Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA

Urruntzearekin amaitzeko aldarria, Donostian

Haizearen Orrazitik eta Sagueseko Bakearen Usotik bi giza kate atera ziren atzo arratsaldean Izan Bidea ekimenaren baitan, euskal presoen Euskal Herriratzea egungo pandemia egoeran are eta beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko. «Espetxe politika honekin amaitu eta aurrera begiratzeko garaia da», nabarmendu zuen Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek. Era berean, Izan Bidea ekimenean jada 3.000 lagun baino gehiagok izena eman dutela txalotu zuen.

Arratsaldeko bost eta erdietan abiatu ziren Donostiako Haizearen Orrazitik eta Sagueseko Bakearen Usotik euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko bi giza kateak. Saguesen, dragoi batek, txistulariek eta Izan Bidea ekimenaren logotipoa irudikatzen zuen pankarta erraldoi batek zabaldu zuten giza katea. Protesta hasi aurretik bertaratutako komunikabideei eginiko adierazpenetan, Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek «espetxe politika honekin amaitzeko garaia» dela nabarmendu zuen, are gehiago, pandemia testuinguru honetan. «Ekimen honekin urruntze politika bertan behera utzi behar dela, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbidetu behar dela eta gaixotasun larriak dituzten presoek etxean behar dutela aldarrikatu nahi dugu. Salbuespen legedi horrekin amaitu behar da. Eta hori lortzeko, guztion arteko elkarlana behar da», plazaratu zuen.

Izan Bidea dinamikan jada 3.000 lagun baino gehiagok eman dutela izena ere azpimarratu zuen Oiarzabalek, «nahiz eta askoz gehiago garen ibiltarien sarean. Izan herrietan antolatutako ekimenen bidez edota norbanakoen ekarpenen bidez»

Bi giza kateak Donostiako kaian elkartu ziren. Bertan eginiko ekitaldian, Oiarzabalek eta Koban musika taldeko Onintza Rojas abeslariak irakurri zuten agirian, presoek eta haien senideek jasaten duten salbuespeneko egoera salatu zuten. «Lehen bikoitza baldin bazen, orain hirukoitza da jasaten ari diren zigorra, birusa dela eta isolamendura behartuta batzuk, beste batzuk senitartekoekin aurrez aurrekoa izan ondoren 15 eguneko itxialdira behartuak, kartzela bakoitza bere erabaki propioak hartzen… Askok bost hilabete daramatzate seme-alabak ikusi gabe», salatu zuten. «Mendekuarekin eta gorrotoarekin amaitzeko eta elkarbizitza eta eskubideen errespetuan aurrera urratsak emateko konpromisoa» ere berretsi zuen Sarek.

«Desmond Tuttu Hegoafrikako artzapezpiku eta apartheid-aren aurkako borrokalari nekaezinak zioenez, oso garrantzitsua da presoek jakitea kalean beren eskubideen alde borrokatzen den jendea dagoela. Ados gaude. Horregatik, denbora daramagu kartzelak bisitatzen. Presoekin hizketan. Zer egiten dugun eta zer egiten jarraitu nahi dugun azaltzen. Eta, batez ere, haiei entzuten. Bisitaldi horietan zerbait argi jaso badugu, kalean, herrian, auzoan, lantokietan, nonahi, preso eta iheslarien auziari aterabidea emateko lanean jarraitzeko beharra da», nabarmendu zuen amaitzeko Sarek.