Elkarrizketa
ONINTZA GOÑI
LEKU-ONA TABERNA (ETXARRI-ARANATZ)

«Nik gazteei esaten diet goizetik hasteko eta egunpasa egin dezatela»

Nola daramazue pandemiak sortutako egoera?

Jendea lasaitzen ari dela ikusten da. Alde batetik, beldurrik ez duen jendeak berdin-berdin ateratzen jarraitzen du, baina bestetik bada jendea oraindik ez dena kalera ateratzen. Oro har esango nuke jende gutxiago dabilela.

Zuek herriko plazan bertan zaudete eta terraza ere baduzue…

Bai, jendea taberna barruan ez da geratzen; eskatzera sartzen da eta gero terrazan egoten da. Egia esan, horrek lasaitasuna ematen dit, edukiera kontrolatuta dudalako. Bezero guztiak mahaietan eserita daude eta inongo arazorik ez. Badirudi jendea ohitzen ari dela «normaltasun berri» honetara.

Gustura zaude, beraz.&hTab;&hTab;Bai, eguraldi ona badago, eta jendea terrazara ateratzen den bitartean, ezin dut gehiago eskatu. Izan ere, hasieran ez genekien zeri egin behar genion aurre. Egia da langileak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean izan ditudala, ni bakarrik aritu naizela hasieran… baina oro har nahiko ondo.

Asteburu honek jaietako asteburua izan beharko luke. Jende pilaketek kezka sortzen dizue?

Niri beldurra ematen didana larunbat gaua da, jendea atera egiten delako. Egia da goizeko ordu biak arte irekitzeko baimena bakarrik dugula eta ordu horretan itxi egingo dugula. Gainera, saiatuko gara ordu horretaraino terraza mantentzen, jendeak ikus dezan ez dela martxarik egongo, ez dela beti bezala izango. Gero bai, igandetik aurrera lasaiago ibiliko gara. Hala ere, gazteei proposatzen ari naiz goizetik hasteko, gosariarekin, eta egunpasa egin dezatela; garaiz erretiratu eta hurrengo egunean berriz.

Eta jaiak pasata, zer-nolako uda izango dela espero duzu?

Nik uste dut ez dela mugimendu handirik izango, jende asko inoiz baino lehenago eskapatuko delako oporretara. Gauza asko ari da entzuten eta jendeak lehenbailehen atera nahi du.