Isabel SACO (EFE)
KORONABIRUSAREN KRISIA

Koronabirus honek urtaro eta klima guztiak atsegin ditu

Covid-19 gaixotasunaren eragile SARS-CoV-2 koronabirusa ez da neguko hotzarekin aktibatzen, gripe arruntari gertatzen zaion modura, eta ez da beroaren beldur, munduko bi herrialde kaltetuenetako –Amerikako Estatu Batuak eta Brasil– tenperatura altuek erakusten dutenez. Izatez, atzo Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) jakinarazi zuenez, «pandemiaren sei hilabeteok erakutsi dute urtaroak ez duela eraginik birusaren zabalkundean».

«Jendeak irudipen orokorra dauka birusa estazionala dela; baina kutsatu zenbaki ikaragarria dago AEBetan udaren erdian, edota Brasilen, Filipinetan eta tenperatura handiak dituzten beste zenbait herrialdetan», zehaztu zuen OMEko eledun Margaret Harrisek Genevan emandako prentsaurrekoan. Koronabirus berri honek beste koronabirus batzuek eta arnas arazoak eragiten dituzten birusek ez duten jokamoldea duela azaldu zuen, azken horiek estazionalak baitira eta pertsona batetik bestera transmititzeko duten gaitasuna handitu egiten baita giro hotzean.

«SARS-CoV-2 birusak ez du berdin jokatzen. Klima guztiak ditu gustuko, eta atsegin du pertsona batetik bestera jauzi egitea gertu daudenean», agertu zuen Harrisek.

Hego hemisferioarekin, adi

Pandemiaren erdigunea Amerika kontinentean dago egun eta Hego Amerika negu betean sartuta dago. Eta egoera horretan, OMEren arabera, nahasmen eta beldur handi samarrak sor daitezke, koronabirusa eta gripea elkarrekin batera zirkulatzen arituko direlako. Hori dela-eta, Harrisek esan zuen bere antolakundea hego hemisferioko egoerarekin eta bertan egiten ari diren proben emaitzekin bereziki adi dagoela.

«Momentuz, behintzat, covid maila handiak ikusten ditugu, ez da halakorik gertatzen gripearekin. Eta hori interesgarria da. Hego hemisferioan gripearen sasoia atzerapenez iritsiko dela uste dugu», azpimarratu zuen Osasunaren Munduko Erakundearen ordezkariak.

Bi birusek une berean hedapen handia izango balute, egoera arduratzekoa litzateke; batik bat, herrialde ezberdinetako osasungintza sistemek presio handia jasango luketelako. «Horregatik egiten dugu gomendioa gripearen aurkako txertoa denek har dezaten, birus horrek kolpa ez ditzan, behintzat», zehaztu zuen.

Herrialde batzuetan covid-aren probek duten prezioen gainean ere galdetu zioten kazetariek Harrisi; batez ere, sarritan gizabanakoak berak jarri behar duelako sosa bere poltsikotik. Kongoko Errepublika Demokratikoaren adibidea jarri zioten mahai gainean –munduko herrialderik txirotuenetakoa izanik, 30 dolarreko balioa du probak–, eta Mexikokoa: 500 bat dolar ordaindu behar dira diagnostiko molekularreko testa egin ahal izateko.

OMEko eledunaren hitzetan, beren helburu eta gomendioa da «gero eta test gehiago egitea, ezinbestekoa delako birusa non dagoen jakin ahal izateko. Baina proba horiek egiteko baliabide eta mekanismoak estatu bakoitzaren esku daude». Bere erakundea mundu osoko gobernuei zuzentzen zaiela ere bota zuen Harrisek, «testak herritarrentzako ahalik eta eskuragarrien jar ditzaten».

Txertoa, noizko?

Komunikabideetako ordezkariek txertoaren eta berau lortzeko epeen inguruan galdetzeko ere baliatu zuten Genevako agerraldia. Izan ere, azken egun hauetan horri buruzko hainbat adierazpen egin baitira.

Esaterako, joan den ostiralean OMEko zientzia arloko arduradun nagusi Soumya Swaminathanek esan zuen hiru txerto entsegu klinikoetako hirugarren fasean daudela jada –alegia, dozenaka milaka pertsonarekin probak egiten hasteko moduan, segurtasun eta baliagarritasun mailak neurtze aldera–, eta emaitzak sei hilabete barru ezagutzeko aukera legokeela. Anthony Fauci AEBetako epidemiologo sonatuena urrunago joan zen herenegun: Moderna enpresa estatubatuarrak garatu duen eta hirugarren fasean legokeen txertoaren emaitzak herrialde hartako presidentetzarako hauteskundeen aurretik prest egon litezkeela bota zuen; alegia, azaroaren 4a baino lehen.

Harrisek ez zuen gehiegi sakondu nahi izan: OMEko lankidearen hitzei buruz, esan zuen txertoen entseguan 3. fase batek behar izaten duen ohiko denboraz jardun zela; eta Faucirenen gainean, «hark duen informazio zehatz bat» dela bota zuen.