GARA
NEW DELHI

Modik meskita baten hondakinetan hindu tenplu bat egiteko lanak inauguratu ditu

Indiaren menpe dagoen Kaxmir isilpean esnatu zen atzo, salbuespen egoerak horrela aginduta, New Delhik haren estatus berezia bertan behera utzi zuen urteurrenean. Bitartean, Narendra Modi Indiako lehen ministro hinduistak eguna baliatu zuen Uttah Pradesh herrialdearen iparraldeko estatuan meskita baten hondakinetan eraikiko den Ram hindu jainkoaren omenezko tenpluaren lanak inauguratzeko, lehen harria jarriz.

Indiako gobernu zentralak etxeratze aginduak ezarri ditu azken egunetan Kaxmirren, «separatistek eta Pakistanek babestutako terroristek egun beltza bihurtu nahi zutelako urteurrena». Kritika ugari jaso ostean, bertan behera utzi behar izan zuen neurria, baina, pandemiaren aitzakia baliatuta, berrezarri egin du azken orduetan.

Bitartean, Kaxmirretik ehunka kilometrotara, Ayodhya hirian, Modik 40 kiloko zilarrezko adreilua jarri zuen Ram hindu jainkoaren omenez eraikiko den tenpluaren lanen inaugurazioan. Dozenaka hindu eremita, politikari eta herriko agintari egon ziren bertan, nahiz eta koronabirusarekin kutsatutakoak 1,8 milioitik gora diren.

Tenplu berria Babri izeneko meskitaren hondakinen gainean eraikiko da. XVI. mendeko meskita hinduistek suntsitu zuten 1992an, Modiren BJP alderdiaren kanpaina bati jarraituz. Auzitegi Gorenak proiektua onetsi zuen hamarkada askotako eztabaidaren ostean. Modiren garaipen bikoitza.