«Road trip» bat egungo euskal zinemagintzatik 21 titulutan
Gaurkotasun politikoa –Estatuaren estoldetan eta euskal gatazkan sakontzen duten tituluak, «Non da Mikel?» edo «Caminho Longe» kasu–, kulturala –El Drogas dokumental baten protagonista da–, edo fikzioa –Lara Izagirrek gure kostaldean kokatutako «Nora» izeneko «road trip»-a–. Euskal zinemagintzaren aurtengo uztaren zati handi bat ikusi ahal izango da Donostiako Zinemaldian; 21 titulu, zehazki. Horietatik hamahiru lehian arituko dira Irizar Sarirako.

Aste gutxi falta direnean, datorren irailaren 18tik 26ra ospatuko den Donostiako Zinemaldiko 68. edizioko eduki gehienak badakizkigu dagoeneko; Sail Ofiziala, Zabaltegi... Gure zinemagintzaren presentzia eta, horren ondorioz, industriak iaz landutakoaren erradiografia eskainiko zigun egitarauaren zati garrantzitsua falta zitzaigun. Eta, hain justu, horixe jakin ahal izan zen atzo; 68. edizioan, Zinemaldiak guztira 21 euskal lan eskainiko ditu sail desberdinetan banatuta. Zehazki, hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko. Lan sarituaren ekoizleak 20.000 euro jasoko ditu.
Aurretik beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen daude Irizar Saria irabazteko lehian izango direnen artean: Pablo Agüeroren “Akelarre” (Sail Ofiziala); David Perez Sañudoren “Ane” eta Imanol Rayoren “Hil kanpaiak/ Death Knell” (biak New Directors sailaren parte); eta Asier Altunaren “Arzak Since 1897” (Culinary Zinema irekiko du).
Zinemiran ikusgai
Euskal ekoizpenen zatirik handiena, dena den, Zinemiran biltzen da. Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko 11 ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira. Horietako bat “Nora” da, sailaren inauguraziorako hautatu dutena. Lara Izagirre zornotzarraren bigarren lana (“Un otoño en Berlín”, 2015), 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen. Besteak beste, Ane Pikaza, Hector Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filmean; Nora protagonistak, aitita argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean bidaia egingo du, aitonaren errautsak amamaren errautsen albora eramateko.
David Gonzalez Rudiez bilbotarrak bere laugarren film luzea, “Talento/ Talentu”, aurkeztuko du. Film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan. Eta Eugene Green estatubatuarrak bi euskal mitoren berrikuspena proposatuko digu “Atarrabi et Mikelats” filmean.
Gaurkotasun handiko gaiak ere tartea izango dute Zinemiran. Amaia Merino, “Asier ETA biok” (2013ko Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat, eta Miguel Angel Llamas zinemagileek elkarrekin zuzendu dute “Non dago Mikel?”; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen digute. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta hogei egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu ez eta zigortu ere ordutik hona.
Josu Martinezek eta Txaber Larreategik jada aurkeztu izan dituzte euren lanak Zinemaldian, hala nola “Sagarren denbora” (2010), “Gure sor lekuaren bila” (2015) eta “Jainkoak ez dit barkatzen” (2018), eta oraingo honetan elkarlanean egindako “Caminho longe” ekarriko digute, Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren historia, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baition, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte afrikarrean deportatuta.
Telmo Esnal Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da jada, “Aupa Etxebeste!”(2005) eta “Dantza” (2018) aurkeztu baititu. Oraingoan, Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta “Urtzen” bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakera bat, existentziari buruzkoa.
“N’Diawaldi Bouly” (2011) eta “Born in Gambia” (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak Enrique Villareal El Drogas musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du.
Dokumentalen arloan esperientzia handia duten Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molesek (Castello, 1974) “Lobster Soup” lanarekin itxiko dute Zinemira saila. 2018an Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.
Beste motako ekoizpen batzuek ere tokia izango dute sailean. Esaterako, “El estado contra Pablo Ibar/ The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar” eta “Jo ta ke/ Non Stop”. Lehenbizikoa Olmo Figueredok sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Ameriketako Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du. Bigarrena film ertaina da; Aitziber Olaskoagak Herrera de la Manchako kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.
Film laburra da, bestalde, Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beteranoen erretratua. “Hijos de Dios/ Jainkoaren semeak” Ekain Irigoienen lana da.
Alardea eta dantza
Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Lehenengoan, bi film labur ikusi ahal izango dira: Laida Lertxundiren “Autoficción/ Autofiction/ Autofikzioa” eta Marina Palacioren “Ya no duermo”. Bigarren sailean, non Estatu espainiarreko zinemaren urteko egoera erakusten den, Paula Cons Varelaren “La isla de las mentiras/ The Island of Lies” lanak parte hartuko du, hau da, egilearen fikziozko lehen film luzeak. Film horrek “Titanic Galiziarra” izenarekin ezagun bihurturiko itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekartzen digu gogora.
Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta “Bizimina” film laburra estreinatuko da bertan, Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendua. Bertan, dokumentala eta dantza hibridatzen dira, bizi dugun pandemia garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera.
Zinemira Saria ere banatuko da Galan, Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek euskal zineman nabarmendutako pertsona bati bere ibilbidea aitortzeko ematen dioten ohorezko saria. Iazko irabazlea Jose Maria Txepe Lara izan zen. Aurki iragarriko da 2020ko saria nork jasoko duen.
Azkenik, irailaren 23an EiTBk “Alardea / Boast” estreinatuko du EiTB Galan; David Perez Sañudok zuzendutako lau ataleko telesaila Iruneko eta Hondarribiko alardeetan emakumeek izan duten parte hartzeari buruzkoa da. Zinemaldian bi kapitulu emango dira.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
