GARA
DONOSTIA

Lasaon hondakinak ibaira ez botatzea exijitu du Eguzkik

Eguzki talde ekologistak Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoko gasolindegi ondoko auto garbitokian hondakinak Urola ibaira botatzen ari direla salatu eta bideo bat zabaldu du. Agiri batean Eguzkik nabarmendu duenez, «gure ibaien errealitateetako baten isla garbia da».

Talde ekologistak azaldu duenez, «herritar batek abisatuta, Lasaoko auto garbitokira joan ginen eta Urola ertzean izugarrizko zabor pila zegoela egiaztatu genuen. Zabor horiek (autoen alfonbratxoak, pneumatikoak, karrozeria zati txikiak…) garbitokitik bota dituzte zuzen-zuzenean. Ez dira pilatu zoko horretan urek errekan behera ekarri dituztelako, baizik eta hortxe utzi dituztelako».

Ura agentziarekin harremanetan jarri ostean, jarraitzen du Eguzkiren komunikatuak, «erantzun ziguten isurketen ikuskaritza eta kontrola beraien eskumenekoak zirela, baina garbiketa bera udalen kontua zela». Azpeitiko Udalak zonaldea garbitzeko udal brigada bidali eta «zabor asko atera zuen». «Baina Urola ibaian Lasaoko garbitoki parean dagoen zaborraren arazoa ez da tarteka udal brigada bidalita konpondu behar den zerbait. Legez kanpoko praktika jarraitu baten ondorioa da, eta konponbidea legez kanpoko praktika hori etetetik etorriko da. Zaborra errekara botatzen duten garbitokiko erabiltzaileak, gaizki, jakina. Baina instalazioa kudeatzen duen enpresak ere izango du nolabaiteko ardura, ezta?», galdegin du Eguzkik.

«Urari dagokio zaintza, hondakinak botatzen jarrai ez dezaten. Enpresa neurriak hartzera behartzea ere badagokio, baita zigorrak ezartzea ere, horrela tokatzen bada. Konponbidea ez da ezer ez egitea», salatu du Eguzkik eta Ura agentziari esku hartzeko exijitu dio.