2020/06/29

Egitasmo fantasmak
2007ko apirilean Tolosan aurkeztu zuten antzeko proiektu bat, 2008ko uztailean, Leioan, eta 2010eko azaroan, Zarautzen. Inor oroitzen da albiste haiek izan zuten oihartzunaz?

Lantzean behin errepikatzen den zerbait da. Tarteka olatu artifizialak eta aisialdia kontsumitzeko proiektu faraonikoak iragartzen ditu udalerri batek. Ez da inoiz agindutakoa betetzen, baina unean politikariek bilatzen duten arreta eskuratzeko balio du. 2007ko apirilean Tolosan aurkeztu zuten antzeko proiektu bat, 2008ko uztailean, Leioan eta 2010eko azaroan, Zarautzen. Inor oroitzen da bere garaian albiste haiek izan zuten oihartzunaz? Zarauzko kasuan, gainera, olatu artifizialak sortzeko egitasmoari 500.000 euro emateko prestasuna erakutsi zuen Diputazioak.

Ezker abertzalea instituzioetatik kanporatuta mantentzeko alderdi guztiek baliatu zuten «alderdien legea». Horrela, bi legegintzalditan oztoporik gabe gauzatu ahal izan ziren bestela ezinezkoak izango liratekeen proiektuak. Horregatik, ezker abertzalearen boto-emaileek berriz ere bozkatzeko aukera izango zutela jakin zutenean, promotore eta politikari askori egitasmo batzuk amaitzeko presa sartu zitzaien.

Sasoi hartan pentsatu nuen aurrerantzean olatu artifizialak sortzeko proiektu pribatuak diru publikoarekin diruztatu nahi zituenak, gutxienez oposizio bat izango zuela. Ez irizpide ekologikoengatik, baizik eta errentagarriak ez diren proiektuak direlako. Soilik herri txikietako egituretan funtzionatzen dute zentzuzko egitasmoek; gainontzean, arrakasta gehien zentzuzkoak ez diren proposamenek izaten dute. Ez hondo artifizialen kasuan, ez igerilekuetan sortutako olatuen kasuan, ez dago munduan errentagarri atera den antzeko proiekturik. Arrakasta gehien Kelly Slaterren igerilekuak izan du, eta, hala eta guztiz ere, ez dirudi hasieran espero zuten bezala funtzionatzen duenik.

Orain Donibane Lohizuneren txanda da. Berriz ere enpresa pribatu batek beharrezkoa ez den olatu artifizialen igerilekua, lau izarreko hotela eta aisialdia kontsumitzeko eremu bat eraiki nahi ditu, erakunde publikoen laguntzarekin. «Progreso» deitzen duten atzerapenaren aldekoek ohiko argudioak erabiltzen dituzte. «Itsasoaren ondoan bizi gara eta, hala ere, igerilekuak eraikitzen ditugu, zergatik ez eraiki olatuak sortzen dituen igerileku bat», galdetzen du Donibane Lohizuneko auzapez Jean-François Irigoyenek.

Politika egiteko modua Euskal Herriaren luze-zabalean berdina da eta alderdi guztiek patroi bera erabiltzen dute. Horregatik, beldur naiz kaxoi batean sartuta zituzten Tolosa, Leioa edo Zarauzko proiektu haien antzekoak berriz aterako ez ote dituzten, zeren uste dut ez luketela benetako oposizio bat izango. Aitzitik, politika egiteko modu bakarra gailendu den honetan, bada itxaropen izpi bat, aldatu dena gizarteak ingurumenarekiko duen sentsibilitate maila baita. Politikariak ohartu ez badira ere, eremu horretan, bai, aldatu dira diskurtsoak eta egiteko manerak. Akats txiki bat hasieran, itzelezko akats bilaka daiteke amaieran, baina zorionez, hau ez da bukatu.