Oihane IRAZU
BILBOKO ITSASADARRETIK BIDAIA

BILBOKO KULTURA ETA HISTORIA IKUSPEGI PRIBILEGIATU BATETIK EZAGUTZEKO AUKERA

BIZKAIKO HIRIBURUAREN JATORRIA, KULTURA ETA BIZIPENAK EZAGUTZEKO AUKERA DAGO EGUNERO EKAINETIK IRAILERA ARTE BILBOATS ONTZIAK ESKAINTZEN DITUEN BIDAIETAN. PIO BAROJAKO ONTZIRALEKUAN HASI ETA AMAITZEN DIRA ORDUBETEKO ZEIN BI ORDUKO IBILBIDEAK. PORTUGALETEKO ZUBI ESEKIA BISITATZEKO AUKERA ERE ESKAINTZEN DU BILBOATSEKO IBILBIDEAK.

Ordubeteko ibilbideak Pio Barojako ontziralekuan hasi eta Bilboko erdigunea bisitatzeko aukera ematen du, Zorrotzaurreko erriberararte. Abuztuan eta irailean zehar egunero irteerak 10:30ean, 11:45ean, 13:00etan, 16:00etan, 17:30ean, 19:00etan eta 20:15ean dira. Bilboko itsasadarretik itsasontzi batean hiriak ezkutatzen dituen istorioak eta bizipenak ezagutzeko aukera paregabea.

Bidaia honetan, narratzaile batek inguruko eraikinak, zubiak eta berezitasunak azaltzen ditu. Normalean bidaiari bakoitzak banakako audifonoak ditu, baina covidaren ondorioz, bozgorailuen bidez entzuten da. Zubizuria, Salbeko zubia, Deustuko Zubia eta Euskaldunako zubiaren historia ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Bitxikeria batzuen berri ere ematen die narratzaileak bidaiariei, adibidez “Carola” garabiaren izena nondik datorren; Olabeaga inguruan zergatik zegoen hile horiko eta begi urdineko populazioa… eta beste hainbat gauza.

Lehenik eta behin, itsasadarraren eskuinaldeko historia kontatzen da: Udaletxea, Deustuko Unibertsitatea eta Zorrotzaurre penintsulako bizipenak. Bilbotarra izan ala ez, aukera paregabea da Bilbo bere sorreratik ezagutzeko.

Bilbokoa ez denak, XIX eta XX. mendeetan zehar hiriak jasan zituen eraldaketa industrial eta sozialak ezagutuko ditu, gaur egun dena izatera iritsi arte. Baina Bilbokoa denak ere, hiriari buruz orain arte ezagutzen ez zituen xehetasun batzuk ere ezagutuko ditu, itsasontzian eserita eta hiriak eskaintzen dituen paisaia eta istorio ikusgarriekin gozatuz.

Bi ordukoa, Santurtzira

Bi orduko bidaian, bestalde, itsasadarretik gertu ikusten diren monumentu eta zubien historioa ezagutzen da. Baina itsasadarrean zehar Bilbo osatzen duten auzoez gain, Portugaleteko Zubi esekia ere ezagutu daiteke, Bizkaiko Zubia.

Bigarren bidaia honetan, Bilbo eta Bilbo Handiaren ikuspegi zabalagoa eskaintzen da. Ordubeteko ibilbidea Zorrotzaurren amaitzen da, baina hau luzexeagoa da, oraingoan Santurtzin baitu amaiera. Horrela, Barakaldok, Sestaok, Portugaletek eta Santurtzik bat egingo dute Bilboko itsasadarraren ibilbidearekin.

Azpimarratzekoa da Portugaleteko zubi esekiaren ikuspegi zoragarria, Gizateriaren ondarea izendatua dena hain zuzen. Zubi hau erakargarri turistiko handia da Bizkaia bisitatzen duten turista askorentzat. Ibilbide honetan, bere historia azaltzen da, nola sortu zen eta nola iraun duen mende oso batean hasierako funtzioa betetzen.

Bilboko ibilbideak zein Bilbo Handiko ibilbideak, beraz, leku bakoitzaren historia ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute, Bilbokoa izan ala ez.

Begoñako Ama Birjinaren eguna Bilboko itsasadarrean, Iñaki Uriarteren eskutik

Abuztuaren 15ean, Begoñako Ama Birjinaren eguna zela eta, Bilboats, Itsasmuseum eta Iñaki Uriarte arkitektoaren lankidetzarekin, bidai berezi bat antolatu zen Bilboko itsasadarrean. Uriarte bera izan zen askok ezagutzen ez dituzten istorioen kontalari berezia.

Egun berezia izan zen abuztuaren 15ekoa, San Anton zubitik hasi eta Abrararaino, Itsasmuseumeko bisitarekin amaituz.

Ibilbideak une berezia izan zuen Salbe Plazaren aurretik pasatzean. Garai batean, merkataritza-marinelek Bilbora itzultzen zirenean, Begoñako santutegia ikusten zuten itsasadarreko bihurgune horretan, eta Ama Birjinari eskerrak ematen zizkioten bere babesagatik.

Tradizio horren lekuko da Bilboko Kontsulatuko marinelen omenezko eskultura bat, 1974ko ekainaren 15ean Udalaren erabakiz Agustin de la Herran eskultore bilbotarrak egina. Iñaki Uriarte arkitektoak hau eta gehiago kontatu zien bidaia berezi honetan igo ziren bidaiariei.

Askotan, leku edo eraikinen historia erakargarriagoa egiten da sekretu eta bitxikeria txikiekin batera. Abuztuaren 15a egun handia da Bilbon eta Begoña auzoak horrela ospatzen du egun hau hain atipiko bihurtu den uda honetan, itsasadarretik egindako bidaia horrekin, non arkitektoak duela mende bat baino gehiago gertatutako Begoñako Ama Birjinari buruzko bitxikeriak azaltzen dituen.