Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

«Hola!»... eta adio

Ni ere pentsatzen hasita nengoen dena «eurek» asmatutako gezurra zela, baina aste honetan argi pixka bat ikusi dut.

“Hola!” prentsa arrosako aldizkariaren gaineko aipu bat irakurri nuen Twitterren duela lauzpabost egun. Urteak ziren haren alerik ez nuela ikusi. Bi egun geroago, egunero egunkaria hartzen dudan kioskoan, nire aurrean agertu zen bat.

Portadako izenburu batek hala zioen: “On Juan Carlos Espainiatik kanpo biziko da”. Harrapazank. Beste batek, berriz, “Erregearen erabaki historikoa”. Haren azpian, Juan Carlos Borboik bere semeari bidalitako gutunaren pasarte bat: «Une hauetan Espainiatik kanpora lekualdatzeko erabaki hausnartua [«mi meditada decisión de trasladarme»] jakinarazten dizut». Geroxeago jakingo nuen zein baliotsua zen informazio hura.

Aldizkariaren webean kuxkuxeatzen hasi nintzen eta covid- 19aren ostean interes handiena sorrarazten duen kontuaren berri jakin nuen: «Osagarrien ahalmenari esker, eta lehendabizikoz maskararekin, [Cambridgeko] Dukesak neurrira egindako eta joan den udan estreinatutako alkandora itxurako diseinu hau pertsonalizatu du berriro».

Jarraian, emerituaren zenbait lagunek haren irteeraz esandakoak ageri ziren. Haietako batek, Raul del Pozo kazetariak, telebistako programa batean kontatu omen zuen errege zaharraren dei bat jaso zuela: «Espainiatik irten behar zuela esan zidan eta nik ulertu nion oporretan zihoala, baina asteburuan hitz gakoa atera da: ‘lekualdatu’». Eta hitz horren esanahia azaldu zuen: «’Lekualdatzeak’ ez du esan nahi ihes egitea, ezta erbestera joatea ere». Halaxe da, ni ere lerro hauek amaitu orduko, tabernara lekualdatuko naiz, baina ihes egin edo erbesteratu gabe.

“On Juan Carlos Espainiatik kanpo biziko da”. Bai, jauna, edozein emigrante bezala. Xaloa, tipoa.