Andoni ARABAOLAZA
Ikerketa

Arroila-jaitsiera hazkunde nabarmena izaten ari da

Iazko ekainetik abendura, Fedme-k kirol horren gaineko ikerketa bat egin zuen. Besteak beste, zaleen profila, ohiturak eta motibazioak ezagutu nahi izan dituzte. Ondorio nagusi bat: praktikatzen dutenek desnibel handia duten zintzurrak gustuko dituzte.

Arroila-jaitsieren jarduera erabat zabalduta dago. Mendi federazioetan bere txokoa du dagoeneko. Agian, batzuentzat kirol horrek ez du behar adinako oihartzunik, baina onartu behar da erabat zabalduta dagoela. Naturaguneetan egiten diren beste jarduera batzuetan bezala, zintzur-jaitsieren aldeko apustua egiten duten zaleen profila askotarikoa da. Baina ezagutzen al ditugu horien ohiturak eta motibazioak? Ikerketa batek erantzun dio galdera horri; Fedme-k kaleratu berri duenak, hain zuzen.

Kirol jarduera gisa, argi eta garbi dago azken hamarraldi honetan arroila-jaitsieren praktikak nabarmen gora egin duela. Mendiko turismoaren izenean bultzatu diren outdoor kirolak edo abentura kirolak bezala, arroiletan egiten diren jarduerak ere modan jarri dira. Gainera, hainbat plataformatan argitaratzen diren gidaliburuek eragin zuzena izan dute goraldi horretan.

Horren ondorioz, zaleen kolektiboa bilakaera iraunkorra izaten ari da, eta aldaketa horiek, besteak beste, formakuntzarekin, profesionalizazioarekin eta kolektiboaren bistaratzearekin harremana dute. Aldaketak izan dira, bai, baina denek ez dute aurpegi bera. Zaleen kopuruak gora egin duenez (egun, espainiar Estatuan 10.000 pertsonak praktikatzen dute), administrazioek jarduera hori arautu behar izan dute; jakina, ingurumena babestu ahal izateko. Bestalde, kolektibo horren inguruko ezagutza zehazten ari da, eta dagoeneko mendi federazioen egituretan parte hartzen du. Eta hirugarrenik, mendiaren adar ezberdinetan bezala, kirol honetan ere gidari izateko tituluak ziztu bizian izugarri ugaritu dira.

Orain arte esandakoa oinarri hartuta, Fedmek datu gehiago pilatu nahi izan ditu egoera zein aldaketa horiek hobeto ulertzeko eta zaleen profila, ohiturak eta motibazioak zehazteko. Ikerketaren bultzatzaileek argi zuten gai horren inguruan urrats bat egin behar zela: «Beharra zegoen; izan ere, han eta hemen arakatu ondoren, ohartu gara orain arte ez dela ikerketarik, txostenik edo antzeko lanik argitaratu. Beste era batera esanda, azken urteotan izan diren aldaketak direla medio, zaleen profila asko aldatu da. Hori bagenekien, baina zehatz-mehatz ez. Eta horregatik, joan den urteko ekainetik abendura bitartean lan horretan buru-belarri jardun dugu».

Sei hilabete horietan ikertzaileek bitarteko digitalak indarrean jarri dituzte. Beste era batera esanda, arroila-jaitsieren zaleei online egiteko inkesta bat helarazi zieten. Eta erantzun dutenen artean “kolore” guztietako zaleak daude: kirolariak, federatuak, gidari profesionalak...

Erantzun ederra

Denera, 605 zalek hartu dute parte galdeketa horretan. Erantzun guztiak mahai baten inguruan aztertu ondoren, lehenik eta behin, ikertzaileek adierazi dute erantzun oso ona jaso dutela: «Uste dugu kirol honetan aurrekari bat ezarri dugula. Oro har, kolektibo horrek oso jarrera masiboa izan du eginiko galdeketan. Agian, lagin ‘txikia’ izan daiteke, baina ikerketa honentzat oso fidagarria da. Praktikatzaileek zein publiko orokorrak oso ondo hartu dituzte atera ditugun emaitzak. Finean, pozarren gaude, besteak beste, hainbat mendi federazio autonomiko motibatu ditugulako antzeko ikerketak egitera».

Bestalde, jaso dituzten erantzunek hainbat eta hainbat argibide eman dizkiete. Datu deigarrietako bat hau da: praktikatzaileek desnibel handia duten zintzur-jaitsierak maite dituzte. Horrekin batera, komertzialak gustuko dituzte, eta ez hainbeste zailtasun handia, konpromisoa edo emari handia dutenak. Zaleen motibazioei dagokienez, antza denez, aldaketa nabarmen bat ezagutzeko parada izan dute: «Ez da datu bitxi bat, baina zentzu guztietatik begiratuta bada aipagarria. Kolektibo horretako kide ugarik diote ‘asko gozatzen’ dutela kirol hori egiten. Eta, bide batez, ‘naturarekin harreman zuzena’ izaten laguntzen duela. Honakoa gehitzen dute: ‘norberaren aldartea’ hobetzeko oso egokia da. Argi eta garbi adierazten dute ez dela ‘moda’ kontu bat. Eta horrek ondorio batera eramaten gaitu: kolektibo hori kirol horrekiko oso leiala da. Zaleen %80k talde batekin harremana dute. %58k, berriz, Fedme-ren txartel federatiboa dute. Eta federazio autonomikoetan, %23k».

Amaitzeko, ikerketa horretan atera dituzten ondorio nagusien artetik bat azpimarratu nahi dute: azken urteotan kolektibo horren hazkundea handia da. Eta iragarpen guztiak betetzen badira, badirudi goraldi horrek datozen urteotan ez duela etenik izango.

«Hori ezin da zalantzan jarri. Horregatik guztiagatik uste dugu izaera honetako ikerketek garrantzia handia dutela, halakoei esker, besteak beste, praktikatzaileei, gidariei eta kirol hau arautzen duten eragileei benetako informazio helarazteko aukera dagoelako. Bide batez, animatzen zaituztegu ikerketaren datu eta ondorio guztiak irakurtzera. Webgune honetan dituzue: www.fedme.es».

Os Lucas, Tenako altxor txiki bezain erakargarria

Ikerketa horren datu eta ondorio nagusiak ezagutzea ondo dago; agian, irakurleari arroila-jaitsiera bat egiteko gogoa piztuko zitzaion. Horrela bada, ez dugu atsedenik hartuko eta kirol honetan espezialista zein gidari den bati emango diogu hitza. Uxue Urdaniz da GARAra proposamen batekin hurbildu dena. Jakina, izaera horretako jarduera bat mahai gainean jartzea ez zaio batere erraza egin, baina “ausartuko” dela baieztatu digu: «Euskal Herrian zein geure ingurumarian makina bat arroila-jaitsiera egiteko aukera dago. Baina Tenako haranean lanean nagoenez, alderdi horretako bat aurkeztuko dizuet. Os Lucas du izena. Oso ezaguna izateaz gain, komertziala da. Baina une egokia aukeratuz gero, ziur naiz ia bakarrik egiteko aukera izan daitekeela. Hemendik aurrera, zaleez gain, gidari bat kontratatzen duten asko ikus daitezke Os Lucas-en. Batez ere, goi-denboraldian. Oso goiz edo eguneko azken orduetan joaten bazarete, ez dituzue gidariok zuzentzen ditugun taldeak ikusiko».

Urdanizek dio Tenako arroila-jaitsiera horrek bigarren maila (ertaina) duela. Eta oso ezaguna dela amaieran dituen bi ur-jauziengatik. Jakina, zaila ez bada ere, teknika ondo menderatu behar da edo gidari bat kontratatu: «Batzuek jolas bat bezala hartzen dute, baina segurtasun neurriak oso garrantzitsuak dira. Horretaz gain, ur-emaria kontuan hartzea ezinbestekoa da. Jakina, handia bada, ez zaitez sar. Eta gogoratu ere hainbat sekziotan paretetatik arrokak askatzen direla».

Os Lucas Biescasetik oso gertu dago; hain zuzen ere, Oros Bajo herrian. Zubia zeharkatu ondoren, ondoan dagoen zelaigunean utzi behar da autoa. Eskuinera sortzen den bidea hartu, eta 30 minutuko ibilbidearen ondoren, presagain batera helduko gara. Hor hasten da jaitsiera.

Arroila horren ezaugarriei dagokienez, Urdanizek laburra dela aipatu digu, baina, aldi berean, oso entretenigarria: «Nahiz eta bi ordu baino gutxiagoan egin daitekeen, jaitsiera hori ‘denboran’ luzatzeko aukera dago. Eta hori diot eskaintzen dituen jauziak eta putzuak errepikatu daitezkeelako. Erosoa izateaz gain, ederra eta dibertigarria da. Zalantzarik gabe, hasiberrientzat oso aproposa da. Hiru rappel, jauziak, txirrista… Aspertzeko betarik ez dago».

Hitz gutxitan esanda, proposamena egin digun espezialistarentzat Os Lucas Tena haraneko altxor txiki bat da; batez ere, uretakoa delako. Urdanizek dio ur-emari iraunkorra duela: «Ez da lehortzen den horietakoa, udan ere emaria du. Eskuarki, urtzaldiaren amaierarekin ‘ohiko’ denboraldia hasten da. Hori maiatzaren amaieran has daiteke, eta denboraldia urrian ‘bukatzen’ da. Bere kokapenagatik, hotz egiten duen egunetarako ere aproposa da».

Aurkezpen eta aholku guztiak eman eta gero, arroilan sartu eta jaitsiera horretan murgiltzea baino ez zaigu geratzen. Baina zer aurkituko dugu? Erantzuna Urdanizek berak emango digu: «Hasteko eta behin, hamar metroko tarte bati egin behar zaio aurre. Altuera ezberdinetatik jauzi egin daiteke, edo kontu handiz irristatu. Rappelean ere egin daiteke. Ondoren, zazpi metroko beste jauzi batekin egingo dugu topo; hori saihestu daiteke. Zazpi metroko txirrista eder bat zain izango dugu; ederra baino ederragoa. Txirrista horretan sartu ordez, eskuinetik beste jauzi bat egiteko aukera ere badago. Eta amaieran, Os Lucas-eko 45 metroko ur-jauzi handia parez pare agertuko zaigu. Bi rappel egingo ditugu: 10 eta 35 metrokoak. Bisita ugari dituen Os Lucas izeneko putzuan amaituko dugu. Eskuarki, bi ordu beharko ditugu arroila hau jaisteko. Laburra da, bai, baina atseden pixka bat hartu eta gero, gertu dagoen beste batekin lotu dezakegu. Gorgol du izena. Era horretan, egun osoko jarduera osa dezakegu».Andoni ARABAOLAZA