Maddi TXINTXURRETA

GAZTEEK ERABAKI, HAIEN ORDEZ INORK EGIN EZ DEZAN

Herri mugimenduetatik iritsi dira Eraitz Saez de Egilaz, Mikel Ruiz eta Einar Oseguera EH Bildura, eta, herritik datozenez, nabarmendu dute ez direla politikan sartu enpresa bateko zuzendari postua lortzeko, gazteen nahi, behar eta desirei erantzuteko baizik.

Askoren pertzepzioa ei da gazteek ez dutela konektatzen politika instituzionalarekin edo egungo alderdiek ez dutela lortzen gazteengana iristea. «Egun, Bizkai, Gipuzkoa eta Araban gazteok bizi dugun egoera ekonomikoa gogorra da eta, askok, ikusita instituzioek ez diotela horri erantzuten, politika gauza urruntzat hartzen dute. Baina, aldi berean, ikusten dut gero eta gazte gehiago daudela, eta estatistikek esaten dute EH Bildu dela gure interesak hobekien defendatzen dituena», iritzi du Mikel Ruiz (Bilbo, 1996) EH Bilduko Bizkaiko zerrendakideak.

Eraitz Saez de Egilaz (Beasain, 1996) eta Einar Oseguera (Gasteiz, 1992) Gipuzkoa eta Arabako zerrendakideekin elkartu da Ruiz, EH Bilduren Donostiako egoitzan, gazteen arazoez eta datorren legegintzaldirako daukaten proposamenez hitz egitera. EH Bildu «borroka ezberdinen etxe komuna» dela defendatzen dute, eta desberdinen arteko talde lanaren ordezkari ere badira. Ernain militatzetik dator Saez de Egilaz, Ekainak 28 koordinakundetik Oseguera, eta Eragin herri mugimendutik Ruiz, beste militantzia batzuen artean.

Kanpaina «arraro» baina «polit» batean murgilduta daude hirurak, eta igandeko bozetarako aurreikuspen ona daukate. Aurtengo hauteskundeetan, soilik bi aukera egongo direla nabarmendu du Mikel Ruizek: «Iñigo Urkullu, gizon eskuindar gero eta erregionalistagoa edo Maddalen Iriarte, emakume feminista, ezkertiar eta abertzalea».

Igandean bertan, EAJ-PSEren «hegemonia» alde batera utzi eta «aldaketari» eman nahi diote bide gazteek; horretarako ondo ikusten dute, gainera, EH Bildu-Elkarrekin Podemos-PSE arteko akordioa. Iritzi dute azken legegintzaldian ez dela «ezer egin» gazteen nahi eta beharrei erantzuteko. «Azken lau urteotan, gure bizitza ez da aldatu: ikasketa prozesuekin lotutakoa ez da aldatu, unibertsitateko tasak ez dira jaitsi, lan kontratuak ez dira hobetu», dio Saez de Egilazek. Gipuzkoako hautagaiak, EH Bilduk 2016ko hauteskundeetako emaitzak berdindu edo hobetuko balitu, eserlekua lortuko luke Gasteizko Legebiltzarrean, eta argi ditu bere asmoak: «Nire helburu nagusia izango litzateke erakustea gazteok ere aukerak ditugula gure bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko. Zergatik lotzen da gizontasun hegemonikoarekin eta heldutasunarekin politika instituzionala eta erabakiak hartzeko legitimitatea? Eta zergatik gu beti bazterrera goaz? Heldutasuna gaitasunarekin lotzen da, eta gaztetasuna errebeldia negatibo batekin. Baina guk badaukagu gaitasuna erabakiak hartzeko, eta gai gara politika egiteko».

Lehendakari feministaren zain

U12an Maddalen Iriarte lehendakari bilakatuko balitz, lehenengo lehendakari feminista izango litzake. Horrek, Osegueraren iritziz, zeharo aldatuko luke EAEko politika. «Aurrera eramango dituen politikak ikuspegi feminista batetik egingo ditu. Ez bakarrik feminismoaren alde legeak edo neurriak hartzerakoan , baizik politika guztietan ikuspegi feminista transbertsal bat aplikatuko da eta guztioi onurak ekarriko dizkigu», esan du. Ildo horretan, eta LGTBI+ politikei erreferentzia eginez, gogora ekarri du iragan legealdian, Oihana Etxebarrietaren eskutik lortu zela trans legearen hirugarren artikulua aldatzea, eta «izugarrizko aurrerapausoa» izan zela. EAJren eredua, aldiz, kontrakoa dela esan du, “Pride eredua”; «borroka instrumentalizatzen du, politika zuriketak egiten ditu eta kapitalismo arrosa bultzatu».

ERREAKZIOAK

«Izugarrizko lana egiten ari gara kanpainan. Sendo gaude, edukiak zabaltzen ari dira»
EINAR OSEGUERA

«Herri mugimenduekin lan eginez gero, aldaketak posible dira»
ERAITZ SAEZ DE EGILAZ

«EAJk uko egin dio prozesu subiranistari azken legealdian; EH Bildu da erreferentzi subiranista bakarra»
MIKEL RUIZ