Ibai AZPARREN
IRUÑEA
Elkarrizketa
JUAN KRUZ LAKASTA
EUSKALERRIA IRRATIKO KOORDINATZAILEA

«Gure irratia bultzatuz euskaldunok plus bat edukitzea bultzatzen duzu»

Koronabirusaren aurkako konfinamenduak kolpe latza eman die Euskalerria Irratiko iragarle askori. Irratiak, gainera, lehendik ere diru sarreretan murrizketa esanguratsua jasana zuen, aurten publizitate instituzionala ukatu baitio Iruñeko Udalak. Egoera zailari aurre egiteko Piztu Irratia bazkidetza kanpaina jarri dute martxan, bazkide berriak erakarri eta «komunitatea indartzeko» helburuarekin.

Zein da Euskalerria Irratiaren egoera gaur egun?

Bi kolpe jaso ditugu oso denbora gutxian. Lehendabizikoa, espero genuena, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren galera izan da. Hor badakizu egin zutela horrelako jokaldi euskarofobo bat; audientzia osoaren %10 behar duzu publizitate instituzionala jaso ahal izateko. Kurioski, Iruñean, euskaldun osoak %10 gara. Egia esan, hori espero genuen eta zenbait bide jorratu genituen galera hori konpentsatzeko. Zein izan da kontua? Konfinamenduarekin eta horrek merkataritza txiki eta ertainean eragin duen kolpe latzarekin beste galera handi bat etorri zaigula publizitatean. Azkenean,, komunitatearekin oso loturiko hedabidea da gurea, gertuko komunikabide bat, eta molde horretako komunikabideetan publizitatea jartzen dutenen %85 molde horretako iragarleak dira.

Euskalerria Irratiarena bizirauteko borroka izan da beti.

32 urte dauzkagu eta 28 eman ditugu lizentziarik gabe. Erraz esaten da, baina horrek txarrerako zizelkatu gintuen, galera ekonomiko latzak ekarri zizkigulako. Baina gero onerako zizelkatu gintuen ere, eta proiektu honek dauzkan bertuterik handienak euskarofoboei zor dizkiegula uste dut, bidea zaildu ziguten haiei; izan ere, proiektu honek badu komunitatearekin lotura estua, 180 kolaboratzaile inguru ditu. Hori, hein handi batean, erresilientzia horretatik dator. Guk lana egin genuen jende hori guztia gerturatzeko gure proiektura, baina haiek ere bultzada garrantzitsua eman ziguten. Oso arro gaude altxor horretaz, kolaboratzaile komunitate horretaz. Izen asko daude horren gibelean, askotarikoak, jakintza alorrari, joera ideologikoei eta adinari dagokienez.

Izan ere, irratiak paper garrantzitsua izan du itxialdian komunitateari eskainitako zerbitzuei dagokionez.

Konfinamenduan zehar ohartu gara zer-nolako garrantzia duten gertuko gauzek, elikagaiek, dendek, “Km0” horrek, eta Euskalerria Irratia ere bada gertuko komunikabide bat komunitateari zerbitzua eskaini diona. Konfinamendua iritsi da eta inoizko baldintzarik zailenetan oso pozik gaude gure komunitateari eskaini diogun zerbitzuarekin. Hasieratik jendeari zerbitzu hori eman behar geniola oso argi ikusi genuen, inoiz baino gehiago, komunitatearen komunikabidea garelako. Lehen lerroko protagonistei eman diegu ahotsa, baina baita beste jende pilo bati ere.

Bi kolpe horiek iritsi zaizkizue azpiegiturak eraberritzen ari zinetenean. Zertan ari ziren islatzen aldaketa horiek?

Amorrua ematen du, 28 urte oso baldintza zailetan pasa ditugu eta sartu berriak ginen normaltasunean. Jasotzen genuen beste edozein euskarazko komunikabideek jasotzen dutena eta sektore hori dagoen moduan dago. Egin genuen lau urteko plangintza bat, ez aurreikusiz pandemia, baina bai aldaketak izan zitezkeela Nafarroako erakundeetan. Eta lau urte horietan estudioa bera berritu genuen, soinu mahia, emisorea.... Aurrerapausoak eman genituen ere lantaldearen lan baldintzak duintzeko.

Kolpe horien aurrean, #PiztuIrratia kanpaina abiarazi duzue. Zein da kanpaina horren helburua?

Azken urteotan bazkide galeratxo bat izan genuen; jaitsi ginen 850era eta irratia bideragarria izan dadin 1.000ko kopuru hori berreskuratu behar dugu. Eta oso ongi doa, erantzuna espero bezalakoa izaten ari da: fede handia dugu gure komunitate eskuzabal ahaltsu horretan, iraganean hori erakutsi digulako.

Komunitate hori izan da kanpainaren protagonista?

Mahai gainean jarri nahi izan ditugu gurea bezalako proiektua pizteko zer-nolako arrazoiak dauden. Gure komunitatearen esku utzi dugu, gibelean dagoen jendearen esku eta arrazoi politak atera dira. Hasiera batean, adibidez, Oier Sanjurjo eta Nerea Fillaten bideoak jarri genituen. Sanjurjori lehen elkarrizketa egin genionean, duela hamar urte, ez genion esan bazkidetzeko, baina orri batzuk ikusi zituen eta bazkidetza bikoitza egin zuen. Berak esaten zuen partidak euskaraz entzutea gustatzen zaiola. Aldi berean, Nere Fillatek esaten zuen Silvia Federici noiz datorren Iruñera jakiteko modu bakarra hau dela. Kike Amonarrizek eman zituen hainbat arrazoi, baina bat gustatu zitzaidana izan zen seguru asko proiektu gehiago lagundu nahi dituzula, euskalgintzaren ingurukoak ala ez, eta Euskalerria Irratiari lagunduz horiek ere laguntzen dituzula.

Eta zer arrazoi ematen du Euskalerria Irratiak berak?

Euskalerria Irratia bultzatuz bultzatzen duzu euskaldunok plus bat edukitzea euskaldunak izateagatik eta ez zama bat. Zergatik diogun hori? Iruñerriko irratien artean tokiko programaziorik zabalena Euskalerria Irratiak dauka, baita kolaboratzaile talderik zabalena ere. Gero, nolabait esateko, ordezkaturik daude euskal hiztunen komunitateko sektore guztiak. Beste irrati batzuetan, akaso jasotzen ahal duzu Nafarroako erakundeen informazio jarioa, hori ere biltzen dugu guk, baina, horretaz gain, beste hori guztia ere eskaintzen dugu. Egungo panorama mediatikoan, oro har kioskoan GARA edo “Berria” bezala, irratiaren alorrean salbuespen bat gara eta horrek badu bere garrantzia.

Zer egin dezakete irratiari laguntzeko nahia dutenek?

Hainbat aukera dauzkate. Une honetan behar ekonomiko handia daukagu, eta, Euskalerria Irratiaren webgunean sartuz gero, berehala topatuko dute bazkidetzeko bidea. Baina beste modu asko ere badaude: gure programazioan parte hartzea, publizitatea ere bada beste bide bat edo, bestela, entzunez, deituz, whatsappak bidaliz... Oso kontent gaude dauzkagun entzuleekin, baina, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto.