Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Norbereganatzea (II)

Bestelako interpretazioa egin izan da orrazkera berberak pertsona zuri batek eramatearen gainean. Errebeldia, inkorformismo eta baita burujabetasunaren adierazpen moduan antzeman izan dira. Moda kontua ere badira hein handi batean: nerabe nintzenean punta-puntakoa zen gutxienez rastak jartzea. Alternatibo eta sistemaren kontrako eman dezaketen jarrerak eta adierazpenak, ordea, arras sistematiko izan daitezke. Oraindik ere Europa osoan dagoen diskriminazioaren testuinguruan, “beste” izendatzen dugun horrek gure antza izatea nahi dugu, baina geuretzat nahi dugun bezala orrazteko, janzteko eta tatuatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu (ezin ahaztu hennaren erabilerak edo beste kulturetako sinboloetan oinarrituriko tatuajeek gaur egun duten arrakasta komertziala).

Pertsona zuriek, dela estatubatuarrak dela europarrak, hegoalde global anitzeko kultur adierazpenak erabiltzea balorazio positibo baten ondorio izan daiteke ala ezinbestez norbereganatze hutsa ote da? Galdera horri bueltaka aritu ziren ikasleak tarte batez, konponbide bat bilatu nahian. Kultur trukeak posible dira, eta kulturaren biziraupena horretan datza hain zuzen. Baina truke horiek, tamalez, ez dira modu horizontalean gertatzen. Aitzitik, botere dinamikek baldintzatuta daude. Globalizazioa bera paradigma horren adibide dugu: trukeak errazten ditu, baina batzuk “zabaldu” eta “zabaldu” ari diren bitartean, beste batzuek “jasotzea” beste irtenbiderik ez dute. Beste kulturen erabilera nondik abiatzen den kontuan hartzekoa da beti.