Trinitate plaza egun bakarreko gotorleku bilakatuko dute piratek

Kortsarioek ez dute Kontxako badia abordatuko beren baltsen gainean eta Ezkila kapitaina buru duten kofradiek ez dituzte jarduerez beteko Donostiako kaia eta auzoak. Aurten ez dute hamar eguneko festarik egingo; baina, hala ere, azken hamazazpi urteotan bezala, Donostiako Piratek ez dute hutsik egingo. Aste Nagusi pirataren lekukoa Pirata Setioak hartuko du, pandemiak eragindako egoerara egokitutako eskaintza, eta, noski, aldarrikapena ere ez da faltako.

Donostiako Piraten mugimendua 2003an sortu zen bestelako Aste Nagusi bat sustatzeko, herrikoia eta alternatiboa. Aurtengo ezohiko egoeran mugimendua osatzen duten kofradia eta lantaldeek ez dute «festa giro masiborik bultzatuko», baina, aldi berean, ez diote uko egin nahi izan «kaleak gure egiteari, ezta herri mailako antolakuntzari eta gure mugimenduaren balioei ere».

Oztoporik ez zaie falta izan azken urteetan Donostiako Piratei –tasak direla, kaiko lanak direla...–, baina guztiei aurre egiten jakin dute. Oraingoan ere, mugei eta uda berezi honen baldintzei egokitutako proposamena atontzeko gai izan dira.

Hamar eguneko festak bakarrera mugatuko dituzte, betiere, jai pirataren izpiritua bizirik mantenduta. Antolatzaileek azaldu dutenez, «pena handiz murriztu dugu programa, baina badakigu aurten ez litzatekeela arduratsua izango egitarau handiegia bultzatzea. Hala ere, egindako lanari esker, lortu dugu Pirata Setioa antolatzea, utzi diguten heinean herritarrei alternatiba burujabe, aske eta herrikoi bat eskaintzeko».

Setioa burutzeko, gotorleku bilakatuko dute Trinitate plaza. «Zaintza eta babesa ezinbesteko ditugun honetan», piraten mugimenduaren hasierako urteetan «aterpe» izan zuten gunera bueltatuko dira. 2004n, mugimendua eratu eta hurrengo urtean, lehen La Flamenka ezarri zuten bertan, kaia jaien bihotz bilakatu aurretik.

Hastapenetara buelta hasiera-hasieratik bidelagun izan dituztenak omentzeko ere baliatu nahi izan dute. 2012. urtetik Donostiako Piraten balioekin bat datorren lana egiten duen eragile, elkarte edo talde batek gorpuzten du Matti, Ezkila kapitainaren laguntzailea. Urte gogor honetan, «mugimenduaren sorreran garrantzitsu izan ziren tabernariei» eskainiko diete ohorea, «hiriko komertzio txikien izenean».

«Elkar zaintzeko gunea»

Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren larritasuna dela-eta, Donostiako Piratek garbi dute aurtengo jaiek bestelakoak izan behar dutela. «Argi utzi nahi dugu festa masiboa ekidin nahi dugula, gurea elkar zaintzeko gunea dela eta, beraz, arduraz eta errespetuz jokatu beharra daukagula, egoera honetan bereziki», nabarmendu dute antolakuntzako kideek.

Lau ekimenek osatutako egitaraua aurrera eramango dute astelehenean, abuztuak 10. Eguerdian, 12:00etan puntuan, ekingo diote ekitaldi zerrendari, haurrentzako ikuskizun batekin. Bazkalondoan, berriz, musika emanaldia egingo dute, 16:30ean, eta, 19:00etan, bertso musikatuak. Amaitzeko, “Izan pirata” dokumentala proiektatuko dute, 22:00etan.

Jarduera horiek guztiak segurtasun neurriak aintzat hartuta eramango dituzte aurrera: beharrezkoa izango da une oro maskara jantzita izatea, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dute eta eserlekuak aldez aurretik antolatuko dituzte, segurtasun distantzia mantenduta. Edukiera mugatua izango dute, beraz, ekitaldiok eta parte hartzeko interesa dutenek gonbidapenak aldez aurretik hartu beharko dituzte, Internet bidez edota Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Belfast tabernetan.

Pertsona bakoitzak, gehienez, bost gonbidapen hartzeko aukera izango du, eta hori egitean, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat eman beharko ditu; beharrezkoa izango balitz, Osakidetzako aztarnariei eman ahal izateko. Edonola ere, mugimenduko kideek argitu dutenez, datu horiek guztiak hamabost egun igarota ezabatu egingo dituzte. Jardueren sarrera doakoa bada ere, egoera berezia izanik, elkartasuna adierazi nahi dietenek «borondatea» emateko aukera izango dute.

Jai herrikoien aldeko protesta egingo dute bihar Egian

Donostiako Piratak ez daude udal arduradunen jarrerarekin pozik. Salatu dutenez, «Donostiako Udalak ez du prestutasunik azaldu auzoetako jaiak antolatzeko, egoerari aurre egin eta moldatzeko herritarren saiakerei oztopoak baino ez dizkie jarri». Horren aurrean, jai herrikoiak eta parte hartzaileak aldarrikatzeko nahiz defendatzeko manifestazioa deitu dute, auzoetako jai batzorde eta Teknikariok sindikatuarekin bat eginda. “Gora jai herrikoiak! Jai herrikoirik gabe, jairik ez!” leloarekin bihar, abuztuak 8, egingo dute manifestazioa Gladysenea parkean, 12:00etan.

Egitarauarekin izandako gorabeheren aurretik ere, Udalaren jokabidearekin kritikoak izan dira. Hala, maiatzaren 15ean, Udalak aurtengo Aste Nagusia bertan behera uzteko erabakia ezagutarazi zuen egunean, ohar bat kaleratu zuten. Orduan azaldu zutenez, alarma egoeraren hasieratik jaiak ospatzeko zailtasunak aurreikusten bazituzten ere, Udalarekin harremanetan jasotako informazioa jaiak «normaltasunez» antolatzen jarraitzekoa izan zen.

Mugimenduak argi zuen arduraz jokatzeko unea zela eta ezin izango zituela festak bere osotasunean ospatu, beraz, hein batean Udalak azkenean hartutako erabakiarekin ados egonda ere, berau hartzeko modua gaitzetsi zuten piratek. Izan ere, prentsaren bidez jakin zuten Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalak gaiaren inguruan bilerak egiten ari zirela, baita azken erabakiaren berri ere.

«Beste behin argi utzi dute gure iritziak ez duela baliorik beraientzat». Are gehiago, deliberazioa bera «aldebakarrekoa» iruditu zitzaien eta ez eragileekin batera hartutakoa. «Donostiako Piratak, behintzat, ez gaituzte inora gonbidatu».

EGITARAUA:

Abuztuak 10, astelehena

- 12:00etan, haurrentzako ikuskizuna.

- 16:30ean, musika emanaldia.

- 19:00etan, bertso musikatuak.

- 22:00etan, “Izan pirata” dokumentalaren proiekzioa.

(Edukiera mugatua izango da, beraz, gonbidapenak aldez aurretik hartu beharko dira).