GARA
IRUÑEA
KORONABIRUSAREN KRISIA

33 positibo antzeman dituzte azken zenbaketan, 11 Bilbon

EAEko kutsatze kopurua (27 kasu) altua izan da berriz eta hilak 7tik egunero 30 kasu inguruko joera mantentzen da. Nafarroak (6 kasu) bihar erabakiko du maskara derrigortuko duen.

Ohi baino ordu batzuk beranduago eta prentsa ohar baten bidez, Lakuako Osasun Sailak igandean izandako 27 positibo berriak jakinarazi zituen atzo. Positibo horiek asteartetik ia aldatu ez den joera berresten dute. Ordiziako agerraldiaren ondoren, positibo kopurua behera egiten ari dela dirudi, baina atzoko datuek berritasun bat utzi dute: oraingoan kasu gehienak ez dira Gipuzkoan detektatu, Bizkaian baizik. 27 positiboetatik 11 Bilbon detektatu ziren, bi Barakaldon eta bana Sestaon, Trapagaranen eta Bermeon.

Gipuzkoari dagokionez, kutsatze berri bakarra izan da Ordizian. Bertan egunero PCR probak egiten jarraitzen dute, baina dozenaka dira orain, eta ez jada ehunka aurreko egunetan bezala. Beste hiru kasu Donostian erregistratu ziren eta Araba osoan beste hiru kasu berri baino ez ziren antzeman.

Ugalketa-tasak maila altuan jarraitzen du, 1,56koa, eta horrek erakusten du une zehatz honetan birusa hedatzen ari dela eta, beraz, prebentzioa eta detekzio goiztiarra oso garrantzitsuak direla. Horren erakusle, atzo Donostiako Udalak Etxadi kiroldegia ostiralera bitartean ixtea erabaki zuen, langileen artean kasu positibo bat atzeman ostean. Hala ere, Donostiako Udaleko iturriek atzo bertan jakitera eman zutenez, Osakidetzak positibo faltsu bat izan zela baieztatu zuen gerora, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ezarritako protokoloa aplikatzea eta instalazioak gaur bertan ireki ahal izango ditu normaltasun osoz.

 

Maskara bai ala ez

Nafarroak sei kasu positibo berri zenbatu zituen atzo, horietako bat Tuterako agerraldiarekin lotuta (37 dira orain arte) eta beste bi Iruñeko agerraldi berri batekin. Azken horri dagokionez, Gobernuak adierazi zuen bi positibo berri horiek familia-harremana dutela aurreko beste bi kasurekin, eta horiei aurretik erregistratutako bosgarren bat ere gehitu behar zaiola, orain kaltetuetako batekin lotura profesionala duena.

Horrela, Iruñean kokatutako agerraldi berriak, oraingoz, bost pertsona batuko lituzke, kontaktu kopuru nahikoa mugatuarekin. Aipatutako iturriaren arabera, sanferminetan egindako bazkari baten ondoren sortutako agerraldiarekin –21 kasutan mantentzen dena– ez du inolako loturarik. Gainera, erregistratutako beste hiru kasuak ez daude aurretiko agerraldiekin lotuta. Nafarroako Osasun Sailak hainbat lan esparru mantentzen ditu kontaktuen bilaketarekin lotuta, bai eta aurreko egunetan sortutako agerraldietatik isolatuta dauden pertsonen zaintzarekin ere. Hori dela eta, ez da baztertu behar hurrengo egunetan gorabeherak izatea.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, igandean beste bi alta eman zituzten eta ez zen ospitaleratze berririk izan. Egun 13 paziente daude ospitalean eta horietako bat ZIUn. Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu zuenez, Osasun Sailak beste erkidego batzuekin batera parte hartu zuen atzo Lurraldearteko Kontseiluan, covid-19 birusaren inguruko egoera aztertzeko.

Datu berriek egoera kontrolpean dela iradoki ondoren, maskara erabiltzearen derrigortasunari buruzko erabakia bihar hartuko dutela iragarri zuen Maria Chiviteren Gobernuak. Trantsizio Batzordearen bilera deitu du gaur, baina proposamen bat prestatzen ari direla aurreratu zuen atzo, «espazio irekietan zein itxietan maskara erabiltzea arautuko duena, eta asteazkeneko [bihar] bileran aztertzea aurreikusten dena».