J.S.
BERRIOZAR

Berriozarko alkateak dei egin die herritarrei egun hauetan arduratsuak izan daitezen

Asteburu honetan hasi beharko lukete Berriozarko jai ospetsuek, baina Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatu den bezala, hemen ere ez da jairik ospatuko. Hala eta guztiz ere, jende pilaketak eta arrisku egoerak ekiditeko, herriko alkateak, Raul Maizak, dei egin die herritarrei datozen egunotan «erantzukizun ariketa bat egin» eta osasun neurri guztiak errespeta ditzaten. Horrela, «datorren urtean oraindik eta gogo gehiagorekin ospatuko ditugu».

Berriozarko Udalak, herriko kultura eta gizarte taldeekin eta peñekin batera hartutako erabaki baten bitartez, festak bertan behera uztea erabaki zuen, «behar besteko segurtasunarekin ospatzeko baldintzak ezin direlako bermatu».

Egun horiek iristear direnean, alkateak agiri bat plazaratu berri du, Berriozarko herritarrei Nafarroako Gobernuak ezarri dituen ezohiko neurriak gogorarazteko eta «datozen egun hauetan erantzukizun ariketa bat egin dezatela eskatzeko».

Raul Maiza alkatearen hitzetan, «kalera irten eta hurbileko jendearekin disfrutatzeko gogoak ditugula badakigu. Baina arduratsuak izan eta osasun aholkuak kontuan hartzea maitasun ekintza bat da, birusaren aurrean zaurgarriak direnekiko, tartean gure adineko pertsonekiko».

Hori dela eta, datozen egunetan arduratsuak izan daitezela eta osasun neurri guztiak errespeta ditzatela eskatu die herritarrei, bai eta jende pilaketak eta arrisku egoerak saihestea ere.

Azkenik, Maizak hau adierazi du: «Aurten festarik ez bada ere, datorren urtean oraindik eta gogo gehiagorekin ospatuko ditugu».

Kultura kalean

Jaiak bertan behera geratu badira ere, Berriozarko Udalak, herriko elkarte eta kultura taldeekin batera, kultura jardueren egitarau zabala prestatu du, «geure herriari kolorea emateko» eta, noski, segurtasun arau guztiak betez.

Egitarau horri "Kultura kalean" izena jarri diote eta, irailaren 22ra bitartean, antzerkia eta haurrentzako ikuskizunak, kontzertuak, dantzak eta animazioa eskainiko dira.

Bihar arratsaldean bertan, haurrentzako animazioa izango da Almonzandia taldearekin Euskal Herria plazako karpan, 20:00etan. Era berean, irailaren 4an –ostirala– bertso jaialdia egingo da Amets Arzallus, Miren Amuriza, Julio Soto eta Sarai Robles bertsolariekin, 19:00etan leku berean.

Irailaren 5ean eta 27an Doinua musika bandaren emanaldiak izango dira; irailaren 12an dantza emanaldia, Txori Zuri taldearen eskutik; eta 17an eta 19an, Aires del Sur flamenko taldearen ikuskizunak.

Ekitaldi horietan parte hartzeko, hainbat segurtasun neurri jarri dituzte. Hala, maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da, sarrera eta irteerako ibilbidea zentzu bakarrean egin beharko da, sarreran eskuak garbitzeko gela egongo da eta publiko guztia eserita egongo da. Horrez gain, aulkiak segurtasun distantziaren arabera jarrita egongo dira eta ezin izango dira haien tokitik mugitu.

Zortzi urtetik beherako haurrek pertsona heldu batekin egon beharko dute eta, gehienez ere, heldu bakoitzarekin hiru adinez txikiko izango dira. Azkenik, publikoarentzako esparrua sokaz inguratuta egongo da eta esparru horren kanpoaldean zutik ez egotea gomendatzen da.