Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Vulkano

Izen propio berezia da «Vulkano». Ez du ezer errealik izendatzen. Eta gauza bat baino gehiago izendatzen du; hiru gutxienez, ez-existitzeko modu bana erakusten dutenak. Hasteko, jainko bat; suaren jainkoa, antzinako greziarrek errealtzat hartzen zutena. «Mitologiko» esaten diegu garai batean errealtzat eta gerora irrealtzat hartzen ditugun gauza eta gertaerei.

Le Verrier matematikariak Uranoren orbitaren berezitasunen kausa gisa hipotesi bat aurkeztu zuen: beste planeta baten existentzia. Hipotesi horri segituta aurkitu zuten Neptuno. Gero, Merkurioren orbitaren berezitasunen azalpen gisa, beste planeta baten existentzia proposatu zuenean, izena ere jarri zioten aurkitu aurretik: «Vulkano». Ez zuten inoiz aurkitu. «Planeta hipotetikoa» esaten diote.

Vulkanorik ezagunena, dena den, fikziozkoa, zientzia-fikziozkoa, da, seguru asko: “Star Trek”-ekoa. Planeta lehorra da, beroa, Lurrak baino atmosfera meheagoa eta ilargirik ez duena. Logika eta arrazoia inork ez bezala darabilte vulkanotarrek, eta lurtarren emozioak bizitzeko zailtasunak dauzkate. Belarri berexiak ere bai. Vulkanotarrik ezagunena, jakina, Spock da.

Errealaren eta irrealaren (mitologiko, hipotetiko nahiz fikziozkoaren) arteko mugekin jolasean hasteko ez dago postmodernoa izan beharrik. Urteetan Ibarretxe identifikatu dugu, adibidez, gure Spock partikular gisa. 2009ko argazki batean mozorrotu gabe agertzen da, “Enterprise”-ren eskifaiako Ortuzarren eta enparauen ondoan. Oraingoan beste euskal vulkanotar bat aurkitu uste izan dut hauteskunde-argazkietan: Spocken arreba-edo behar duen Maddalen Iriarte. “Star Trek: Discovery”-ko Michael Burnham izan zitekeen, hura lurtarra eta beltza ez balitz.

Alderdi-leialtasunak alde batera utzita, demokrazia eta Vulkano gogoan, Iriarteri botoa ematen irudikatu dut Ibarretxe bera, eta beste euskal vulkanotar asko. Fikziozko, zientzia-fikziozko, iritziko dio hainbatek horri, baina ba al da inor azkenaldian, lipar batez behintzat, fikzio-lan bateko pertsonaia sentitu ez denik? Ez al zaigu errealitate bihurtu fikzio hutsa zena? Erne ibili.