Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Surf estatuak: Kahanamoku eta Slater dira gehien irudikatuak

Eskultura gehien eskaini dizkieten bi surflariak Duke Kahanamoku eta Kelly Slater dira, baina badira bestelako surf estatuak ere. Gainera, gero eta ohikoagoak dira surf egiten den hondartzen inguruetan.

Badira itsasoaz gozatzen dutenak eta baita itsasoan gozatzen dutenei begira gozatzen dutenak ere. Guztiek batera, jende multzo zabala osatzen dute. Milioika dira, beraz, surfak mugitzen dituen pertsonak. Aldiz, gutxi dira surfari edo surflariei eskaintzen zaizkien oroigarriak.

Munduan zehar surflariei eskainitako estatuei begiratzen badiegu, gehienak surfak kirol estatusa hartu ondoren eginak direla ohartuko gara. Hau da, gehienak 90eko hamarkadatik gaurdaino egindakoak dira. Hala ere, eraikitako artelanek historia orokor bat eta ehunka istorio txiki irudikatzen dituzte, eta, irudikatutako lagunen artean, zalantzarik gabe, bi gailentzen dira: Duke Kahanamoku eta Kelly Slater.

Duke Kahanamoku

“Surf modernoaren aita” deitzen diote Duke Kahanamoku hawaiiarrari eta oroigarri ugari eskaini dizkiote munduko leku ugaritan. Baina badira bi estatua gainontzeko guztiak baino ezagunagoak direnak. Bata Kahanamokuren sorterrian dago, Hawwaiiko Oahu uhartean, eta, bestea, Australian.

Honoluluko Kalakaua hondartzan dagoen Duke Kahanamokuren estatua brontzezkoa da, eta Waikiki eta Kuhio hondartza famatuen erdian dago. Hiru metroko eskulturak Kahanamoku irudikatzen du, zutik eta besoak zabalik dituela, bisitariari ongi etorria ematen ariko balitzaio bezala. Izan ere, “Aloharen enbaxadore” bezala ere bataiatu zuten surflari hawaiiarra. Gibelean surf taula handi bat du eta tribu desberdinetako lantzekin inguratuta dago. Lore koloretsuekin apainduta egoten da, ohitura baita bisitariek estatuaren inguruan loreak jartzea. 1990. urtean estreinatu zuten Jan Gordon Fisher artistak zizelkatu zuen estatua eta ordutik Honolulu inguruan bisitari gehien izaten dituen monumentuetako bat da.

Duke Kahanamokuren ohorezko beste estatu ezaguna Sydney iparraldean dagoen Freswhater hondartzan dago. 2014. urtean inauguratu zuten oroigarria, hondartza hartan ehun urte lehenago Dukek eskaini zuen surf erakustaldia goratzeko.

Suediako Stockholm hirian 1912an egin ziren Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Kahanamokuk 100 metroko igeriketa proban, estilo libreko kategorian, eta crawl estiloaren aitzindaria izan zen. Horren ondoren mundu osoan famatu bilakatu zen Duke eta erakustaldiak egitera gonbidatzen zuten.

Horrela, Freshwater hondartzako igeriketa eta sorosle elkarteek Australiara gonbidatu zuten, eta, 1914ko abenduaren 24an, egin zuen lehen surf erakustaldia. Ekitaldi pribatu bat izan zen, baina, hala ere, oihartzun handia izan zuen, prentsa ere bertan izan baitzen. Bi aste geroago Manly hondartzan beste erakustaldi bat egin zuenean, sekulako jendetza bertaratu zen igerilari olinpikoak zurezko taula batekin olatuak nola hartzen zituen ikustera.

Duke Kahanamokuk bi estatua garrantzitsu ditu Hawaii eta Australian, baina bi herrialde horiek, bertako surfaren historia eta hastapenak omentzeko bestelako aparteko oroigarriak ere badituzte. Honolulun bertan, bada “Surflaria olatu gainean” izeneko estatua bat. Robert Pashy eskultoreak egindako estatua 2003an estreinatu zuten eta olatu gainean doan surflari bat irudikatzen du.

Australian, ostera, leku ezagunenak Sydney eta Gold Coast izan arren, uhartearen beste aldean dagoen Yallingup hondartzan dago Australiako surf estatua esanguratsuenetako bat: 2011n estreinatu zuten Cerys Allerton eta Mark Ogran egileek «Australia mendebaldeko surfaren hastapenak goratzeko» eraiki zuten brontzezko oroigarria.

“Yallingup” izena bertako Wardandi hizkuntza aborigenetik dator, eta “amodioaren lekua” esan nahi du. 50eko hamarkadaren hasieran hasi ziren bertan surf egiten. Horrela dio estatuaren idazkunak: «Itsasoarekiko amodio handi batek bultzatuta Perth hiriko surflari aitzindariak Yallingup ingurura hurbildu ziren bertako olatuek erakarrita».

AEBetan Slater nagusi

AEBetako ekialdean, Floridako kostaldean, Kelly Slater da jaun eta jabe. Soilik Cocoa Beachen, bi estatua ditu 11 bider munduko txapeldun izandako surflariak. Lehena, 1996an estreinatu zuten Ron Jon surf denda famatuaren ondoan, eta zazpi metroko altuera du. Estatuak Slater irudikatzen du olatu baten gainaldean bira bat egiten. Bere sorterrian egin zioten bigarren estatua txikiagoa da, hiru metroko altuera du, baina sona handiagoa du. Tasha Drazich artistak egindako lana 2010ean jarri zuten Orlando etorbidean, hondartzatik 200 metrora, eta eskultura bitxia da, Slaterren estiloa oso ongi irudikatzen baitu.

Floridako kostaldea, ordea, olatu eskasak dituen eskualdea da. Gauza jakina da AEBetan surfak indar gehien duen estatua Kalifornia dela, baita surfaren hiriburua Huntington Beach dela ere. Bertan dago AEBetako surf estatua ezagunena. “Azken desafioa” izeneko eskultura 1976an sortu zuen Edmond Shumpert artistak. Hori bai, “Surflaria larrugorritan” goitizenarekin ezagunagoa da obra, Surf Cityn nudismoa debekatua dagoen arren, eskulturan agertzen den surflaria bainujantzirik gabe baitago.

Euskal Herrian

Euskal Herrian ere badira surfari eskainitako eskulturak. Esate baterako, lehenetarikoa Sopelan ezarri zuten. “Surfista” izena duen burdinazko lana Iberreko zubian jarri zuten 1996. urtean eta Bizkaiko udalerrian dagoen surf giroa ordezkatzen du.

Biarrizko Euskaldunen Hondartzan ireki zen 1959. urtean Waikiki surf elkartea, Europako lehen surf elkarte ofiziala. Mende erdi bat geroago, egoitza berritu eta eskultura bat jarri zuten kanpoaldean. Joël Roux, egilearen hitzetan, «1957an lehen aldiz Biarritzen surf egin zuten surflariei» eskainitako eskultura bat da.

Zarauzko malekoia atontzen duten hainbat artelanean artean ere bada bat surflariei eskainia. Iazko uztailean estreinatu zuten Jose Luis Lasa Maioz eskultorearen lana. Hiru metroko altuera duen brontzezko eskultura surflari gehien ibiltzen den eremuan dago.

Honi buruzko guztia: Surf