Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Egoera honetan, hain zuzen

Ni neu ez naizenez ama, ez dut lana eta familia bat egiteko arazorik: ez dut ordutegiei, otorduei, arropei, etxerako lanei, jolasei, ikastetxeei, inor behar den moduan hezteko eginkizun zailari... buruz kezkatu beharrik, neure lana ahalik eta txukunena egiten ahalegindu bitartean, neure lan-baldintzei eusten edo haiek hobetzen saiatu bitartean, neure etorkizun profesionalaz hausnartu bitartean. Hortaz, ez naiz ni pertsonarik aproposena kontziliazioaz aritzeko, izan ba ote den ala ez, eta, egotekotan, noren kontura dagoen lehen pertsonan adierazteko.

Printzipioz, behintzat. Izan ere, baditut begiak eta belarriak, guraso diren senideak, lagunak eta lankideak ondoan; badut batzuei eta besteei, gizonezko zein emakume, erreparatzeko eta entzuteko interesa, hedabideetatik jasotzen dudana eta errealitatea bat ote datozen egiaztatzeko grina etengabea; eta, batez ere, badut gobernuek pandemia hau oro har lortutako aurrerapen sozial guztiak eta bereziki genero-berdintasunari dagozkionak deuseztatzeko baliatuko ote duten ezinegon benetakoa.

Pandemiaren urteko ikasturtea nola amaitu zen ikusita, eta datorrenaren hasieran hezkuntza-arloan bizi izaten ari garen eskizofrenia ikaragarria ikusita, ez eskola-komunitate osoa soilik, denok egon beharko genuke kezkaturik eta kalean, hilaren 15ean, irakasle zein ikasle zein gurasoen aldarrikapenak babesten, ez daudelako jokoan eskola-afera hutsak baino ez, baizik eta baita izateko eskubide osoa duten bizi-eredu asko ere. Ez da broma alde horretatik etor daitekeena, eta arazoei aurre egiteko moduak dena dio gure agintarien ikuspegi eta asmoez. Esaterako, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak sindikatuen jarrera gaitzetsi du greba deialdia dela eta, esanez ez duela ulertzen egungo egoeran arazo gehiago sortzea, daudenak denon artean konpontzeko edozer gauza egiteko jarrera agertu beharrean. Alegia, penagarria iruditzen zaio langileen ordezkariek beren lana egitea, hots, langileen eta ikasleen eta haien familien ongizateaz eta bizi-kalitateaz arduratzea, eta, finean, herritarrok gure gobernuari kontuak eskatzea, bere lana behar bezalako aurreikuspenaz, egon badauden baliabide horniduraz, besteren parte hartzeaz eta ikuspegi zabaltasunaz betetzen ez duenean. Egoera honetan bezala, hain zuzen.

Hori ikusteko eta kritiko izateko, eta zaintza lehen baino are gehiago noren bizkarretik gauzaraziko duten zalantza izpirik gabe ulertzeko, ez dago zertan ama izan...