2020/07/31

Pablo Aguero eta Antonio Mendezen lanak Sail Ofizialean lehiatuko dira
GARA|DONOSTIA
0731_kul_akelarre

Zinemaldiak aurtengo 68. edizioan parte hartuko duten Estatu espainolean ekoitzitako lanak aurkeztu ditu. Horietatik bi Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira: Pablo Agueroren “Akelarre” eta Antonio Mendez Esparzaren “Courtroom 3H”. Bi horiez gain, Rodrigo Sorogoyenen “Antidisturbios” telesaila ere Sail Ofizialen baina lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da, baita Aitor Gabilondoren “Patria” telesailaren zati bat ere.

Pablo Aguero argentinarra Sail Ofizialean izan zen 2015ean “Eva no duerme” lanarekin. “Akelarre” bere bigarren saiakera izango da, euskaraz eta gaztelaniaz egindako filma. Amaia Aberasturi eta Alen Brendemuhl aktoreak dira protagonistak; Euskal Herrian filmatutako lan hau drama historiko bat da XVII. mendeko sorginkeriaren auzia erdigunean kokatzen duena.

Antonio Mendez Esparza, bestalde, Zinemaldian 2012an (“Aquí y allá”) eta 2017an (“La vida y nada más”) izan zen, oso kritika onak jasoz. “Courtroom 3H” ez-fikziozko film luzea da, eta adin txikikoak epaitzen dituen Floridako epaitegi batean girotuta dago.

Rodrigo Sorogoyenek (Madril, 1981) hirugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurreko edizioetan, “Que Dios nos perdone” (Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016) eta “El reino” (2018) filmekin parte hartu zuen.

Zuzendari berriak

Aipatu lanez gain, Estatu espainolean ekoiztutako beste film batzuk ikusi ahal izango dira. Esaterako, Woody Allenek Sail Ofizialean eta lehiaketatik kanpo Donostian filmatutako “Rifkin's festival” aurkeztuko du.

New Directors sailak, lehen eta bigarren filmak biltzen dituenak, film laburrean eskarmentu handia duten bi zinemagileren debuta hartuko du. David Perez Sañudo (Bilbo, 1987), mundu osoko jaialdietan ibili ostean eta Zinemira-Kimuak sailean “Aprieta pero raramente ahoga” (2017) aurkeztu ondoren, bere lehen film luzearekin lehiatuko da: “Ane” (euskaraz filmatua), ama baten eta desagertutako alabaren arteko mugen eta komunikazioaren ingurukoa.

Bestalde, Isabel Lambertik (Bühl, 1987) “La última primavera” koprodukzio espainiar-holandarra aurkeztuko du eta Imanol Royok (Iruñea, 1984) bere bigarren film luzea aurkeztuko du, “Hil kanpaiak”, Miren Gorrotxategiren “33 ezkil” eleberrian oinarritutako istorioa.