Ane URKIRI ANSOLA
Bilbo

INBERTSOREEN KONFIANTZA «BEREGANATU» DU BERBA-K

Berba «start-up» bizkaitarrak 250.000 euroko finantziazio erronda itxi du duela aste batzuk. Martxoa eta maiatza artean lortu zituzten inbertsore gehienak, «ziurgabetasun egoera betean», eta pozik agertu dira euskal inbertsoreen konfiantza berenganatzeagatik.

Gu start-up bat gara; gisa honetako enpresok berrikuntzan asko oinarritzen gara eta oso albiste pozgarria da hemengo inbertsore gero eta gehiagok Euskal Herrian egoitza duen enpresa baten alde apustu egitea, apustu egitea adimen artifiziala (AA) bezalako kontuetan lan egiten duten start-upetan, beste modu batean iraultza egin nahi duten enpresetan...», kontatu dio GARAri Berba enpresaren sortzaileetako Diego Andresek.

Berba «hizkuntza, teknologia, adimen artifiziala eta kulturen arteko komunikazioa errazteko grinatik sortu» zela zehazten dute beraien webgunean. Testu edo dokumentuen itzulpenak eskaintzen dituzte –itzulpen onena pertsonengandik jaiotzen dela sinesten dute– eta ziurtatzen dute «giza itzulpenaren eta adimen artifizialaren alderdi onenak konbinatu» dituztela «azkartasunez zinezkotasun eta naturaltasuna transmititzen duten itzulpenak sortzeko».

Apenas bete du urte eta erdi sortu zenetik –iazko martxoan abiatu zuten proiektua eta urrian Biscay Bay Startups Awards saria eskuratu zuten–. Orduan, Thomas Trincado sortzaileak adierazi zion GARAri ordura arte 11.000 euro fakturatu zituztela eta martxorako hilabetean 1.000 euro fakturatzea zela helburua. «Aski bete dugu helburua», adierazi du Diego Andresek.

«Orain artekoa ikusiz gero, hilabeteko fakturazioa 30.000 eurotik gorakoa da eta otsailean aurreikusten dugu hileko fakturazioa 100.000 eurora iristea», zehaztu du. «Hazkundea oso ona izaten ari da», ondorioztatu du.

Hazkunde horretan ezinbesteko finantziazioa lortu berri du Berba-k. 250.000 euroko finantziazio erronda itxi dute sortzaileek; hau da, milioi laurden euroko laguntza jaso dute inbertsore pribatu eta publikoen bitartez. Azaroan «erronka» batean murgildu zirela azaldu du Diego Andres Lopezek eta martxo eta maiatza bitartean lortu zutela zatirik handiena, covid-19aren pandemiak eragindako «ziurgabetasun egoera bete-betean». «Oso pozik gaude inbertsio pribatu zein publikoen konfiantza bereganatu dugulako», aitortu du. BEAZ Bizkaia erakundearen apustua nabarmendu du.

«Kontserbadore fama duen EAEko ekosistema finantzario batean, agian industria 4.0 edo antzekoetan inbertitzera ohituago dagoena, oso albiste ona», bere iritziz; izan ere, milioi laurden euroko finantzazioaren gehiengoa euskal inbertsoreen eskutik jaso dute.

Itzultzaileak hurbiltzen dira

Irailerako martxan jarri nahi duten «bezeroen atarian» inbertituko dute gehiengoa, «gure produktua hobetzeko bideratuko dugu finantzazioaren zati handi bat». Bezeroen atari horretan guztia automatizatua izango da; esaterako, bezeroak momentuan lortu ahal izango du bere dokumentua itzultzeagatiko aurrekontua, egin behar dituzun tramite guztiak eskura jarriko dituzte, proiektuaren kudeatzailearekin uneoroko kontaktua izatea ahalbidetuko da, itzulpena ze fasetan dagoen ikusteko aukera izango dute; finean «guztia modu arin batean leku batean biltzea» ahalbidetuko du Berbak sortu nahi duen bezeroen gune horrek.

Urte eta erdian, itzultzaileen sare «indartsu» bat sortu dutelakoan dago Diego Andres. Egun, 4.000 itzultzailetik gora daude Berban; modu autonomoan funtzionatzen dute –hau da, bakoitzak erabakitzen du bere tarifa zenbatekoa den– eta orotara 700 itzulpen konbinazio baino gehiago egiteko gai dira. «Onena da sare hau lortzeko ez dugula dirurik gastatu», seinalatu du; hau da, itzultzaileak beraiek hurbildu dira Berba-ra, beraien zerbitzua eskaintzeko prest. Ondoren, jakina, baliozkotze prozesu bat abiatzen dute: «Itzultzaile gisa izena emate hutsarekin ez da nahikoa. Baliozkotze prozesu bat dago. Hainbeste jenderen eskaria jasotzen dugu, oraindik ere batzuk aztertzeke dauzkagula. Zentzu horretan, oso pozik gaude».

Koronabirusaren pandemiak hainbat sektoretako iragarpenak geldiarazi ditu eta oraindik zer gertatuko zen argi ez zegoenean Berbak ere igarri zuen geldialdia, «nazioartekotze prozesuan zeuden bezero batzuk bai gelditu ziren, baina segituan berrartu genuen jarduna; ez dugu izugarrizko geldialdirik sumatu».

Berrikuntza gisa, gainera, covid-19aren inguruko dokumentuak itzultzeko eskaintza berezia argitaratu zuen Berbak. Nolanahi ere, Diego Andresen arabera, «erakunde publikoetatik eskari gehiago jasotzea gustatuko litzaiguke; alde horretatik ez genuen lortu espero genuen oihartzuna. Partikularren aldetik bai, jaso ditugu eskariak ohar edo neurri batzuk itzultzeko».