2020/08/02

Artola-Rezusta lider oso sendoak bilakatu dira
I. C.

EZKUR.-ARANG. 6

ARTOLA-REZUSTA 22


Oso misterio gutxikoa izan zen Ezkurdia-Aranguren eta Artola-Rezustaren arteko Caixabank Masterseko partida. Labriteko harmailetan ere ez zen aurreko partidako –Promozioko Binakako finala– giro bera sentitzen. Gauzak hala, urdinek sekulako erakustaldia eman zuten bigarren partidan, orain arte egin duten bezalaxe, eta 6-22ko emaitza lortuta, udako txapelketa inprobisatu honetako lider sendoak dira bost garaipen lortuta.

Beñat Rezustak, beste behin, oso atzean mantendu zuen Aranguren. Eta aurrean, Iñaki Artolak nahi zuen guztia egin zuen ahalmenik gabeko Ezkurdiaren kontra.

Aurrelari gipuzkoarrak 12 tantorekin –eta sakez beste bat– amaitu zuen norgehiagoka eta bere atzelariak beste hiru tanto bildu zituen.

Ederra benetan, Artolak airez egindako dejada goxoa txokoan 4-10ekoa egiteko. Pilota hilik utzi zuen. Aurrerago, Rezustak oso atzean ipini zuen pilota bat, tanto bihurtuz. Urdinek 0-9ko partzial bat egin zuten partidako momentu horretan, eta 0-5eko beste bat, neurketaren amaieran, txapelketako bosgarren garaipena lortzeko eta beste bikoteei gorputzean beldur pixka bat sartzeko.