GARA
WASHINGTON
KORONABIRUSAREN KRISIA

Kaliforniak eta Floridak New York gainditu dute kutsatze kopuruan

Ameriketako Estatu Batuek 4,2 miloi koronabirus kasu baino gehiago dituzte jada, Kalifornia eta Florida bezalako estatuek markak hautsi eta New York gainditu ostean. Mendebaldeko estatua pandemiaren epizentro bihurtu da, eta, Floridan, Ron DeSantis gobernadoreak maskara derrigortzeari uko egin dio. Atzo 12.180 positibo berri izan zituzten.

Kalifornia pandemiaren epizentro bihurtu da AEBetan. Ia 450.000 positibo zenbatu dituzte dagoeneko herrialdearen mendebaldeko estatuan. Ondorioz, New Yorkeko 411.000 positiboak gainditu dituzte; izan ere, martxoan eta apirilean erregistratutako gailurren ondoren, behera egin du AEBetako ekialdeko estatuko kurbak.

Kaliforniak 9.231 kasuren berri eman zuen aste hasieran; 7.091 lagun zeuden ospitaleratuta, horietako 2.000 zainketa intentsiboetan. Kutsatze maila 100.000 biztanleko 1.000 kasukoa da. 8.428 hildako zenbatu ditu oraingoz Kaliforniak, New Yorkeko 25.058 hildakoetatik urrun oraindik. Mark Ghaly Osasun idazkariaren hitzetan, hori bai, AEBetako estaturik handiena aurreikusten den «kasu kopuru handiari» erantzun ahal izateko prestatzen ari da. Covid-19 kasuak Los Angelesen ari dira hedatzen batik bat, nagusiki latinoen artean.

Gorakada kezkagarri horren aurrean, neurri zorrotzak hartu dituzte Kalifornian. Horren erakusle, jatetxeak, tabernak, zinemak, museoak eta zoologikoak berriro itxi behar izan dituzte, ateak ireki eta aste gutxira. Eta maskara nahitaez erabili behar da leku publikoetan.

Floridan, ordea, Donald Trump presidentearen aliatu politikoa den Ron DeSantis gobernadoreak maskara derrigortzeari uko egin dio. Atzo, 12.180 kasu berri eta 124 hildako izan zituzten –guztira, 5.854–. Dagoeneko pandemiak gehien kaltetu duen bigarren estatua da. Orotara, 423.855 kutsatu izan dituzte.

Azken hilabete luzean positiboek etenik gabe egin dute gora AEBetan. Zenbait hirik irekiera gelditu behar izan dute, eta etxeratze aginduak ezarri. Udal gobernu ugarik erabaki dute maskarak jartzen ez dituzten herritarrak zigortzea.

Pandemia hasi zenetik gogorren jotako AEBetako estatua New York da. Herrialdeko hiriburu ekonomikoan behera egin du hildakoen kopuruak maiatzetik aurrera, baina deskonfinamendua mugatua da oraindik ere, pandemiaren olatu berri baten beldur baitira. Turismoa geldirik dago, bulegoak ia hutsik, negozio asko itxita... Hala, aspaldiko partez, %20ko maila historikora heldu da langabezia.

Irailean eskolak berriro irekitzea aurreikusten duten arren, Bill de Blasio New Yorkeko alkateak astean bi edo hiru egunez soilik izatea espero du. Horrek, noski, guraso askori normaltasunez lan egitea galaraziko die. Egoera ikusita, New Yorketik alde egin dute milaka lagunek.