat, hauteskundeak deitzeko tema baino?

Alderdi guztiak zetozen bat lehentasuna ez zirela hauteskundeak. Guztiak, bakar bat (eta Equo?) salbu. Urkulluk bereari eutsi zion, udara uztailaren erdian amaitzen dela sinetsarazi behar bazigun ere. Baloia berea duen umeak guztiok berarekin jokatzera derrigortuta gaudela uste du. Eta oraingoan zuzen dagoela dirudi. Ospitale batera joan zen batean, entzun zituen protesta batzuk. Baina ordutik isildu dira, isildu gara. Edo ez?

Galiako herrixka haren antzera Europaren bihotzean menderakaitz irudikatzen genuen herri hura otzandu da agian. Madrilek agindu aurretik ere etxerako bidea hartu genuen zintzo, eta kaleak hustu, protestak ahaztu, txaloa sustatu, isunak ordaindu, musukoa erosi eta musuak ahaztu. Orain arriskuak hartzeko prest gaudela dirudi botoa emateko. Otzanak gara. Otzandu gaituzte. Ez al da hala?