2020/07/22

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Gudari eguna
Lorpen ikaragarria, hitzaren bi zentzuetan: ordutik hona jende asko ikaratu du, eta berealdikoa da. Euskal gudaroste baten arrakastarik handiena, apika, Orreagakoaz geroztik

Edozeri buruz ari garela ere, hemen aukerak bi –eta soilik bi– dira guretzat beti (Oteiza / Txillida, Beloki / Eugi, Atxaga / Sarri... segi zerorrek). Bada kasu bat, hala ere, adostasunerako tartea eskain dezakeena: Gudari eguna.

Bakoitza bereari so, akaso inor gutxi ohartu da bi dauzkagula egutegian. Urriaren 28an Eusko Gudarosteko berrogeita bi gudariren 1937ko fusilamenduak gogoratzen ditu EAJk. 1975eko irailaren 27an ETAko Txiki eta Otaegirenak (eta Espainiako FRAPeko hirurenak) gogoratzen ditu ezker abertzaleak. Gudarien fusilamenduak gogoratu ordez, beren lorpenen tamaina ospatzeko aukeratu behar bagenu, ia erabatekoa izan liteke irailaren 27aren aldeko adostasuna, 1540ko irailak 27 zituenean onartu baitzuen Paulo III.ak Jesusen konpainiaren sorrera.

Hamar apaiz soilen eskariz hasi zen Erromako aita sainduaren eta haren elizaren aldeko gudarosterik indartsuena izango zena. Horien buru, Loiolako Inazio, «gure patroi haundia». Luteroren eta Kalbinoren irakaspenen kontra egindako gudua dela-eta, Eliza katolikoak biziraupena zor dio seguru asko. Lorpen ikaragarria, hitzaren bi zentzuetan: ordutik hona jende asko ikaratu du, eta berealdikoa da. Euskal gudaroste baten arrakastarik handiena, apika, Orreagakoaz geroztik.

Jesusen Konpainiak izan zuen porrotik, ordea. Bi –eta bi soilik– aipatuko ditut. Astronomian heliozentrismoaren kontra egin zuten gogor jesuitek: Jainkoak ezarritako lur-zeruen ordena apurtzen zuen mundu-ikuskera horrek. Matematikan zenbaki infinitesimalei egin zieten gudua, zenbaki txiki-txiki zatiezin horiek anomalia baitzekarkioten ordena jainkotiar perfektuari. Gorriak pasarazi zizkieten Galileo Galileiri eta beste batzuei, baina azkenean zientziak nagusitu zitzaizkien jesuiten dogmei.

Euskaldun gisa, jesuiten kontrarreformaren garaitza begi onez ikusten dutenak ere lotsatu egin beharko lirateke egiaren eta zientziaren kontrako fanatismo jesuitaren aurrean. Horri guztiari buruz pentsatu beharko genuke hurrengo irailaren 27ra itxoin gabe, datorren uztailaren 31ren bueltan.