GARA
SANTURTZI

Mendiak dio PSE «fidagarria» dela

Idoia Mendiak PSEren aldeko bozak «biderkatzeko» eskatu zuen atzo, heldu den legealdian Lakuako Gobernuak «ezkerreko politikak» egin ditzan. Hautagai bilbotarrak gaineratu zuen bere aldeko bozek Exekutiboak «ziurtasunak eman ditzan» bermatzeko balioko dutela, «eta ez ziurgabetasun berriak» pizteko. «Esentzia nazionalistetan arreta gal ez dadin eta anbulatorioetako, eskoletako edo gure enpresetako arazoak konpon daitezen», erabiliko du jasotako babesa, nabarmendu zuenez.

Santurtziko parkean egin zituen Mendiak adierazpen horiek, eta bertan «konplexurik gabe» akordioak erdiesteko asmoa berretsi zuen, kanpaina osoan aipatzen ari den mezuari eutsiz, nahiz eta inork zalantzarik ez duen bere asmoa dela Gobernua EAJrekin hitzartzea, aurreko legealdian egin bezala.

«Entretenimendurik» ez

PSEren lehendakarigaiak bere alderdiak «ezker fidagarria» ordezkatzen duela esan zuen. «Duela lau urte hitza eman genuen lortzen genuen boto bakoitza agenda sozialera bideratuko genuela, ez nazionalisten entretenimenduetara», aipatu zuen, eta horren emaitza «langabezia %10etik behera jaistea; 16.000 kontratu baino gehiago erregularizatzea; etxebizitza izateko eskubidea hedatzea, Espainian beste inon ez bezala; turismoa bultzatzea; eta zerbitzu publikoak indartzea» izan dela azpimarratu zuen.

Mendiak esan zuen, baita ere, bere alderdiak «Euskadi eta euskal herritarrak erreskatatu» dituela «krisialdi eta ziurgabetasun une bakoitzean». «Baina ez gara adabakiak jartzera edo zuloak estaltzera mugatu. Gobernatu dugun aldi bakoitzean, herrialdea, gure enpresak, gure administrazioa eta gure zerbitzu publikoak modernizatu ditugu», gaineratu zuen.