Arnaitz GORRITI
Txirrindularitza

Jumbo-Vismarena da aginte makila

Talde osoaren laguntza ederki baliatu du Van Aertek Dauphine Kriteriumekoaurreneko etapa irabazteko. Gran Piemonten George Bennett gailendu da.

Gutxien axola duena Dauphine Kriteriumeko atzoko etapa Eput Van Aertek irabazi izana da, Strade Bianche eta Milan-Sanremo irabazi berri dituen txirrindulari berbera. Edota George Bennettek bere kirol bizitza profesionalean aurrenekoz egun bakarreko lasterketa bat irabazi izana, Gran Piemonte hain zuzen ere. Askoz garrantzitsuagoa izan zen garaile biak Jumbo-Visma taldekoak direla ikustea eta, proba bietan, Dauphine Kriteriumean batez ere, Jumbo-Vismak erakutsitako sendotasuna eta lider izaera. Etapak kontrolpean eraman zituzten une oro, eta, nahi izan zutenean, erasoa jo eta garaipena lortu zuten. Egun, txirrindularitzaren aginte makila Jumbo-Vismak darama.

Estatu frantseseko errepideetan, Van Aerten alde lan egiteaz gain, gainontzeko taldeei argi erakutsi zieten Jumbo-Vismako kideek beraiek direla Dauphine Kriteriuma irabazteko faboritoak, ez Van Aertekin, Primoz Roglic esloveniarrarekin baino. Egia da, bestetik, Saint Christo-en Jarezeko helmugan Jumbo-Vismakoen arerio nagusi den Egan Bernalek, etapa hirugarren amaitu zuelako, lau segundoko gainsaria eskuratu zuela. Hala ere, Roglicek erakutsitako lider izaera eta Tom Dumoulinek urtebete pasa bizikletara igo ezinik pasa ondoren emandako maila harritzekoak izan ziren. Azken bi kilometroetako erasoei, batez ere Rigoberto Uranek jotakoari, beraiek erantzun ziete, morrontza lana eginez.

Harritzekoa, edo agian, larritzekoa, aldiz, Chris Froome atzean geratzen ikustea izan zen. Kenyan jaiotako britainiarrak ez omen du oraindik lekua bermatuta hilaren 29an hastekoa den Tourrean eta Dauphineko lehendabiziko etapan, teorian bost egunotako etaparik errazenean, tropelarekiko atzean geratzen ikusteak alarma gorri guzti-guztiak piztu zituen. Jonathan Castroviejo taldekide getxoztarra ondoan zuela, ia bost minutu eta erdira helmugaratu zen lau Tour, Vuelta eta Giroa irabaztea zer den dakien britainiarra. Azken kilometroetan hanka altxatu beharrean izan zen.

Euskal txirrindulariak, tamainan. Mikel Landa, Pello Bilbao, Gorka Izagirre eta Romain Sicard aurreneko taldearen denbora berean helmugaratu ziren. Hori bai, ikusi egin behar Landa gai den Jumbo-Vismaren aginte makila ezbaian jartzeko.

George Bennett, bikain

Esan gabe doa George Bennett ez dela Jumbo-Vismako liderra, baina Burgosko Itzulian Picon Blancoko igoeran erakutsi zuen maila bikainean dela uneotan. Hala, errazago ulertzen da Gran Piemonte proban, Italiako ipar-mendebaldean, Zeelanda Berriko 30 urteko txirrindulariak atzo emandako erakustaldia.

Zortzi kilometro eskasera jo zuen erasoa, azken-aurreko igoeran, eta tropela erabat zatitu zuen. Euria eta jaitsiera lagun, 21 segundoko aldea ere izan zuen, baina, azken unean, UAEko Diego Ulissik ia harrapatu egin zuen. Atzetik aurrera joanda, Alex Aranburu ezkiotarra seigarren postuan sailkatu zen.

Munduko Txapelketa, Suitzatik kanpo

Irailaren 20tik 27ra Munduko Txirrindularitza Txapelketa jokatzekoa zen Suitzako Aigle eta Martigny herrietan. Alabaina, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) Suitzatik at antolatu beharko ditu lasterketok azkenean, izan ere, Suitzako Kontseilu Federalak «1.000 lagun baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak» debekatu ditu covid-19aren eragina dela-eta, irailaren 30era bitartean gutxienez. UCIk, horrenbestez, beste leku bat bilatu beharko du orain ezinbestean. Behin betiko erabakia «beranduenez irailaren 1ean» jakinaraziko duela azaldu zuen atzo arratsaldean.

«Aigle-Martignyko zirkuituaren antzeko gogortasuna duen ibilbidea» bilatzen saiatuko dela nabarmendu du UCIk. Zurrumurruen arabera, Estatu frantsesean joka litezke txapelketok. A. G.