Haritz LARRAÑAGA
«

IRULEGI, ARDOAZ HARAGOKO AITORTZAREN BALIOA

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoak eta Irouleguy Sotoa kooperatibak elkarlanean egin duten bide luzeak fruituak eman ditu: «Vignobles & Découvertes» etiketa. Egungo osasun krisiak eragindako testuinguru bitxi batean etorri da hiru urterako iraupena duen aitortza eta Irulegiko ardo ekoizleak eta herritarrak pozik dira, haien ardoa eta eskualdea ezagutarazten lagunduko baitu.

Gasnaren bidea baden bezala, ardoarena egitea otu zitzaigun eta ideia horri forma ematen Irouleguy Sotoa kooperatiba izan da motorra», azaldu du Ximun Bergouignanek, Irouleguy sor-markaren kontseiluko kideak. Ordea, kooperatiba ez da izan aitortza etiketa lortzeko lan egin duen ardotegi bakarra; Irulegiko beste bost ardotegik ere parte hartu dute proiektuan (Bordatto, Bordaxuria, Brana, Gutizia eta Mourguy).

Edonola ere, lorpenaren onurak Irulegiko herriari eta inguru osoari eragiten diote, halako aitortza eskuratzeko, ardoaz harago, bestelako eskaintzak ere bermatu behar baitira. Irulegin, esaterako, ostatu ematen duten bederatzi establezimendu daude (hotelak, kanpinak eta apopiloentzako etxeak), sei jatetxe, hiru aisialdi enpresa eta abar. Horrek guztiak bisitariaren premiak asetzen ditu eta ardoak erakarritako turismoa sustatzen du. Horixe da etiketaren funtsa, enoturismoaren beharrei erantzutea kalitatezko eskaintza baten bidez.

Daniel Olcomendy Euskal Elkargoko Turismo Bulegoko lehendakariak Irulegin lortu den aitortzari esker inguruko herrietan ere onurak izango direla uste du eta halako aitortzek lurralde osoa ezagutarazteko balio dutela azpimarratzen du. «Label hau bitarteko bat gehiago da aktore berriak erakartzeko, bisitariei egin behar zaien harrera profesionalizatzeko eta bertako produktuak sustatzeko».

Estatu frantsesean, guztira, 72 eskualde daude etiketatuta “Vignoles & Découvertes” labelarekin eta ezagunenak Bordele eta Borgoinako mahastiak dira. Haien ondoan Irulegi oso eremu txikia da, soilik 250 hektarea mahats baitaude Nafarroa Behereko herrixkan eta Ipar Euskal Herriko ardoen jatorri izendapena duen ardo bakarra da. Pixkanaka, leku bat irabazten ari da sona handiko izena duten ardoen zerrendetan. Bergouignanen iritziz, lortu duten azken aitortza Irulegiko ardoa eta eskualdea «ezagutzera emateko erakusleiho berri bat da».

Hain zuzen ere, etiketa lortzearen onuretako bat errepideetan nabaritzen da. «Lehen ez genuen eskubiderik ardotegiak bide ertzetan seinalatzeko, baina orain gasnarekin egiten den bezala, ardoarekin ere zirkuitu bat egin dezake bisitariak, eta etiketari esker frantses Estatuak afixak ezartzeko eskumena aitortzen digu», nabarmendu du Bergouignanek.

Ardotegiak bisitariei ireki

Etiketa eskuratzea prozesu oso baten barnean kokatzen da. Finean, informazioa eta prestakuntza eskaintzea da egitasmoaren xedea eta, horretarako, ardogileen egin beharretako bat da ardandegietako ateak irekiak izatea, horrela, gerturatzen diren bezeroei mahastiak eta upeltegiak erakutsi eta ardoa ekoizteko prozesuaren inguruko azalpenak emateko.

Mahatsa maiatzaren eta uztailaren artean lantzen da, baina aurtengo uzta aurreratu egin zen eta apirilaren eta maiatzaren artean egin zuten. Horri esker, ardogileek denbora gehiago eskaini ahal izan diete uztailean bezeroei, baina, bestela, eginbehar guztiei erantzuteko jende gehiago beharko lukete. «Jada aurten, bezeroak guk geuk hartu ahal izan ditugun arren, ardandegi batzuetan lanerako jende gehiagoren beharra sentitu dute», azaldu du Bergouignanek.

Irouleguy sor-markaren kontseiluko kideak kontatzen duenez, «sotoak irekita izan behar dira astean hiru edo lau egunez jendea errezibitzeko eta norbait etortzen baldin bada ez gaitzan mahastian lanean antzeman, prest egon behar da, eta horrek lan gehiago edo jende gehiago eskatzen du. Dena den, aurten mahats bilketa hilabete bat aurreratu da eta lan hori guk geuk egin ahal izan dugu, baina, bestela, jende gehiago beharko genukeen».

Horrez gain, aurtengo udako lehorteak mahatsa beranduago heltzea eragin du, beraz bilketa atzeratu egingo da, eta oraindik bisitariei azalpenak emateko moduan izango dira. Ordea, etiketa berriak eskatzen dituen beharrei erantzuteko kudeaketa lanetan dabilen Thibaut Godin beldur da irailean ohikoa baino bisitari gutxiago izango dituzten, sasoi horretan etortzen diren bisitari gehienak adineko pertsonak baitira.

«Itzulera oso ona izan da, bisitari asko izan dira, baita ekainean ere, zeren covid-19aren ondorioz jendeak ez baitu hegazkinik hartu eta Frantziatik jende asko etorri da, egoera normala balitz beste norabait joango liratekeenak», jakinarazi du Godinek. Halaber, irailean jende gutxiago izateko duten beldurra ere azaleratu du: «Udan, oporretan diren langileak etortzen dira eta irailean, berriz, oporrak amaituta jendea lanera itzultzen da eta erretretan diren adineko jendearen txanda izaten da.

Uda sasoian bisitari asko izan dira 400 biztanle baino gutxiago dituen herrian, baina arrakastaren zergatia zein izan den esateko oraindik goiz dela iritzi diote ardogileek. «Osasun krisiarekin ez genekien nola pasatuko zen, galdera asko genituen, baina oso ongi pasatu da, bisitari aunitz izan ditugu herrian, baina oraindik goiz da esateko lortu duguna etiketagatik izan den edo osasun krisiak eragindako testuinguruagatik izan den».

Honi buruzko guztia: «