Idoia ERASO
ANGELU

Angeluko basoaren sutean erre ez zen partea publikoari ireki diote

Uztailaren 30ean Angeluko Pygnada basoko 165 hektarea suntsitu zituen sutearen ondoren, astelehenean lehen aldiz ireki zuten berriz ere erre ez zen partea. Angeluko, Pirinio Atlantikoak departamentuko eta Estatu frantseseko ordezkariek atzo eskainitako prentsaurrekoan, egungo egoeraren eta aurrera begirako planen berri eman zuten.

Angeluko hirigunean bertan dagoen basoaren parte handi bat erre zuen sutea izan zenetik ia hilabete pasa den honetan, Angeluko auzapez Claude Olivek, Pirinio Atlantikoak departamentuko presidente Jean-Jacques Laserrek eta Herve Jonathan Baionako suprefetak, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo. Sutearen ondoren gunea segurtatzeko egindako lana aipatu zuen Olivek: 50 kilometro hezi jarri dituzte, erretako eta berotutako zonaldeen inguruan. Berotutako ingurua publikoari itxita izatearen garrantzia ere azaldu zuen, izan ere, erre ez bazen ere, sutearen ondorioz, anitz berotu eta lehortu zen, erretzea errazago eginez.

Ingurua segurtatzeko, heziekin batera, erdi erorita eta apurtuta zeuden zuhaitz eta landareak mozten eta kentzen aritu dira, orain arte, eta hemendik goiti ere jarraituko dute. Naturak bere bidea egiten duen heinean beste erabaki batzuk hartzen joanen direla azaldu zuten. Izan ere, landaretzak izango duen garapenaren arabera, parte batzuk moztu egin beharko dira. Udaberrira arte zaintza horretan ariko dira, baita animaliek izango duten jokaera aztertzen ere, izan ere, orain askoz espazio gutxiago dago zomorro zein bestelako animalientzat.

Orain arte egindako lanek 200.000 euroko kostua eragin diote Angeluko Herriko Etxeari, nahiz eta gastu hori beste erakundeen artean ere ordainduko den. Gobernuaren ordezkari den Jonathanek Parisetik laguntza ekonomikoak helduko direla segurtatu zuen, baita txostenak egiteko dituzten baliabideak eskainiko dituztela ere.

Neurriak eta betebeharrak

Astelehenetik goiti, erre eta berotu ez zen basoaren hegoaldeko zonaldea publikoari irekita dago. Bertako eremua ere segurtatu dute, jendea bertatik arazorik gabe ibil dadin. Hala ere, udal ordenantza baten bitartez, hainbat neurri, muga eta betebehar ezarri dituzte. Garrantzitsuena, 21:00etatik 06:00etara bertan ibiltzea debekatuta egongo dela. Neurriek gunea segurtatzea eta berriz ere horrelakorik ez gertatzea dute helburu, hala, ezin izanen da erre, barbakoarik egin, kanpatu, ehizatu…

Etorkizunera begira ere jarri dira erakundeetako ordezkariak, nahiz eta oraindik ez den ezer erabaki, salbu gune horretan ez dela eraikinik eginen eta orain bezala gune naturala izaten jarraituko duela. Egungo egoeraren eta egokituko liratekeen aukeren gaineko txostenak eskatuko dituzte, eta, erabakiak, eremuaren jabe diren Herriko Etxearen, Departamentuaren eta Santa Mariaren Zerbitzariak kongregazioaren artean hartuko dituzte.

Zein landare mota ezarriko liratekeen aipatuta, agerraldian zen Basoen Erakunde Nazionaleko ordezkariak, haritz espezie ezberdinak landa daitezkeela esan zuen. Hala ere, horrelako sute baten ondoren, urtebeteko epea utzi behar da beste edozer landatu baino lehen.

Orain artean basoan nagusi ziren zuhaitzak Napoleonen garaian landatu zituzten. Ildo horretan, Departamentuko presidenteak, egungo egoera eta gizartea kontuan izango dituen «eredu moderno bat» pentsatu beharko dela basoarentzat baieztatu zuen. «Ez da lehengoa bezalako izango», ziurtatu zuen.