Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Udako Izotz

Ereñotzun, Hernaniko auzoan sortu zen Izotz musika taldea 1989an. Harrigarria da 400 biztanle eskas dituen toki entitate txiki honetatik zenbat artista plazaratu diren, ezen Txirrita bertsolaria ekarriko dute gogora zaharrenek, Xabi Solano gazteenek, baina bitxia da Urumea errekak bustitzen duen auzotik zenbat sortzaile plazaratu den. Argiak, ordea, ez dira beti merezi duten haiengan guztiengan jartzen, itzalean gelditzen baitira asko, erdi-ilunean bestela.

Musikari onez betetako talde on bat zen Izotz, berbena estiloan aritzen zirenen artean atipikoa, besteek sortutako abestiak ere jotzen baitzituzten, baina batez ere heiek sortutako abestiak baitzituzten emanaldiaren ardatza. Ia hogei urtez alaitu zituzten Euskal Herriko bazterrak, bazuten entzuleria leiala, bazituzten jarraitzaileak, baina ahanzturaren gibeleko atetik joan ziren.

Itzaleko bat, Peio Macicior baxua, eraman du gaitzak, gazte zela oraino, ereñotzuarra, musikaria, xumea bezain distiratsua, ona benetan, pertsona. Bere azken agurrerako batu da Izotz “Lotan” abestia kantatzeko adiskide maiteari, Peioren hitzekin sortutako kantua: «zeru ilun eta arrats bustiaz, nago bakarti etxe hontan, nire azken lagunen begi hutsalak isilarazten ditut lotan». Adorez egin dio aurre gaitzari, adorez heldu bizitzari. Tira, harrigarria zait nolako harrabotsa sortzen duten artista arrotz anitzen heriotzak gure hedabideetan, eta zein isilik joaten diren lurrotan merezimendu gehiago irabazi dutenak. Soinu artean bizi eta soinurik egin gabe joan. «Goiz batez aldegin zenuen, esnatzian ohean etzeunden, lehen argiak itzali zintuen, ez nuen ulertzen. Amets izan zinen». Betiko argia Peio.