Beñat ZALDUA
KORONABIRUSAREN KRISIA

Kasu berriak bikoiztu dituzten fokuak kontrolpean daudela dio Lakuak

Basurtuko, Txagorritxuko eta Arrasateko fokuek 94ra eraman dute azken astean atzemandako kasu berrien zifra, aurreko asteko 39ak aise bikoiztuz. Murgak egoera kontrolpean dagoela ziurtatu zuen atzo, nahiz eta intzidentzia metatuak zortzi egun daramatzan igotzen. Asteburua atzean utzita, hurrengo egunetan jakinen dugu horrela den.

Ez da erraza normaltasun berria deitu duten honetan oreka mantentzea. Galde diezaiotela bestela Nekane Murga EAEko Osasun sailburuari, atzo malabarismoak egin behar izan baitzituen alarmismoa baztertu, dena ongi doala esan eta, aldi berean, herritarrei lasaitu ez daitezela eskatzeko. Baita Iñigo Urkullu lehendakarigaiak bezperan esandakoak konpontzen saiatzeko ere.

Pausoz pauso. Atzo emandako datuekin (igandeko informazioarekin) aurreko asteko balantzea egin daiteke, eta bilakaera orokorrarekin alderatu. Emaitza grafikoetan ikus daiteke, eta ez du komentario gehiegi behar. Basurtuko (41 kasu), Txagorritxuko (13) eta Arrasateko fokuek erabat irauli dute EAEk zeraman beheranzko joera. Azken astean atzemandako kasuak (94) aurreko bi asteetan zenbatutakoak (81) baino gehiago dira. Maiatzaren 11tik 17ra arteko astera jo behar dugu aurreko astekoak baino datu kaskarragoak topatzeko; orduan 168 izan ziren, dezente gehiago.

Nafarroan, aldiz, oso joera ona islatzen dute zifrek; izan ere, azken bi egunetan ez da ez hildakorik ez kasu berririk erregistratu. Egia da asteburua izateak eragina izan dezakeela horretan, baina azpimarratu behar da hau hasi zenetik horrelako zifrak errepikatzen diren lehenengo aldia dela. Guztira, 17 kasu atzeman dira azken astean; aurrekoan 36 izan ziren.

Ospitaleratuei dagokienez ere, azken asteetan gertatu den bezala, Nafarroak EAEk baino datu hobeak agertu ditu, eta bi pertsona soilik hartu ditu ospitaleetan azken astean, Ministerioaren datuen arabera –Nafarroako Gobernuak ez du zifra hau egunero ematen–. EAEn 20 izan dira. Ez da zenbaki altuegia, baina aurreko astean 13 izan zirela kontuan hartuta, bilakaera aldatu egin dela esan daiteke. Garrantzitsua izanen da adierazle horri hurrengo egunetan begiratzea, horrek emanen baitu ospitaleetako fokuen inpaktuaren berri.

Foku horien eragina ez da nabaritu hildakoen zenbaketetan ere –horretarako ere itxaron egin beharko da–. Adierazle honek ez du eten beheranzko joera, zorionez. Nafarroan zerotik 3ra pasatu da zifra, baina ez dirudi aldaketa oso esanguratsua –anomalia, izatekotan, aurreko astekoa litzateke–.

Zuhurtziaz jokatu beharra

Alarma guztiak pizteko modukoak dira zifrak? Momentuz ez. Fokuak agertzea normala izanen da hurrengo aste eta hilabeteetan, birusaren zirkulazioa ez delako inondik inora eten, atzo CSICen koronabirusaren ikerketak koordinatzen dituen Margarita del Val zientzialariak gogorarazi zuenez. Alemanian bertan, adibidez, elizkizun batean kutsatutako 112 kasuren berri eman zuten igandean. Fokuak ospitaleetara mugatu direla konfirmatzen bada, gainera, normaltasun berriaren barruan sar daiteke gertatutakoa, osasun zentroetan gertatzen baitira agerraldi gehienak, Japoniako ikerketa batek azpimarratu berri duenez –ikusi erreferentzia 10. orrian–.

Alarmismoa saihesteko bidean, atzo Murga sailburua urrunago joan eta fokuak kontrolatutzat jo zituen zuzenean. Gerta daiteke horrela izatea, baina intzidentzia metatuak zortzi egun daramatza gora egiten, eta kutsatze tasak (R) astebete darama 1en gainetik. Adierazle horiek zifra lasaigarriagoak berreskuratu arte, alarma guztiak itzaltzeak ez dirudi egokiena. Eta Murgak berak hori aditzera eman zuen mugikortasunari buruz galdetu ziotenean.

Galdera zehatza –gero eta indar handiagoa daukan marko geografikoaren isla–, asteburu honetan Castro Urdialesera bidaiatzearen ingurukoa. Sailburuak fokuen inguruan erakutsi ez zuen zuhurtziaz erantzun zuen oraingoan: «Ez dago nire esku bakarrik, ezta gaurko egunaren menpe ere. Baldintza onak badira, Osasun Sailak horrela adieraziko du».

Bi gauza esanguratsu esan zituen Murgak lau lerrotan: lehenik eta behin, erabakia ez dela bakarrik Osasun Sailak esaten duenaren arabera hartuko, eta bigarrenik, orain egoera kontrolpean dagoela ziurtatu arren, nahiago dutela hurrengo egunetako bilakaera zein den ikusi. Alegia, aste honetan jakinen dugu egia den fokuak kontrolpean daudela edo Murgak atzo arinegi hitz egin ote zuen.

Sailburuak ez zion lasaitasunaren eta zuhurtziaren arteko oreka horri soilik eutsi behar izan. Bezperan Urkullu datuak gaizki eta desitxuratuta erabiltzen direla kexatu zen, eta horri buruz galdetuta, lehendakarigaiaren kasketa hizkuntza normalera itzultzen saiatu zen Murga: «Fokuek garrantzia izan dute, baina batzuetan hainbeste informazio emateak larritasun irudia eman dezake».

Abisu gordina

Lehendakarigaiaren protestak gorabehera, Txagorritxun, Arrasaten eta gehienbat Basurtun gertatutakoa abisu gordina da: birusa gure artean dago, eta kutsatzeko arriskua ez da desagertu. Ez da abisu txikia izan, gainera. Aipatutako Margarita del Valek “El País”-i emandako elkarrizketa mamitsuan horrela hitz egin zuen atzo: «Pekinen agerraldi bat egon da, eta hain drastikoak direnez, berriz ixtea erabaki dute. Bilbon, non agerraldi garrantzitsuak dauden ere, ixtea erabaki zitekeen, baina ez da egin estrategia desberdina delako, baina arriskua, argi eta garbi, existitzen da».

Elkarrizketa berean, hainbat instituziok testak egiteko eskaintzak baztertu izanaz ere hitz egiten du Del Valek –EHUko kasua, adibidez–: «Leku askotan egin ahal izan da, eta ez da egin. Atsekabetuta gaude, eta haserre». Zergatiaz galdetuta: «Ez daukat arrazoi zientifikorik. Erabaki berriak hartzeko beldurra, agian. Eta burokrazia ere bai. Urgentziaz erantzun behar zen eta leku askotan ez ziren hartu beharreko erabakiak hartu».

Bigarren bolada bati buruz ere garbi hitz egin zuen Del Valek: «Jendeak maskarak erabiltzen dituelako, askok oraindik lan egiten ez dutelako, eta distantzia fisikoa mantentzen delako... bestela hemen izanen genuke».

El calor no frena lo que ya parece una segunda ola en Irán y EEUU

Se ha jugado mucho con la idea de que el calor del verano podría frenar la expansión del coronavirus durante los meses estivales, dado que es algo que ya ocurre con otros virus. Está por ver si el calor hace que el virus pierda letalidad, pero lo que ya parece bastante evidente es que no frena su circulación. A las evidencias que ya teníamos con países como Brasil e India se suman en las últimos dos semanas los casos de EEUU e Irán, donde los rebrotes están adquiriendo ya las características de una segunda ola de la epidemia.

En EEUU, son ya 27 los estados en los que la expansión del coronavirus vuelve a crecer después de que la mayoría diesen por terminadas las medidas de confinamiento. Uno de los casos más graves es el de Arizona, que después de haber pasado el primer pico dignamente, con poco más de 400 casos al día, el pasado 8 de junio contó en una sola jornada 1.456.

En Irán, la curva de la epidemia es todavía más clarificadora. Tras tocar techo el 31 de abril con 3.186 casos detectados en un solo día, fue descendiendo hasta los 802 registrados el 3 de mayo. Desde entonces, sin embargo, la curva ha ido creciendo hasta llegar hasta un nuevo récord de 3.574 casos el pasado 5 de junio.B.Z.