Olatu jendetsu baten eskutik heldu da inoiz izan den Xilabarik arrakastatsuena
Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketak inoizko parte hartzaile kopuru handiena izango du aurten. Izan ere, bi urtez taldekako Xilaba egin ondoren txapelketa banakako lehiara itzultzen den honetan, 28 bertsolarik hartuko dute parte. Irailaren 19an Hiriburun hasi eta azaroaren 21ean Donibane Lohizunen amaituko den Xilaba iragartzeko afixan olatu baten zipriztinak ageri dira, txapelketak eta bertsolaritzak uneotan bizi duten indarra aditzera emanez.

Inoiz izan den bertsolari kopuru handiena izanen da aurten Xilaban, eta hori kasualitatea ez dela baieztatu zuen Ortzi Idoate parte hartzaile eta antolatzaileak txapelketaren aurkezpenean: «Gure lanaren fruitua da». Urte luzez egindako lanaren ondorioz, «hoska bat gainditu» dutela gaineratu zuen: ziklo baten aldaketa eta urrunago joateko gaitasuna ere aipatu zituen.
Bide horretan, Bertsularien Elkarteak berak eta bertsolaritzak bilakaera arrakastatsua izan dute Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Xilaba aurkezteko afixan agertzen den olatua da horren irudia, bere zipriztinek parte hartzaile guztiak ukitzen dituzte, eta, txapelketaren bitartez, baita bertsozaleak ere. «Denak gaude bustiak», nabarmendu zuen Idoatek. Horren erakusle, elkartearen eskutik bertso eskolek berenganatutako tokia agerikoa da. Xilabaren azken bi edizioak taldekakoak izateak sortu duen giroa ere aipa daiteke, sortutako dinamikak bertsolari batzuk bakarka ere parte hartzera eraman baititu.
Xilabaren hasieratik presente izan diren bertsolariak, txapelketara itzuli direnak eta lehen aldiz ariko direnak atzeman daitezke izena eman duten 28 lagunen artean: Mizel Mateo, Xan Alkhat, Odei Barroso, Miren Artetxe, Bittor Thicoïpe, Elixabet Etxandi, Iker Altuna, Irati Alcantarilla, Josu Txoperena Iribarren, Pettan Prebende, Xumai Murua Berra, Maddalen Arzallus, Amets Arzallus, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Egoitz Zelaia, Ortzi Idoate, Aitor Servier Etxexuri, Oneka Arteaga, Battitt Crouspeyre, Gillen Hiribarren, Patxi Iriart, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Urreizti, Karman Diaz, Ramuntxo Christy, Bixente Hirigarai eta Johaine Sarraillet.
Epaile taldeko Zuhaitz Olazabal, Ainhoa Sarasua, Abel Zabala, Eneko Bidegain, Maialen Berra eta Lur Errenteria ere izan zituzten gogoan aurkezpenean, baita gai jartzaileak ere: Ihintza Ostolaza, Paul Moal, Antton Lannes, Joana Itzaina, Amaia Castorene, Aritz Bidegain, Amaiur Lujanbio, Lierni Elortza eta Pantxika Solorzano.
Parte hartuko duten 28 bertsolarietatik zortzi soilik dira emakumeak, parekotasunik urrun, baina bertsolaritzak Ipar Euskal Herrian bizi duen indartze bidean, emazteen tokia ere handitzeko moduan da. Bertso eskolak izan dira berpizkundearen oinarri, eta, Idoiatek aditzera eman zuen bezala, Eskolarteko Txapelketako finalean sei parte hartzaileetatik bost neskak izanik, belaunaldi gazteek bidea egitea besterik ez da falta parekotasunera gerturatzeko.
Toki berriak
Parte hartzaile kopurua handitzeak inoizko txapelketa luzeena antolatzea ekarri du. Hamar saio izanen dira, lau kanporaketa, hiru final-heren, bi final-aitzineko eta finala. Bertsolaritza Iparraldeko hiru lurraldeetan izaten ari den garapenaren erakusle, geografikoki ere hedatuko da txapelketa. Euskararen presentzia txikia den Bokale eta Bardozera helduko dira saioak, baita Hiriburura eta Ainhoara ere lehen aldiz. Finala, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekura itzuliko da aurten.
Txapelketa antolatzeko jaso duten laguntza nabarmendu zuen Idoatek aurkezpenean: «Herriko etxeek erakutsi duten prestutasuna aipatu behar da, guk aurrera egin dugu, eta beraiek gurekin etorri dira». Osasun krisi garaiotan prestutasun horrek daukan garrantzia ere azpimarratu zuen.
Covid-19a, bizitzako beste eremuetan bezala, presente izanen da Xilaban ere. Arauak betez, maskara erabiliz eta distantzia errespetatuz eginen da, eta, horrela egin ahal izateko, ikusleei saioetara lehenago hurbiltzeko eskatu diete, dena behar bezala prestatu ahal izateko. Xumai Murua parte hartzaile eta Bertsularien Elkarteko presidenteak nabarmendu zuenez, «Xilaba antolatu dugun aldiro, guretzako eta bertsozaleentzako besta izan da, eta oraingoan ere horrela izateko arauak eta errespetua beharrezkoak izanen dira».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
