Mikel AGINAGALDE
LEITZA
Elkarrizketa
KOLDO URKIZA
ZORTZIKO KAFETEGIA (LEITZA)

«Denon ahaleginarekin aurrera egingo dugu, ziur»

Denbora gutxi daramazu kafetegiarekin. Nolakoa izan da negozio berriaren hastapena?

Bai, 21 urte igaro ditut Astizko aterpetxean lanean, baina pandemiak eten egin du ibilbide hori eta orain Zortziko kafetegiaren gidaritza hartu dut bikotekidearekin batera. Leitzan lanean daramagun hilabete hau positiboki baloratzen dugu, eta hasieran, behinik behin, gauzak ondo ateratzen ari direla esan dezakegu. Zerotik hasi gara eta gauza asko ikasten ari gara denbora gutxian. Gainera, egoera berri honetan eskatutako segurtasun neurriak hartu behar izan ditugu, lana are eta gehiago pilatu zaigularik. Baina gainontzean baikor gaude eta aurrera ateratzeko itxaropena daukagu.

Bezeroak hurbiltzen direla nabaritu duzue ala oraindik erritmoa hartzeke zaudete?

Aurreko nagusiak, krisia dela medio, pertsiana jaitsi behar izan zuen, eta herritar askok uste du oraindik itxita dagoela. Hala ere, gero eta pertsona gehiago etortzen da gure kafetegia ezagutu eta zerbait hartzera. Ikusten ari garena da, oro har, jendeak terrazaz gozatzeko gogoa duela, eta gure kafetegira gerturatzen diren gehienak helduak direla.

Uda betean gauden honetan, zein da epe labur-ertainera begira egiten duzun aurreikuspena?

Ez dakigu geroak zer ekarriko digun, baina baikorrak gara. Duela hilabetera arte aterpetxe batean ginen lanean, eta gaur, berriz, Leitzako kafetegi batean hasi dugu abentura berri bat. Bestalde, herriko festen inguruan ez dakigu jendeak nola erreakzionatuko duen. Guk zentzu horretan uste dugu ez dugula arazorik izango; izan ere, goizeko 6:30ean irekitzen dugu eta gaueko 9:00etarako ixten dugu.

Alderdi positiboa, berriz, bezeroek izan duten jarrera izan da. Oro har, eskatutako neurriak ondo bete dituzte, eta tabernan izan den jende kopurua nabarmena izan da. Denon ahaleginarekin aurrera egingo dugu, ziur.