GARA
GASTEIZ
KORONABIRUSAREN KRISIA

Lakuak eginiko murrizketen aurka altxatu dira osasun langileak

Osakidetzako langileak zerbitzu publikoen defentsan eta azken urteotan Lakuako Gobernuak eginiko murrizketen aurka elkarretaratu ziren atzo. Koronabirusak eragindako osasun krisian babesgabe sentitu direla eta lan karga «onartezinekin» lan egin dutela salatu zuten. Azken 24 orduetan koronabirusak ez du hildakorik utzi Euskal Herrian.

Osakidetzako langileak EAEko ospitale eta osasun zentroetan bildu ziren atzo, «kalitateko eta eskubidedun osasun publikoa» aldarrikatzeko eta Lakuari eskatzeko arlo horretako politikak «alda ditzala».

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek iragarritako protestak izan ziren, eta langileez gain herritarrei ere dei egin zieten azken urteotan Lakuak eginiko murrizketak salatzera. Basurtuko, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan zein Osakidetzako Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan egin zituzten mobilizazioak.

Bilboko Basurtoko ospitaleko kontzentrazioan, 300 pertsona inguruk bat egin zuten aldarriarekin. Langileek nabarmendu zuten covid-19aren krisiak agerian utzi duela zerbitzu publikoen eta, bereziki, osasun publikoaren garrantzia, «bizi-aseguru kolektibo» bat baitira, eta sindikatuek azpimarratu zuten Osakidetzako langileak babesgabe sentitu direla eta «lan karga onartezinekin» egin dutela lan.

Horren ondorioz, Arantza Arias bozeramaileak ohartarazi zuenez, «langileak akitu egin dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatu direla babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira».

Murrizketek «euskal osasun publikoaren ahulezia eragin dutela ohartarazi zuten langileek. Horregatik, aurrekontu partida nahikoak onartzea eskatu zuten, hemengo osasun publikoa Europar Batasuneko batez bestekoaren pare jartzeko, baita lantaldeak ugaltzea ere iruzurrezko kontratazioak egiturazko lan taldean txertatuz.

Eguneko balantzea

Azken 24 orduetan hamabost kutsatu berri zenbatu dituzte gobernuek: Nafarroan sei, Bizkaian lau, Araban hiru eta Gipuzkoan bi. Ez dute hildakorik zenbatu eta, lehen aldiz, hamar pertsona baino gutxiago daude ZIUetan. Bi agerraldi kezkagarrienek kasu bakanak utzi dituzte. Sunbillarekin lotutako hiru kutsatze egiaztatu dira, eta bat bera ere ez Orion. Hala ere, lehenagoko beste lau kasu positibo lotu dira Orioko agerraldiarekin.