donostia

Etorkizun hurbilean kokatu du Luis Gardek «Aireportuko musika» nobela

«Ehiztariaren isilaldia» eleberriarekin Euskadi Saria irabazi zuen Luis Gardek 2015. urtean. Orain, Pamiela argitaletxearekin berriro bat egin eta bigarren nobela argitaratu berri du, «Aireportuko musika», 2027-2029. urteen artean kokatutako thriller politikoa. Nobela beltza hausnarketa pertsonalekin nahasi du Garde iruindarrak etorkizunera begiratzen duen liburu honetan, hemendik urte gutxira sor litekeen gatazka bati erreparatuz.

Nagore BELASTEGI |

Etorkizun hurbilean kokatu du Luis Gardek bere nobela berria, “Aireportuko musika” (Pamiela). 2027an EHAS erakunde armatuak Leyre Olcoz nafar politikari eskuindarra bahitu du. Ekintzaileek baimena emango diote Olcozi eskutitzak idazteko emazteari zein hainbat politikariri. Bi urte beranduago Koldo Lakarek narratzaile lanak egingo ditu bahiketaren inguruko agiriak bilduz, gertatutakoa berreraikitzeko asmoz.

Idazleak berak azaldutakoaren arabera, «botere hegemonikoaren zein botere txikien inguruko gogoeta batzuk daude». Adibidez, ikusten da nola gobernuak ordaindutako hedabideek iritzi publikoan eragiten duten komeni zaion norabidean. Botere hori lortzeko lehia ageri da.

Finean, thriller politiko bat dela dio, nobela beltzaren elementuak dituelako baina, era berean, hausnarketa batzuk plazaratzeko erabili duelako testua.

Begia etorkizun hurbilean jartzea ez da ohikoa; are gutxiago, gatazka baten inguruan ari garenean, iraganera edo orainaldira jotzeko joera dagoelako halakoetan. Izan ere, «idazleari ez dagokio igarlearena egitea, baizik eta gizartean ikusten dituen joerak proiektatzea, hemendik urte batzuetara nolakoak izanen garen asmatzeko». Garderen ustez, «gauzak ez dira horren aise gainditzen. Inork ezin du aurreikusi hemendik urte batzuetara zer gertatuko den, orain pandemiarekin gertatu den bezala, inork aurreikusi ezin zuen bezala. Etorkizun posibleen artean arakatzea da literatura. Kontatzen direnak gerta litezke edo ez. Baina gatazka beti egon izan da, euskal belaunaldi askok ezagutu dute; orduan etorkizunean baliteke berriro gertatzea edo ez. Nik etorkizun posible bat aztertzen dut, baina ez bakarra», adierazi dio GARAri.

Idazteko, musika

Kartak, politikarien arteko elkarrizketak, kontrolatutako telefono deien transkripzioak, Youtubetik hartutako bideoak, pertsonaietako batek idatzitako poema, erakunde armatuaren diskurtso politikoa... denek osatzen dute eleberria. Eta horiek guztiak isiltzen direnean agertzen da «aireportuko musika». Idazlearentzat musika hori da urrunetik datorren soinu bat, hitzik gabea, identitaterik gabea, inpertsonala.

«Idazten dudanean askotan musika entzuten dut. Liburuan, zehazki disko bat aipatzen da, Brian Eno-rena. Nire lan egiteko musika bilakatu da, bertzelakorik ezin dut entzun idazten dudan bitartean. Inpertsonala da eta lan egiten uzten dit –kontatu digu Gardek–. Aireportuko musika ere bada, metaforikoki, gure bizi denbora. Gure zereginetan gauden tarte horretan ohartu gabe igarotzen den bizi denbora».

Era berean, aireportu batzuk agertzen dira kontakizunean, agertoki gisa. Horiek gizartearen metafora gisa ikusten ditu Gardek: «Leku erraldoiak dira, non jendeak ez duen elkar ezagutzen eta badoa bakoitza bere zereginetan sartuta, leku batetik bertzera, bere musika adituz. Irudi polita da».

Zer den arrakasta

“Aireportuko musika” Garderen bigarren eleberria da. 2015ean “Ehiztariaren isilaldia” idatzi zuen, Euskadi Saria irabazi zuena. Ordura arte poesia idazten eman zuen denbora, eta orain eleberrira itzultzea erabaki du. «Egia erran, inoiz ez dut pentsatzen arrakastan. Lehenengoarekin ere ez nuen halakorik espero. Nire ideia komertziala balitz eginen nuke nobela beltz bat, soila, hausnarketa kenduz, eta laburragoa, irakurgarriagoa bilakatzeko. Niretzat arrakasta gustura gelditzea da, eta irakurleek, bakan batzuek esaten didatenean gustatu zaiela, niretzat aski da. Eta, noski, liburua Pamielak argitaratu duela ikustea», aitortu du, apal.