GARA
IRUÑEA
EUSKAL HERRIRAKO ERESERKIA

«Gernikako arbola» ereserki gisa berreskuratzeko deia egin dute

Zazpi lurraldeetako hainbat musikarik, kantarik eta orkestra, abesbatza eta bandetako zuzendarik, Jose Maria Iparragirre jaio zeneko berrehungarren urteurrenean, «Gernikako arbola», «Euskal Herriaren batasuna» gorpuztu zuen abestia, ereserki ofizial gisa berreskuratzeko manifestua aurkeztu zuten atzo, Iruñeko Takonera parkean.

“Gernikako arbola” Euskal Herriko ereserki ofiziala izan dadila eskatu zuten atzo 80 musikari esanguratsuk. Manifestua Iruñeko Takonera parkean aurkeztu zuten, Julian Gayarreren estatuaren aldamenean, hain zuzen. Euskal musikari esanguratsuenetako baten jaiotzaren 200. urteurrena bete zen atzo, Jose Maria Iparragirrerena, alegia. Hala, egun nabarmen hori aintzat hartuta, abesti ezagun hori euskal lurraldeko ereserki ofiziala izatea eskatu zuten hainbat musikarik.

Axularrek 1643an osaturiko “Zazpiak bat” goiburua onartuta dago eta EAEko biztanleek beren ereserkia 1983an aukeratu zutela gogoratu zuten: “Eusko abendaren ereserkia”. Era berean, 1986tik, Foru Legearen bitartez, Nafarroako Foru Komunitateak bere ereserkia duela gaineratu zuten, “Gorteen ereserkia”, hain zuzen ere. Ipar Euskal Herriak, aldiz, ez du ereserki ofizialik, beraz, sinatzaileen esanetan, lurraldeon osotasunak «ez du batuko gaituen ereserkirik».

Ildo horretan, euren ustez, 1853an sortutako Jose Mari Iparragirreren “Gernikako arbola” ereserki aproposa da: «Nahikoa dugu oroimenean pixka bat arakatzea, ikusteko badugula ereserki eder bat, gaur arte elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua».

Izan ere, lehen aldiz jo zenetik, “Gernikako arbola” izan da, sinatzaileen iritziz, «euskal herritarren ereserkia», eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan. Horrez gain, izaera ofiziala izan zuela gogoratu dute, baina, batez ere, «herriaren babesa».

Ikertzaileen iritziz, herrialde «zaurituak» bere askatasunak galtzeak eta kantua euskal musika peto-petoa izateak eman zioten berehalako arrakasta eta denboran irautea, baina arrazoi nagusia da, sinatzaileen ustez, ereserkiak batez ere foruak eta Baskoniaren, Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituela, «isolamendurako edozein tentaziotik urrun» zegoen batasuna, guztiz bateragarria «euskaltasunaren ideia unibertsal eta humanistekin».

Non kantatu zen?

Beste ezein ereserki politiko ez zen horrela zabaldu Euskal Herriko eskualde guztietan, Tuteratik hasi eta Baionaraino. Izan ere, Erriberako paloteado makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan kantatzen zen, errege-erreginen harreretan eta sanferminetako zezenketetan, antzoki txikietan eta opera handietan. Horrez gain, euskal musikari handi guzti-guztiek jo zuten, bai eta haren bertsioak egin ere.

Merezimendu osoko edozein ereserkik bezala, “Gernikako arbolak” bere epika ere baduela gogoratu zuten. «Sortu eta bi urte baino igaro ez zirela, atxilotu egin zuten Iparragirre, gure lurraldetik kanporatu zuten hura kantatzearren», nabarmendu zuten.

Ereserkia, ordea, Euskal Herrian gelditu zen: «Debekatzen tematzeak hedatu egin zuen, haize askatzaile bihurturik». Nafarroan, foruen aldeko aldarri bihurtu zen Gamazadan eta foruak berreskuratzearen aldeko mugimendua hauspotu zuen 1919an. Ongi etorria eman zion Errepublikari. Estatutuaren aldeko biltzarren lekuko izan zen, lau probintzietako alkateak elkarrekin abestu zuten 1934. urtean, hain zuzen ere.

Manifestuaren arabera, frankistek eta naziek Gernika suntsitzean «herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasatu zen, totalitarismoen aurrean». Halaber, 1949an, Hirugarren Reicha menperatu izana ospatzeko, Ipar Euskal Herrian “Gernikako arbola” izan zen ereserki ofiziala, “Marsellesa”-rekin batera.

Agiriaren sinatzaile batzuk: Joseba Irazoki, Erramun Martikorena, Anje Duhalde, Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, Niko Etxart, Gontzal Mendibil, Eñaut Elorrieta, Jose Angel Irigarai (Ez Dok Amairu), Josu Zabala (Hertzainak), Amaia Zubiria, Xabier Saldias eta Gorka Knorr.