Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Alarma zer, datorrena

Pozten nau, alde batetik, bizitzan aurrera egin ahala nire txunditzeko ahalmena ez dela batere txikiagotzen egiaztatzeak; bestetik, tamalgarria iruditzen zait txundidura hori zerk eragiten didan azkenaldian, gauza onik ez, oro har.

Gertuenetik urrutienera begiratzen jarrita, agintariak zertan eta nola dabiltzan ikustea ez sinestekoa da, eta auzo-lotsa ikaragarria eragiten du beren burua jendartearen errealitatearen barruan kokatzeko erakusten ari diren ezgaitasunak. Hemen gabiltza gu bizimodu ahalik eta normalena egiten saiatzen, astetik astera zer bai eta zer ez dezakegun egin bereizteko ahalegin eskizofrenikoan –gehienbat, bai gure osasunak bai besteenak, gu bai, benetan kezkatzen gaituelako–, buruan dozenaka kezka bueltaka ditugula: lana, etxea, dirua, janaria, umeak, adinekoak... etorkizun hurbila, eta urruna ere bai, zein izango den gure etorkizunaren nolakotasuna, finean, kantitate- zein kalitate-aldetik. Halaxe gabiltza gu, jende xehea, eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Agintariek, aldiz, beste «arazo» batzuk dituzte orain, pandemiaren larritasun-maila alde batera utzita; alde batera beraientzat, noski, ez guretzat, norbanakoon erantzukizuna ei delako birusa ez hedatzea, geure burua eta ingurukoak zaintzea, haiek etengabe aldatzen dituzten arauak zorrozki betetzea, guk piperrik ulertu ala ez, guk azalpenak behar ala ez, guk gure iritzi eta aldarrikapenak kontuan har daitezen nahi ala ez.

Jendeak, guk, alarma-egoeran segitzen dugu, baina agintariek den-denon ongizate fisiko eta emozionala ahal beste bermatzeaz ez beste gauza garrantzitsuago batzuez arduratu behar dute orain: ondoko erkidegoetarako sarbidea lortu, Kantabriarakoa lehenetsita, kasu; feminismoaren, feministen eta horiek babesten edo sustatzen dituztenen izena belztu, eta denak hondoratu, ahal dela epailearen onespenez; are gehiago, feminismoaren barruan nor sartzen den eta nor ez eztabaidatu, sexua eta generoa eta horien araberako identitate-eraikuntzak ondo definitu, ondo babesteko, eta periferiak... bueno, horiek errespetatu; arrazismoaren kontrako olatu indartsu eta zabala edonola geldiarazi, supremazia zuriak inongo pribilegiorik gal ez dezan ziurtatzeko; are gehiago, hango zapalduen protestak goraipatu, baina hemengo arrazismo ugariez serioski mintza gaitezen saihestu; guztiaren errua, jendearen begietara, bestearena dela sinetsarazi... Eta gu, gure garbigailua ez lehertzeko zaindu bitartean, haluzinatzen.