Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Eskalatzaile gazteenen jardueren maila, ahoa bete hortz geratzekoa

Theo Blass-ek (10 urte) «Souvenirs du pic» bidea (8c) kateatu berri du. Mailahori lortu duen eskalatzaile gazteena da. 13 urteko Matteo Soulek, berriz,«Dieu merci»-rentzat 8c+ edo 9a proposatu du.

Azken hamarraldi luze honetan, kirol eskaladan, haurren zein nerabeen goreneko jardunek erakutsi dute aurreikuspenei ezin zaiela mugarik jarri. Batzuek agerraldi sutsua izan zuten, eta, kasu batzuetan, helduen mailatik gertu ibili ziren. Estralurtarrak deitzen genien. Zaila zen maila hori nola lor zezaketen ulertzea. Baina denboraren poderioz eskalada horiek testuinguruan kokatu eta egoera normalizatu egin da.

Azken asteotan, “txiki” hauek ezustean harrapatu dute berriro ere eskalatzaileen komunitatea. Normala al da 10 urteko batek 8c zailtasuneko bide bat kateatzea? Orain gutxira arte, ez, baina ohitzen hasi gara. Lerrootan adina mugatu eta 10 eta 15 urte arteko protagonistek egin berri dituzten igoeren berri emango dugu.

Horietako bat Theo Blass dugu. Hamar urte besterik ez ditu, eta Saint Guilhem le Desertin-en “Souvenirs du pic” bidea (8c) kateatu berri du. Nolabait esateko, errekor berria ezarri du; maila hori egin duen eskalatzaile gazteena da. Ashima Shiraishik eta Adam Ondrak zailtasun bera 11 urterekin erdietsi zuten.

Blassek oso ekinaldi gutxi behar izan ditu marra hori biribiltzeko: zortzi bisita. Eraginkortasun horrek, jakina, asko harritzen gaitu, besteak beste, eskarmentu handirik ez duelako. Txikia da zentzu guztietan. Adinean zein garaieran (140 cm). “Souvenirs du pic” marraren goialdea ezagutzen zuen. Iaz probatu eta sekzio hori (8b) patrikara eraman zuen. Kateatu berri duen bideak era askotako mugimenduak ditu eta zailtasunean iraunkorra da. Jardun honen inguruan haurraren aitak honakoa adierazi du: «Bi ondorio atera ditut. Nagusiok aipatzen ditugun zailtasunek haurrentzat ez dute batere zentzurik. Adibidez, Theorentzat bide horrek baditu bi mugimendu gogor; hots, giltza direnak. Bada, nagusientzat oso errazak dira. Eta, bestetik, nagusiok xede baten aurrean beldurrak, frustrazioak eta porrotak bizitzen ditugun bitartean, haur hauek esperientzia hori jolas modura sentitzen dute».

Blassen ibilbideari dagokionez, oso goiz hasi zen eskalatzen, baina 8 urterekin jarraikortasuna izan zuen. Egundoko progresioa izan du. Urte eta erdian 6b+ zailtasunetik 8bra igaro zen. Bide batez, haurraren aitak aitortu du entrenamendu sistema nahiko kaotikoa duela: «Motibazioaren eta urteko garaiaren arabera entrenatzen da. Eta, jakina, beste ekintza batzuek denbora uzten diotenean. Ez da geldirik egoten. Mendiko bizikleta eta eskia gustuko ditu, baita jardinean etxola bat eraikitzea ere. Itxialdiaren hasieran ez zegoen batere motibatuta, baina entrenatzen hasi eta sasoi puntua berreskuratu zuen».

Mugarik ez

Matteo Soule ere frantsesa da. Blass-ek baino hiru urte gehiago ditu. Bere azken jarduerarekin argi utzi du muturreko zailtasunak ez diola ihes egiten. Tarn-eko zintzurretan dagoen Tennesee izeneko sektore ezagunean “Dieu merci” bidearen lehen igoera sinatu berri du. Eta marra horrentzat 8c+ edo 9a proposatu du. 50 metro luze da, eta “Ailes du desir” bide klasikoaren (8a) irteera zuzena hartu zuen. Horren ondoren, eskuinaldera jo eta blokeko 8a mailako mugimenduak gainditu behar izan zituen. 8a+/b mailako sekzio batek katera eraman zuen, baina aurretik mugimendu aleatorio bati aurre egin behar izan zion. Denera, xede hori patrikara sartzeko, zortzi bidaia egin behar izan zituen. Proposamen horren zailtasuna baieztatzen bada, “Dieu merci” bidea Tarn-eko gogorrena bihurtuko litzateke.

Amaitzeko, Niki Rusev aipatuko dugu. 7 urterekin hasi zen eskalatzen; egun, 14 ditu. Eskalatzaile bulgariar honek bederatzigarren esferan sartzeko aukera izan du. Horretarako, Karlukovon dagoen “Napred I Nagore” marra (9a) igo du. Bidearen ezaugarriei dagokienez, lehen 30 metroek 8c maila dute. Ondoren, sabai batean 8c+ zailtasuneko sekzio bat gehitzen zaio, eta 7b+ maila duen bost metroko boulderreko sekzio batean du amaiera.