Asier AIESTARAN

Ruiz de Larramendi, agortzen ez den emaria

gara-2020-06-28-Noticia

Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi izeba-ilobak izan ziren protagonista Irunen jokatutako Emakume Master Cup Txapelketako finaletan. Maite izebak pilota goxoko txapela irabazi zuen Iera Agirrerekin, Galeano ahizpa gazteei 22-7 irabazita, eta Olatz ilobak pilota mistoko txapela jantzi zuen Leire Aldairekin, Arrizabalaga eta Gentzane Aldairi 14-22 nagusituta. Bien arteko besarkada esanguratsua izan zen arratsalde amaieran, eta ziur Eulaten, 315 biztanle eskas dituen beraien herrian, ez dutela atzoko eguna azkar ahaztuko.

Bi finalak hasierako partzial handiek baldintzatuta egon ziren. Pilota goxokoa belaunaldien arteko dema izan zen, Iera Agirre (32 urte) eta Maite Ruiz de Larramendi (46) Nagore (15) eta Leire Galeano (13) Antzuolako ahizpa gazteen aurka neurtu baitziren. Beteranoak 10-0 aurreratu ziren eta, ahalegin handia egin arren, gazteek ez zuten aukerarik izan. Pilota mistokoan Leire Aldai eta Olatz Ruiz de Larramendi 0-9 aurreratu ziren eta, aurkariak bitan lau tantora gerturatu arren, txapelak ez zien ihes egin.