Maider EIZMENDI
ZIENTZIA ETA EMAKUMEA

ZIENTZIAREN GRINA PIZTEKO SAREAN ARI DIREN EMAKUME ZIENTZIALARIAK

Zientziatik eta zientziaz aritzen dira eta Interneti esker sekulako plaza topatu dute. Dibulgazioan aritzen den emakume kopurua murritza da eta lortzen duten ikusgarritasuna, sarri mugatua; horietako batzuek, ordea, sarearen zurrunbiloan euren ahotsa eta izena nabarmendu dituzte. Matematikaz, fisikaz, kimikaz, zientzia egiten duten emakumeez… jarduten dute, erantzunak emanez baina, batez ere, herritarrei zientziaren grina piztu eta galdera berriak sortzeko helburuarekin.

Internetek pertsonok komunikatzeko dugun modua irauli du. Plaza berria zabaldu dio ezer esan nahi duen orori, baita zientziaz aritu nahi duen horri ere. Blogetan edota sare sozialetan, zientzia gaietan interesa duen edonork nahi beste informazio topa dezake eta ikertzaileek ere publiko zabalagoarengana iristeko bidea topatu dute. Hala, sarea zientzia-dibulgaziorako tresna ezin hobea bilakatu da. Ezin da esan, ordea, mugarik gabeko baliabidea denik, komunikazioaren baitan oraindik ere genero arrakala handia delako. Estatu espainolean, Pablo Francescutti soziologo eta komunikazio irakasleak gidatutako ikerketa batek ondorioztatu zuen blogetan idazten duen emakume zientzialarien kopurua murritza dela eta haien ikusgarritasuna mugatua. Zailtasunak zailtasun, hainbat emakume ari dira zientzia herritarrei gerturatzeko ahalegin horretan.

Gurean, zientzia-dibulgazioa eta emakumea binomioa uztartzean, ezinbestean aipatu behar da Marta Macho. Matematikan doktore, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasten du. Makina bat artikulu akademiko argitaratu ditu, besteak beste, gai kuttuna duen foliazioen teoria geometrikoaren inguruan. Baina azken urteetan, herritarrak zientziara eta, batik bat, emakumeek egin duten eta egiten duten lan akademikora gerturatzeko ahaleginagatik hartu du sona; 2016an Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuen horregatik. Machok unibertsitateko hainbat blogetan idazten du eta UPV-EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren baitan argitaratzen den “Mujeres Con Ciencia” bloga kudeatzen du. Ez du ulertzen zientzia jarduera dibulgaziorik gabe, «ikertzaileak duen beste egiteko bat gehiago da». Azken batean, bere iritzian, jendeak zientzia balora dezan, «ulertu behar du unibertsitateetan edota laborategietan zer egiten den» eta, hori dela eta, beste jardun batzuei denbora kenduta aritzen da gerturatze ariketa horretan.

Paretsu mintzatu dira Laura Morron eta Deborah Garcia Bello. Formazioz fisikaria eta kimikaria dira, hurrenez hurren, baina egun jaten ematen diena dibulgazioa da. Morron Iruñean egoitza duen eta zientzia- dibulgazio liburuak argiratzen dituen Next Door Publishers argitaletxearen zuzendari eta editorea da eta “Los Mundos de Brana” blogaren sortzailea. Deborah Garcia Bello galiziarrak Kimika ikasi zuen, «zientzia alor guztien artean erakargarrien» jotzen duena, eta hasieratik argi izan zuen ezagutza transmititzearen garrantzia. Horregatik irakasle aritu zen lehenik, harik eta tarteka egiten zuen dibulgazio lana bere ogibide egin zuen arte. Gaur egun, sare sozialetan, telebistan, prentsan, irratian… aritzen da, baina bere bloga, “Dimetilsulfuro.es”, du zalantzarik gabe, zientziaz jarduteko bere txoko kuttuna: «Idaztea asko gustatzen zait, eta blogean topatzen dut horretarako tartea eta patxada».

Sareak eskaintzen dizkien aukerak ugariak direla diote; izan ere, besteak beste, beren blogetan jorratu nahi dituzten gaiak askatasunez aukera ditzakete. «Ez nago gai zerrenda bati lotua; edozein gai aukera dezaket, ondo landu eta formatu desberdinetan plazaratu», dio Garcia Bellok. Gaiak ondo prestatzearen garrantzia behin eta berriz aipatu du kimikari galiziarrak, sarri sarean «zuzenak ez diren datu eta azalpen asko» topa daitezkeelako. Blogetan baliatzen den idazteko modua ere ez da artikulu akademikoetan erabiltzen dena bezain zurruna. «Nire aitak beti izan ditu dibulgazio liburuak etxean eta akordatzen naiz ulertzeko konplikatuak zirela haietako asko. Bazirudien zientziaz ezin zela modu arinean idatzi. Orain blogetan modu kolokialagoan eta atseginagoan idazten da, eta horrek konplexuak diren gaiak modu erakargarrian zabaltzea errazten du. Azken batean, helburua ez da zientzia irakastea, zientziarekiko pasioa sortzea eta herritarrei galdera berriak egiteko gogoa piztea baizik», uste du Morronek. Horregatik jardun honetan ari denak jakin behar du irakurleen mailara egokitzen; izan ere, bakoitzak bere alorrean, hiru emakume hauek zientzia gai batzuk ezin hobeto ezagutzen dituzte, baina neurtzen asmatu behar dute: «Zehaztasunez eta zuzentasunez idatzi behar da, baina jendeak gai horien inguruan zer dakien kontuan hartuta», dio Garcia Bellok; «ulertu behar da aurrean zein publiko duzun eta haien mailara egokitu kontakizuna», argitu du, halaber, Machok. Noski, komunikabide eta formatu desberdinek ere aukera ugariak eskaintzen dituzte. «Komunikabide desberdinen artean aldeak dauden bezala, sare sozialak ere elkarren artean desberdinak dira, ez da gauza bera Instagramen bidez dibulgatzea edota Twitter erabiltzea. Nik blogean aritzea dut gustukoen, idaztea asko gustatzen zait eta, baina, agian, Instagram da zientzia transmititzeko bitartekorik erabilgarriena, anitza delako eta zuzeneko bideoak edota eduki landuagoak egiteko aukera ematen duelako», azaldu du Garcia Bellok. Gainera, egungo kontsumo ohiturei gehien egokitzen zaien plataforma omen da, herritarrari gero eta gehiago informazioa «modu bisualagoan eta laburragoan» jasotzea gustatzen baitzaio. Zientzia dibulgatzerakoan falta ezin den beste osagaia pasioa da, Machoren iritzian: «Irakurleak nabaritu behar du kontatzen duzun horrekiko interes bizia duzula; aspergarria izan daitekeen gai bat, modu aspergarrian kontatzen baduzu, ez zara inorengana iritsiko». Eta hori da, dibulgazioaren funtsa, ezagutzaren transmisioa.

Mezuak erraz ulertzeko modukoa izan behar badu ere, horrek ez du zuzentasunean eragin behar. Hiru blogariek nabarmendu dute zorroztasun premia. «Internet egun informazio iturri handia da, edozein albiste edo datu kontsulta dezakezu edozein tokitatik. Informazio asko dago, baina desinformazioa ere handia da. Aukeraketa ez da erraza eta horregatik iturri fidagarriak bereizten jakitea garrantzitsua da», dio Morronek. Iruñean kokatuta dagoen argitaletxearen zuzendariak onartu du berari ere kosta egiten zaiola sakon ezagutzen ez dituen gaien inguruan informazioa bilatzen ari denean iturriak topatzea: «Denbora behar da informatzaile onak bereizteko eta haiek dioten hori kontrastatzeko».

Dibulgazio lanetan aritzen diren emakume zientzialarien urritasunaz galdetuta, hirurek zientziaren baitan dagoen egoerari heldu diote, baita emakumeen lana agerian jartzeko premiari: «Prentsan edota edozein forotan errazagoa da iritzi emaile gisa gizon bat aritzea emakumezko bat baino. Emakumeek bigarren planoan jarraitzen dute, ikerketak gidatzen dituzten zientzialariak gizonezkoak direlako», aipatu du Machok. Zentzu honetan, Mujeres Con Ciencia blogean aitzindariak izan ziren eta egun zientzia egiten duten emakumeen lana jasotzen dute batik bat. «Aitzindariez asko hitz egiten dugu, profil asko ezezagunak direlako eta, gure historiaren parte diren neurrian, ezagutu behar ditugulako. Garrantzitsua da emakumeak zientzia egiten beti aritu direla ulertzea, nahiz eta bigarren plano batean jardun duten», azaldu du matematikariak. Baina begirada ezin da soilik zientzia egin duten emakumeak aztertzera mugatu, egun ari diren emakumeek ere badituzte-eta lehen lerroan jartzeko zailtasunak.

Zentzu horretan, zientzian ari diren emakumeen testuinguruari erreparatu dio Morronek: «Asko aurreratu da ofizialki, baina errealitatea ezagutu behar da. Etxeko lanak eta haurren zaintza emakumeen bizkar erortzen da eta hori, beste behin, agerian geratu da pandemia honetan, emakumeek gutxiago argitaratu dute». Garcia Bellok ere amatasunari heldu dio emakume zientzialarien egoera azaltzeko: «Aginte postuetan emakumeak desagertu egiten dira, amatasuna, kontziliazio zailtasunak… baina arazo hau ez da soilik zientzian gertatzen, orokorra da eta premiaz aztertu beharrekoa».

Machok egoera honi aurre egin behar zaiola nabarmendu du; besteak beste, zientziak emakumeen begirada guztiz beharrezkoa duelako: «Begiradek zientzia aberasten dute eta, beraz, kolektibo guztiek parte hartu beharko lukete. Emakumeen begirada balioan jarri behar da, edozein ikerketa aberasten du».

Emakumeei lupaz begiratu

Blogetan aritzen diren emakumeen kopuru murritza azaltzeko, aipatutako zaintza lanen ondorioz gizonek baino denbora gutxiago dutela aipatu dute eta, gainera, ikerketa zentro eta unibertsitateetan kudeaketa lan asko emakumeek egiten dituztela azaldu du Machok. Baina horrez gain, bada, beraien esanetan, beste arrazoi bat: emakumeei egiten zaien kritika. «Ez soilik dibulgatzen dutenei, zientzian ari diren emakume askok presio handiagoa dute. Horregatik, oro har, emakumeek gizonek baino gutxiago argitaratzen dute; ez dira txarragoak, baina denbora gehiago behar dute, emakumeoi gizonei baino gehiago lupa kritikoagoarekin begiratzen zaigu eta», dio Machok. Bere esanetan, egiten dituzten artikulu akademikoak zientzia-aldizkarietan ondo kokatuta baldin badaude ere, denbora gehiago behar izaten dute horiek osatzeko: «Emakumezkoak, oro har, zehaztasun handiagorekin aritzen dira, kritikak jasotzeko beldurra dutelako». Dibulgazioan aritzen diren emakumeen kasua paretsua da. Horretaz zerbait badaki Garcia Bellok: «Gizonak sare sozialetan ageriagoak dira, euren iritzia emateko lotsa gutxiago eta segurtasun handiagoa dute». Gainera, emakumeen kasuan eztabaida desbideratzeko arrisku handiagoa dago, bere ustez; izan ere, zientzia ez beste kontu batzuez hitz egiten hasten da publikoa, «gainazalekoak eta itxurari lotutakoak» sarri. «Ni ez naiz batere lotsatia eta autoestimu handiko emakumea naiz; ezaugarri horiek ez dira emakumeen kasuan ontzat hartzen, bai gizonen kasuan». Telebistan ere aritzen da dibulgatzaile galiziarra eta han inon baino ageriago jartzen dela dio: «Indartsua izan behar da publikoki agertzeko, kritikak jasotzea ez da erraza eta». Gainera, kimikari honen esanetan, sare sozialek areagotu egin duten kritikarako ohitura. «Inoren aurrean egonez gero egingo ez genituzkeen aipamenak egiten dira sarean. Niri ez zait eztabaidatzea gustatzen eta argi daukat ez dudala inoren lana publikoki zalantzan jarriko. Akatsen bat ikusten badut, modu pribatuan aipatzen diot pertsona horri, beti egin izan den moduan». Kritikak kritika, sare sozialek ahalbidetzen duten irakurleekiko feedback-a ordea, atsegina zaio Morroni. «Idazten duzuenean inork ez zaituela irakurriko uste duzu eta horregatik, nahiz eta gero eta gutxiago erabiltzen diren, irakurleen iruzkinak jasotzea atsegina da; zentzua ematen dio zure jardunari».

Zientzialari gisa sarean aritzeak eta jardun horretan emakumeen lanak ezagutaraztea oinarrizkoa da neska gazteen artean ereduak sortzeko eta, Machok azaldu bezala, hala, zientzia bokazioak pizteko. Oraindik, ikasketak aukeratzeko orduan, desberdintasunak atzematen dira neska-mutilen artean. Hala, neskek gehiago jotzen dute osasun arloko ikasketetara edota gizarte zientzia arlo batzuetara eta euren portzentajea murritzagoa da matematika edota fisika bezalako ikasketetan. Horregatik, azkenaldian neskak ikasketa zientifiko eta teknikoetara gerturatzeko ahalegin berezia igartzen da instituzioen aldetik. Garcia Belloren esanetan, behar-beharrezkoa da neskatilek inongo mugarik ez sumatzea, baina azterketa sakonak beharrezkoak dira. «Neskek zer ikasten duten aztertzen duzunean, konturatzen zara, asko ari direla zientzia ikasten, batez ere, osasunari lotutako arloetan. Sarri ikasketa teknikoagoak egin ditzaten animatzen dituzte, baina zergatik? Mutilek egiten dituztelako? Garrantzitsuagoak dira?», galdegin du. Gauza bera, gizarte-zientzietako hainbat diziplinatan: «Horiek ere utzi egin behar dituzte? Zergatik, mutilek aukeratzen ez dituztelako?». Bere esanetan, partxeak jartzeko joera dago eta ikasketak askatasunez aukeratzea ez ezik, ibilbidea askatasunez garatzeko bideak zabaldu behar dira, gizonak emakumeen gainetik jarri gabe, edota zientzia diziplina batzuk besteen itzalean utzi gabe.