Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Safo, «pentsamendu askeegia» izanagatik zigortutako olerkaria

Literatura unibertsalean berebiziko eragina izan duen olerkaria da Safo, baina idatzi zituen 10.000 bertsoetatik 200 soilik iritsi dira gaurdaino. Emakume eta lesbiana izateak ez zion lagundu, ezta gerrek gidatutako Grezia klasikoan sentimenduak agertu nahi izateak ere.

Egeo iparraldean, Lesbos uhartean jaio zen Safo, K.a. 630. urte inguruan. Poesiagintza epikoak zentralitate osoa bereganatua zuen sasoian sentimenduez idaztera ausartu zen, maitasunak eta edertasunak ere munduan lekurik badutela aldarrikatuz. Hala, egun poesia lirikoaren aitzindaritzat hartua da Safo, eta literatura unibertsalean berebiziko eragina izan duen olerkaria da –bere izena eman zaie bertso safikoei–, baina, hala ere, bere bizitzan idatzi zituen 10.000-12.000 bertsoetatik 200 soilik iritsi dira gaurko egunera, eta gehienak oso zatituta. “Afroditaren ereserkia” da gaurko egunera osorik iritsi den Saforen poema bakarra.

Liburu bakarrean kabitzen da Saforen emaritik gaurko egunera iritsi dena. Eta Maite Lopez Las Heras izan da horiek euskarara ekarri eta liburuari forma eman diona, Balea Zuria argitaletxearen laguntzaz.

«Nik Filologia Klasikoa ikasi nuen eta hiru urte eman nituen latinetik eta grekotik itzuli eta itzuli. Gizonezkoen testuak itzultzen genituen beti eta nire buruari galdegiten dion ea garai hartan ez al zen egongo idazten zuen emakumerik. Hala ezagutu nuen Safo», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean. Gaineratu zuenez, Bizenta Mogel izan zela Safo itzultzera hauspotu zuena: «Esoporen fabulak itzuli zituen latinetik euskarara, eta nik Saforekin berdin egin nezakeela pentsatu nuen, erraza ez zela izango banekien arren: dialekto batean dago idatzita eta estrofa safikoan, berak sortutako lau bertsotako ahapaldiak».

Poesia fragmentarioa

Olerkariaren obra gaurko egunera zatikatua iritsi izanak ere ez du lagundu. «Saforen poesia aitzindaria izan bazen ere, historian zehar egurra jaso du emakumea izateagatik eta bere testuak era fragmentarioan iritsi zaizkigu, oso zatituta, estrofa osoak falta dituztela... Bederatzi liburu idatzi zituen, 10.000 eta 12.000 bertsoren artean, eta horietatik 200 soilik kontserbatzen dira; horien herena, gainera, itzulezina da», azaldu zuen. Hala ere, egitura fragmentario horiek ulertzeko egungo gizarteak lanabes gehiago dituela uste du Lopez Las Erasek, sare sozialei esker «horiek ulertzeko prestatuago baikaude» eta, gainera, «pusketatan egotea oso humanoa» dela uste du, «txikitako gauzez ere oso era fragmentarioan gogoratzen garelako, ez dugu ezer oso-osorik oroitzen», argudiatu zuen.

Saforen obra gaurko egunera horren zatitua iritsi izanaren arrazoiak ere azaldu zituen itzultzaileak. «Safo beti lotu izan da lesbianismoarekin. Bere poemak maitasunari eta edertasunari buruzkoak dira, baina maitasunak ez du bitartekari maskulinorik behar eta, ederra, ederra da maite dugulako. Garaian, gerraz hitz egiten ez zuenak ez zuen inporta, eta Safok epikotasun hori urratu eta lirikara jo zuen, sentitzen zuena sentitzen zuen moduan adierazi zuen, eta horregatik zigortu egin du historiak. Pentsamendu askeegia zuen kontserbatua izateko», argudiatu zuen.

Argitalpenean, Saforen poesiagintza guztia euskarara ekartzeaz batera, hitzaurre bat ere idatzi du Lopez Las Herasek eta Aurora Luqueren (berak itzuli izan du Safo gaztelaniara) epilogoa ere badakar. Balea Zuriako Aritz Gorrotxategiren hitzetan, bi elementuok argitalpena hobeto ulertzeko lagungarriak dira: «Saforen poesiaren klabeak ulertzeko balio digu Maiterenak, eta ikuspegi hori osatu egiten du amaieran Aurorak».