Euskal jantziak aurten kajoiean gordetzeko eskatu du Zarauzko Udalak

Irailaren 9an ez da inolako festarik izango Zarautzen, baina astean zehar hainbat ekitaldi antolatu da euskal kulturari bultzada emateko: bertsolari, dantzari eta trikitilarien txapelketak Modelo aretoan eta abesbatzen emanaldiak elizan.

Aurtengo Euskal Jaiak inoiz ez bezalakoak izango dira Zarautzen pandemiaren eraginez. Jende pilaketarik izan ez dadin, euskal jai egunean, irailaren 9an, ez da inolako festarik izango, baina astean zehar hainbat ekitaldi antolatu da euskal kulturari bultzada emateko.

Hala eman zuen jakitera Xabier Txurruka alkatea buru zuen udal ordezkaritzak, joan zen ostiralean, turismo bulegoan emandako prentsaurrekoan.

Txurrukak berak azaldu zuenez, «aurten euskal jai egunik gabeko euskal astea ospatzea tokatzen zaigu Zarautzen, baina Udalak mantendu egin nahi izan du euskal astearekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa eta horregatik, osasun neurri guztiak zainduta, bideragarria izango da urtero ospatzen ditugun txapelketa guztiak mantentzea».

Beste ekitaldi ireki batzuk, ordea, bertan behera geratu dira, hala nola haurren euskal jai eguna edo AEK-k antolatzen duen euskararen eguna. «Antolatzaileek ulertu zuten uda hau ez zela egokia ekitaldi horiek egiteko eta adostasunez bertan behera utzi genituen uda hasieran», azaldu zuen alkateak.

Gomendioa, ez debekua

Aurten bizi den egoera berezia kontuan hartuta, Zarauzko alkateak dei berezia egin zien herritarrei aurten euskal jaietako arropak «gordeta» edukitzeko datorren urtera arte.

Hori bai, argi utzi zuen gomendioa dela, eta ez debekua. «Ulertzen dut jende asko baserritarrez janzteko gogoarekin izango dela, baina ez da gomendagarria festarako dei hori egitea. Gu ez gara inor nola jantzi behar den esateko, baina esan nahi duguna da aurten jantziak kajoiean gordetzen baditugu, datorren urtean gustu handiagoz jantziko ditugula».

Mezu hori zarauztar guztiei behar bezala helarazteko, Udalak bideo bat prestatu du Andoni Egañaren bertso batekin, non musika eta plaza zaintzeko deia egiten duen.

Antolatutako ekitaldi gehienak Modelo aretoan izango dira eta gonbidapenak beharko dira bertara sartzeko, gaur gaueko bertsolarien finalerako izan ezik, hor sarrera ordaindu beharko da eta (3 euro).

Udal ordezkariek jakitera eman zutenez, sarrerak zein gonbidapenak leihatilan hartu beharko dira, emanaldiaren egunean bertan, hasi baino bi ordu lehenago. Gehienez lau sarrera hartu ahal izango du pertsona bakoitzak, baina familia ugariek sarrera gehiago hartzeko aukera izango dute, hala direla egiaztatuz gero.

Segurtasun baldintzei dagokienez, ikusleen artean 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da, emanaldiak irauten duen bitartean maskara jartzea derrigorrezkoa izango da eta ikusleak eserita egongo dira.

Irailaren 9an, festarik ez

Astean zehar bertsolari, trikitilari eta dantzarien txapelketak antolatu badira ere, alkateak argi utzi nahi izan zuen irailaren 9an, asteazkena, ez dela inolako festarik ospatuko. «Egoera kezkagarria bizi dugu eta okertu ez dadin, ezin dugu euskal jai eguna ospatu. Ikusi dugu zer gerta daitekeen festak edo “ez-festak” ospatzeko bidea ematen denean –jarraitu zuen–, baina uztailean Zarautzen gertatutakoaren ondoren, uste dut jendeak ikasi duela gauzak tentuz eginda, herriak irekita eta bizirik jarraitu dezakeela».

Herritarrek erantzukizunez jokatuko dutela espero duela esan bazuen ere, egun horretan poliziaren efektibo gehiago izango dela aurreratu zuen alkateak. «Goiz-goizetik kalean ibiliko da Udaltzaingoa eta Ertzaintza ospakizunik eta jende pilaketarik ez izateko».

Egun horretan Zarautza etor daitezkeen kanpotarren inguruan, Xabier Txurrukak esan zuenez, «asteazken buruzuria izanda, ez dugu espero jende asko etorriko denik». Hala ere, gogorarazi zuen gauez ez dela garraio publikorik izango eta taberna guztiek 01.00etan itxi beharko dituztela ateak.

Alkatetzaren bandoa irailaren 9ko ekitaldiak bertan behera uzten direla gogorarazteko eta arauak zehazteko

Irailaren 9ko euskal jai eguna oso errotuta dago zarauztarren artean, 1924. urtetik ospatu izan baita etenik gabe (1936ko gerrak eragindakoa izan ezik).

Horregatik, aurtengo egoera bereziaren aurrean, Alkatetzak bandoa plazaratu du irailaren 9ko ekitaldiak bertan behera uzten direla gogorarazteko, «bai Udalak berak antolatutakoak, bai talde, kuadrilla eta, oro har, festan parte hartzen duen eta kaleak girotzen dituen jende guztiak antolatutakoak».

Horrela, bandoak hainbat arau ezarri ditu jaien ospakizun egunetan kontuan izateko:

- Ezingo da erromeriarik edo musika edo dantza ikuskizunik egin espazio irekietan, ezta beste ekitaldi herrikoirik ere bide publikoan (desfileak, kaleko emanaldiak, kalez kaleko ikuskizunak edo jendearekin egiten direnak).

- Debekatuta dago bide publikoan salmenta postuak jartzea (kalez kaleko salmenta barne).

- Zarauzko ostalaritzako establezimenduen itxiera ordutegi berezia etenda dago. Hortaz, ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak goizaldeko 01:00ak baino lehen itxiko dira, eta 00:00etatik aurrera bezeroei ez zaie sartzen utziko eta ezingo da ezer zerbitzatu. Lokala itxita egongo da eta ezin izango da ireki goizeko 06:00ak arte.

- Ostalaritzako establezimenduek II taldeko baldintzak bete beharko dituzte; beraz, kategoria horretarako gehienez jarritako betebehar guztiak izango dituzte gai hauetan: musika, soinu ekipoak, bolumena, etab. Inola ere ezingo dira kanpoko barrak jarri.

- Udaltzaingoak zorrotz zainduko ditu bide publikoan baimenduta dauden okupazioak (mahaiak eta eserlekuak) eta gainerako baldintzak.

- Jenderik ez pilatzeko, guztiz debekatuta dago: “botiloia” egitea; kalean jatea eta edatea (tabernetako terrazetan eserita izan ezik); festa hauetan ohikoak diren ibilgailuekin kalean zirkulatzea (karroak, traktoreak, karrozak...); arriskua sor dezaketen ekitaldi edo jarduerak.

EGITARAUA:

Irailak 1, asteartea

• 19:00:

Modelo aretoan,

Helduen Binakako

Dantza Txapelketa.

Irailak 2, asteazkena

• 19:00:

Modelo aretoan,

Trikitilari Gazteen

XL. Txapelketa.

Irailak 3, osteguna

• 18:00:

Modelo aretoan,

Bikote Gazteen

Dantza Txapelketa.

Irailak 4, ostirala

• 22:00:

Modelo aretoan,

Bertsolari Gazteen

XLIV. Lizardi Sariaren

finala.

Irailak 5, larunbata

• 11:00:

Modelo aretoan,

XXXII. Aurresku

Txapelketa.

Irailak 8, asteartea

• 20:00:

Frantziskotarren elizan, Zarautz Abesbatzak

Salbea abestuko du.

Irailak 9, asteazkena

• 10:30:

Frantziskotarren elizan,

Meza Nagusia,

Schola Cantorum Abesbatzarekin.

Musika ta plaza

Musika-plaza hutsik, Euskal Jaien hatsa

guztion osasuna bakoitzagan datza.

Ttuntturro ta txakolin, antzerki ta dantza

aurten falteagatik, gora esperantza!

Pentsatuko bagenu ezetz ezer pasa…

biak gal genitzake musika ta plaza (bis).

Andoni Egaña