Nagore BELASTEGI
KULTURARI BABESA

Euskal liburugintzako bost elkartek sektorearen aldeko dokumentu bateratua aurkeztu dute

Interes desberdinak dituzten arren, batzen dituzten horiek defendatzeko bildu dira bost elkarteak. Asmoa euskal kulturaren eta euskal liburugintzaren aldeko plan zehatz bat proposatzea da, eta bestelako elkarteekin batera lanean aritzea. Sektorearen iritziak entzun eta beharrak kontuan har ditzatela eskatu diete instituzioei.

gara-2020-07-16-Noticia

Euskal liburugintzako arlo desberdinetako bost elkartek bat egin dute sektorea defendatzeko proposamen bateratua osatzeko. Euskal Idazleen Elkartea, Eizie (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea), Editargi (Nafarroako Editore Independenteen Elkartea), Euskal Editoreen Elkartea eta Galtzagorri Elkartea (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Elkartea) izan dira dokumentua sinatu dutenak, baina gainerako elkarteekin harremanetan jartzen jarraitzeko asmoa azaldu zuten atzo Donostian egin zuten agerraldian.

Batasun horren garrantzia azpimarratu zuten, guztiak liburugintzan aritzen diren arren interes desberdinak dituztelako eta, hala ere, komunean dituzten horien alde egin nahi dutelako. Izan ere, ikusi dute «bakoitza bere aldetik ez doazela inora».

Orain arte instituzioek euskal kulturari babesa emateko abian jarri dituzten laguntzak eskertu zituzten arren, «aski ez» direla esan zuten. Hala, beste sektore batzuekin egin duten bezala –industria, esaterako–, kultura ere erdigunean jartzeko eskatu zieten instituzioei, honi soilik «apurrak» eman ordez.

«Kulturak erdigunean egon beharko luke, euskaratik eginak batez ere, euskarak egiten gaituelako garena. Izurrite honek lehendik bazetorrena lehertu egin du», azpimarratu zuten. «Kultura ez da luxu bat; ez da beste zereginik ez dugunean egiten duguna. Kultura inoiz ez da industriaren mailan kokatu, ez dute ikusten balio handiko ondasuna dela. Nazioa, mundua, ezinezkoa litzateke kulturarik gabe. Euskal kultura galtzen badugu, galtzen dugun hori ez dugu berreskuratuko», salatu zuten.

Horiek esanda, «euskararen normalizaziorako izan dugun tresna hau heriotzatik gertu» dagoela ohartarazi zuten. Hori dela eta, laguntza bat baino gehiago eskatzen dute aurkeztutako dokumentuan, etorkizunerako inbertsio plan bat. «Orain arte egindako eskaera batzuk bete dira, beste batzuk ez. Garbi gelditu da laguntzak hauskorrak direla. Beste sektore batzuk larrialdian dauden bezala, kultura ere bai», azpimarratu zuten.

Liburugintzari begira

Liburugintzara mugatuz, aldarrikatu zuten idazleen presentzia bermatzea garrantzitsua dela. Horiei esker euskarara beste kulturak ekarri ahal izatea txalotzen dute, baina alderantziz ere, euskal kultura kanpora ateratzea, ohikoagoa izatea nahi lukete.

Liburu-dendei dagokienez, saltzaileen formakuntza proposatzen dute kontsumitzaileei gomendioak emateko gai izan daitezen, eta liburutegiei begira jarriz, eskolakoak aipatu zituzten, desagertzen ari omen direlako. «Zein formazio emango diegu haurrei, liburutegirik ez badute eskolan?», galdetu zuten.

Hala, inbertsioak urtean behin baino, «plurianualak» izatea proposatu zuten, alegia, proiektu zehatzak bultzatzera bideratuak izatea. Bestalde, elkartu diren elkarteek esan zuten prest daudela EAEko, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko instituzioekin hitz egiteko, sektorearen iritzi eta ekarpenak emateko. «Gu entzutea eta kontuan hartzea eskatzen dugu», adierazi zuten.

Bestalde, aurkeztu duten dokumentuak, instituzio eta politikariei helaraziko dietenak, proposamen orokorrak biltzen dituen arren, «euskararen ekosistema txikia baina oso anitza» izanik, ideiak moldatu eta egokitzea posible dela argitu zuten.

Neurri zehatzak

Proposatutako dokumentuko neurrietako batzuk hauek dira: sortzaileei krisiak eragin dien galeraren %100a ordaintzea; beka gehiago ematea; sortzaileei estatus berezi bat aitortzea liburuen inguruko jardunak antolatzea erraztuz; horiei abantaila fiskalak ematea; hezkuntzan dauden programa literarioei jarraipena ematea; liburutegi, mediateka, kultur etxe eta elkarteen ekimenez antolatzen diren jardun literarioei bultzada bat ematea, krisialdi honetan eten ez eta, telematikoki besterik ez bada, mantentzea; eta antolatu ostean bertan behera gelditu diren jardunaldiak konpentsatzea.

Sortzaileez gain, liburuaren katea osatzen duten enpresa eta autonomoentzako neurri zehatzak ere proposatu dituzte: kreditu lerroak irekitzea; liburua «lehentasunezko» produktu gisa onartzea; liburuen zergak murriztea; argitaratzeko laguntzak handitzea; hezkuntza liburuak sortzeko laguntzen funtsak handitzea; liburu bonu kanpainak bultzatzea sasoi desberdinetan; liburutegietarako liburuen erosketak arintzea eta bultzatzea; familiek behar dituzten liburuak erosteko laguntzak ematea; testuliburuak erosi behar dituzten familien zergak arintzea; eta irakurketa bultzatzeko eta sektoreari prestigioa emateko kanpainak egitea.