Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Patxi Usobiaga 9a mailaren «magiara» itzuli da

Duela urtebete lepoan eginiko ebakuntzaren arrastoak gainditu ondoren, joan den ekainaren 26an, Coll de Nargo-n (Lleida) dagoen «La fuga» bideari puntu gorria jarri zion. «Maila horretara itzultzeak ilusio handia egiten dit», onartu du eibartarrak.

Patxi Usobiagak kirol eskaladan egin duen ibilbideak garai ezberdinak izan ditu. Goreneko mailan jardun ondoren, auto-istripu batek ondorioak utzi zizkion. Ezin zuen elitean jarraitu, eta lehen lerrotik albo batera geratu zen. Hori 2010. eta 2014. urteen artean gertatu zen. Garai haietan, adibidez, surfean aurkitu zuen ihesbide bat, baina eskalatzaile eibartarrak argi eta garbi utzi zuen eskalada zela bere benetako zaletasuna.

2014. urtean arrokan su eta gar ikusi genuen berriz. Oso burugogorra denez, urte horretan, Ilarduian, “Celedon” bidea (9a) sinatu zuen. Hiru urte beranduago, berriz, Usobiagak bere DNAn daraman erregaiak “Pachamama” marra (Oliana) egitera eraman zuen. Hots, bere ibilbideko maila gorena: 9a+/b.

Horrekin guztiarekin lotuta, kirol eskaladari buruz hitz egiten badugu, zalantzarik gabe aitor dezakegu protagonista hau euskal eskalatzaile osoena dugula. Kirol horren hiru zutabetan maila handia eman du. Arrokan, adibidez, aipatutako “Pachamama”-z gain, bistan eginiko 8c+ zailtasuneko munduko lehen bidea (“Bizi euskaraz”, Etxauri) igo zuen. Lehiaketetan, berriz, nazioarteko titulu ofizial garrantzitsuenak irabazi ditu: Munduko Kopa zein Txapelketa. Eta, azkenik, entrenamenduei benetako azpimarra zientifikoa egin zien.

Historia egin du Usobiagak, bai, baina argi utzi du, arrokan bederen, maila polita erakusten jarraitu nahi duela. Duela urtebete lepoan ebakuntza egin zioten, eta, antza denez, ondo baino hobeto osatu da. Izan ere, joan den ekainaren 26an Coll de Nargo-n (Lleida) 9a mailaren “magiara” itzuli zen: «Ebakuntzaren aurretik hiru urte gorabeheratsu izan nituen. Azkenean, ebakuntza egin, osatu, sasoiko jarri eta ‘La fuga’ marra kateatu dut».

Lehen igoera

Usobiagak 39 urte ditu egun. Alt Urgell-eko eskualdean bizi da, kirol eskalada praktikatzeko paradisu ezin hobean. Eta, hain zuzen ere, Coll de Nargon dagoen “La fuga”-ren lehen igoera sinatu du: «David Gambusek ekipatutako ‘La fuga de poder’ bideak (8c+) hainbat sarrera ditu. Horietako batek ‘Ya me puedo retirar’ du izena, eta Davidek duela hiru urte egin eta harentzat 9a proposatu zuen. Nik, berriz, ‘La fuga’ izeneko sarrera hautatu eta igo berri dut; uste dut antzeko maila duela. Indar-erresistentziazko proposamen bat da. Oso ederra».

Duela pare bat urte lehen aldiz probatu zuen. Baina Usobiaga ezagutzen duenak badaki beti proiektu ezberdinekin oso lanpetuta ibiltzen dela. Orain, adibidez, Coll de Nargon bertan rokodromo bat zabaldu du. Hori aski ez, eta aita izan berri da.

Hori guztia kontuan izanik, esan dezakegu Usobiagak “La fuga”-n izan duen prozesua eraginkorra izan dela oso: «Itxialdia dela eta, hilabete oso bat etxean izan naiz. Gainera, rokodromoa zabaldu berri dut, eta aitortu behar dut egin ditudan saioak ez direla jarraian izan. Ahal nuenean probatzen nuen. Neure burua sendo ikusi dut. Kontuan hartu behar da duela urtebete ebakuntza izan nuela. Asko gustatu zait Daviden bidea; besteak beste, atal ezberdinak menderatu behar dituzulako. Hainbat mugimendutan gorputza tentso eraman behar duzu. Horretaz gain, oinak ondo mugitu behar dituzu, eta erregeleta asko ditu. Proiektu hori nahiko azkar biribildu dut. Eta ez da batere erraza izan: aitatasuna, lanbide ezberdinak… Den-denak uztartzeak denbora asko kentzen didate. Motibazioa izanik aukera handiak dituzu gauza asko lortzeko, baina gizakiak gara, eta, batzuetan, ezin zara leku guztietara heldu».

Amaitzeko, eskalatzaile gipuzkoarrak gogoratu nahi izan du 40 urtetik gertu dagoela eta ikasi duela hankak lurrean ondo finkatzen: «Ez dut uste gehiago hobetzeko gai izango naizenik. Maila horretara itzultzeak ilusio handia egiten dit, eta sinatuko nuke beste urte batzuk zailtasun horretan eskalatzea. Agian, etorkizunean, gogorragoa den bideren bat egin nezake…».